Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:00

KULTURA;2009-11-18;ĢIdazkunek benetakoak behar dute, garai hartakoak izan daitezkeelakoģ. Veleiako idazkunen benetakotasunaren aldeko artikulua argitaratu berri du Bordeleko Unibertsitateko Iker zentroko ikerlariak. Gorrotxategi eta Lakarraren tesien aurka egin du. Hector Iglesias. Euskal Ikasketetan doktore

Hector Iglesias.

Euskal Ikasketetan doktore

Veleiako idazkunen benetakotasunaren aldeko artikulua argitaratu berri du Bordeleko Unibertsitateko Iker zentroko ikerlariak. Gorrotxategi eta Lakarraren tesien aurka egin du.

«Idazkunek benetakoak behar dute,

garai hartakoak izan daitezkeelako»

Alberto Barandiaran.

Hector Iglesiasek (A Coruña, Galizia, 1967) hainbat ikerketa argitaratu ditu azken urteotan onomastikaz eta toponomastikaz, eta, bere azken artikuluan, Veleiako idazkunen benetakotasunaren aldeko frogak «ugari» direla idatzi du. Juan Martin Elexpururekin batera, bera da Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra EHUko katedradunei kritikak publikoki egin dizkien bigarren euskal filologoa. Idatziz erantzun die galderoi.

Idazkunen benetakotasuna ezin dela filologiatik epaitu idatzi duzu. Zergatik?

Filologia gizarte zientzia da. Ez da zientzia zehatz bat. Beraz, beti dudatxo bat geldituko da. Bi hizkuntzalari horiek aldarrikatzen dutena ez da zehatza, iritzi pertsonal bat da. Arkeologiak eta laborategiko analitikek beti gaina hartuko diote filologiari. Komunitate zientifikoaren aditu guztiek aspalditik onartutako oinarrizko printzipioa da. Orduan, egia jakiteko zer egin behar da? Laborategiko analitikak. Zenbaitek ez dute nahi analitika horiek egin daitezen. Jarrera hori ezin ulertuzkoa iruditzen zait, eta batez ere oso arraroa eta susmagarria.

Zure iritziz, idazkunak benetakoak dira. Faltsutasuna ez delako demostratu, ala garai hartakoak izan daitezkeela iruditzen zaizulako?

Nire iritziz, benetakoak izan behar dute, garai hartakoak izan daitezkeelako. Adibidez: denos inskripzioa. Gorrotxategik idazten du ez dela posible denoc irakurtzea, eta arrazoi du. Eransten du pertsona-izen bat izan litekeela, baina ezezaguna zaiola. Antroponimo zelta dugu izen hori, baina mundu osoan hamar bat adituk bakarrik ezagutzen dute. Nola da posible balizko faltsutzaile batek izen zelta hori ezagutzea eta Diputazioko txosten-egileek ez?

Neurri batean, euskal hizkuntzalaritzaren lerro nagusi edo onartuenaren aurka egiten ari zara.

Ni ez noa euskal hizkuntzalaritzaren lerro onartuenaren aurka, alderantziz baizik. Oso maila handiko euskalari ospetsu batzuen teoria gehienak nire ikerketatik indartuak ateratzen dira, adibidez [Rene] Lafonenak, [Henri] Gavelenak eta [George] Lacomberenak, [Koldo] Mitxelenarenak ahantzi gabe.

Beste era batera esanda, egungo bi hizkuntzalari ospetsuenen autoritate akademikoa zalantzan jartzen ari zara?

Nor dira bi ospetsuenak? Nire ikerketa-artikuluan hizkuntzalari ospetsu asko aipatzen dira. Orduan, nor dira «egungo bi ospetsuenak»? Eta zergatik bi, eta ez hiru edo lau? Autoritate akademikoa? [Ernest] Einsteinek bere teoria famatua asmatu zuelarik ez zuen autoritate akademiko-rik batere. Bulego ilun batean menpeko langile purtzil eta pobre bat zen. [Jean-François] Champolionek ere, karaktere hieroglifikoak dezifratu zituelarik, garai hartako jakintsuek beretaz trufatzen ziren. Zer da autoritate akademikoa? Hemen denak doktoreak eta ikertzaileak gara. Eta doktoreak ez direnek ere guk bezainbat balio dute ikerketaren munduan, niretzat bederen ez da duda izpirik. Zerbait aurkitzeko behar da oroz gainetik bilatu.

Iker laborategiko ikerlariek Gorrotxategi eta Lakarraren ondorioak babestu dituzte idazki baten bidez. Zure artikulua baztertzen dutela iruditzen zaizu?

Iker laborategiko ikerlariak, baina nor? Nik testu anonimo, oso orokor eta zehaztugabea irakurri dut Interneten. Ni ere Iker laborategiko ikerlari kidea naiz, eta ez dut deus izenpetu ezta ikusi ere. Eta nire izena, nire deitura eta nire ikerketak ez dira sekulan aipatuak testu horretan. Nik bederen ez dakit norentzat den. Iker laborategiko ikerlari gehienek elkar ezagutzen dugu, baina, haietarik bihi batek ez ditu nire ikerketa-artikulua eta hor aipatzen diren argudioak zalantzan jarri, ezta argudio bat ere. Orduan, pentsatzekoa da nire argudioak onartzen dituztela. Ni eztabaidatzeko prest nago, baina serioski.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia