Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:00

TARTEA;2009-11-18;Shackletonen whiskiaren bila. Orain dela ehun urte Antartikan izoztutako bi kaxa whiski berreskuratzeko espedizioa egingo dute

Shackletonen whiskiaren bila

Orain dela ehun urte Antartikan izoztutako bi kaxa whiski berreskuratzeko espedizioa egingo dute

Xabier Martin.

Ernest Henry Shackleton irlandarra (1874-1922) hego polora inor baino lehen iristen saiatu zen, baina ez zuen lortu. 1907an, Nimrod itsasontzian abiatu zen Farthest South espedizioan, baina bi urte geroago amore eman zuen, helmuga 180 kilometrora zuenean. Negu gorria eta janari falta oztopo gaindiezinak izan ziren. Alta, espediozio kide guztiak bizirik itzuli ziren etxera. «Hildako lehoia baino, bizirik dagoen astoa nahiago izango zenuela pentsatu dut», esan zion emazteari Shackleton kapitainak.

1914an berriro saiatu zen espedizio eta barku berri batean: Endurance-n. Baina orduan ere porrot egin zuen, eta harik eta balentria handiagoa egin behar izan zuen bizirik irauteko. 1907ko Nimrod espedizioan, berriz, 3.000 kilometroko ibilbidea egin zuen Shackletonek Antartikan; 88º 23' hego latitudea ere harrapatu zuen, ordura arteko errekorra. Urtebete eman zuen Nimrod itsasontziak izotzetan, berriro Ingalaterrarako bidea hartu aurretik. Espedizio luze horren testigantza ematen duten hainbat txabola ikus daitezke Antartikan oraindik ere. Horietako batean ezustea jaso zuten txabolok ikertzen dituzten Zeelanda Berriko arkeologoek, 2006an. Egurrezko lurzoruaren azpian, izotzetan harrapaturik, 25 kaxa whiski aurkitu zituzten, MacKinlay & Co markakoak. Mende bateko izotz geruza gogorrak ez zien utzi haiek hartzen. Orain, berriz, whiskia Zeelanda Berrira eramateko erabakia hartu dute, eta datorren urteko ilbeltzean, Antartikako udan, espedizio bat aterako da izotza zulatzeko tresneria egokiarekin.

Norena da whiskia?

Shackletonen txabolaren azpian 25 kaxa whiski daude, baina arkeologoek bakarrik bi aterako dituzte. Antartika kudeatzen duten hamabi herrialdeek adostutako akordio batek horretara behartzen ditu Zeelanda Berriko arkeologoak. Botilak herrialde horretara eramango dituzte, whiskiaren inguruan hainbat ikerketa egiteko. Gero, bere lekura itzuliko dituzte berriro, Cape Roydseko txabolara.

Haatik, Whyte & Mackay Eskoziako destilategiak, McKinlay marka partitzen duenak, Shackletonen whiskiarekiko eskubideak badituela esan du. 1907ko espedizio hura hainbat enpresak babestu zuen, diruz eta hornigaiez. MacKinlay & Co enpresak whiskia eman zien abenturazaleei, eta, orain, botila horiek aztertu nahi ditu destilategiak.

Mende hasieran maltako kaxa whiski bakoitzak 28 xiling balio zuela dio Richard Patersonek, Whyte & Mackayren maisu dastatzaileak, baita Ernest Shackletonek idatzitako eskutitz bat duela, kaxak jaso zituela berretsiz. Patersonek botila bat eskatu du, ehun urte izotzetan egon den whiskiarekin zer gertatu den ikusteko irrikan baitago. Eskaera aintzat hartzen ez badute, lagin bat dastatzeko aukera eskatu du. «Kortxozko tapoiak egoera onean badaude, whiskia hobetu egingo zen ehun urteotan», dio. Kontua da erraza dela korrosioa agertu izana. Hala bada, zaporeak behera egingo zuen. Dena den, whiskia baldintza onean badago, Whyte & MacKay destilategiak halako zaporeko whiskia sortu eta ekoizteko asmoa agertu du.

Cape Roydseko etxolan Shackletonen eta haren gizonen 5.000 objektu agertu dira orain arte. Baina arkeologoentzat misterioa izaten jarraitzen du whiskia zergatik lurperatu zuten.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia