2009-11-10
Antzerki emanaldietarako diru laguntza 275.000 eurotara igo du Jaurlaritzak
Sustatutako emanaldi kopurua 75etik 115era igo da; 2010eko urtarrilera arte iraungo du programak
Erredakzioa.
DonostiaAntzerki emanaldien kontratazioan gertatu den motelaldia ikusirik -%30 jaitsi zen 2009ko lehen seihilekoan-, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak programa berezi bat abiarazteko aukera planteatu zuen, alegia, antzerkigintzako euskal enpresa eta aretoei bultzada bat ematea. Hasiera batean, 57 ikuskizunetarako 150.000 euroko aurreikuspena bazuen ere, «sektoreak izan duen harrera bikainak hartaratuta», hasierako aurrekontu hori 274.616 eurotaraino igotzea deliberatu du Eusko Jaurlaritzak. Hau da, hasierako aurrekontua %83 handitu behar izan du.
Antzerkia Bultzatuz izena du programak; gazteentzako nahiz helduentzako aretoko ikuskizunak hartzen ditu bere barnean, eta 2010eko urtarrilera arte iraungo du. Sustatutako emanaldi kopurua hasieran aurreikusitako 75etik 115era igo da, %53, alegia. Hori dela eta, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Antonio Riverak esan duenez, «erantzuna bikaina izan da, kontuan hartuta, gainera, programaren deialdia urgentea izan zela, hots, udan tramitatu behar izan zela, programazio gehiena jada itxita zegoela urteko azken hiruhilekoari begira, eta kasu askotan udal aurrekontuak dagoeneko erabiliak zeudela».
Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak erakundearekin elkarlanean diseinatu eta antolatu dute programa, sektorea ordezkatzen duen erakunde horrek aurkeztu baitzion Kultura Sailari egoeraren gaineko eboluzioari buruzko proposamena. Estreinakoz egin dute denboraldi baten kontratazioa hiru eragile horien elkarlanaren emaitza gisa: aretoak, Eusko Jaurlaritza eta antzerki konpainiak. Riverak esan duenez, «proiektuak ez du bilatzen sektorearen egiturazko arazoak konpontzea, baizik eta indarrean dauden oraingo programekin modu osagarrian programa aringarri bat osatzea, euskal emanaldien kontratazioa lehenbailehen areagotzeko eta, ondorioz, EAEko udal antzokietan enplegua eta euskal ikuskizunen kopurua emendatzea».
Antzerkia Bultzatuz programaren bidez egin den diru ekarpenari esker, %28 igo da Sareako udal antzokietako euskal antzerki programazioa, batez ere euren kasa programatzeko arazoak dituzten udalerrietan, non programak eskaintzen dituen 115 emanaldietatik %60tik gora taularatu dituzten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
