Martxa baten lehen notak
Aldearekin nagusitu da Maialen Lujanbio Bergarako lehen finalaurrekoan, Aitor Mendiluzeren aurretik
Oso tarte zabala izan da sailkapenean lehen lau sailkatuen artean
Beñat Zamalloa.
BergaraHasieratik bukaera arte dotore asmatu zuen Maialen Lujanbiok finalaurrekoen martxaren lehen notak interpretatzen. Lehen puntuaren erantzunean ez, gainontzeko ariketa guztietan nabarmendu zen, argindarrarekin zein argindarrik barik, Jon Martinek eta biek zortziko txikia hasia zutela. Aitor Mendiluze ere gertu izan zuen interpretazioan, harik eta kartzelako lanean aldea luzatu zion arte: martxaren lehen notek goia jo zuten Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak doinuarekin kale istilu batean lanean ari zen argazkilariaren ahotik jardun zenean. Hiru bertsotako obra biribila egin zuen. Notatik notara, doinuak berba lagun, giro berezia sortu zuen 1.550 entzule inguruz betetako Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Lau urte ziren txapelketetako oholtzara igo ez zenetik, aurreko finaletik, eta lehen notek martxa baten lehen edo azken noten antza ere hartu zuten.
Lujanbio eta Mendiluzeren ondotik, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Etxahun Lekue eta Fredi Paia sailkatu ziren hurrenez hurren. Aldeak handiak izan ziren sailkapenean, eta saioan ere, maila gora eta behera ibili zen. Bizi joan zen saioa, eta batzuetan, biziegi ere gidatu zuen Alaitz Rekondok.
Zortziko handian, Mendiluze eta Martin haurdun zeuden bi emakumeren ahotik jardun ziren. «Emaginaren kontsultako itxarongelan zaudete. Aurrean duzue A gripearen aurkako txertoa hartzea gomendatzen duen kartela», bukatu zuen gaia Rekondok. Mendiluze txukun aritu zen Martini bideak zabaltzen. «Nere haurtxoa jarri nahi nuke / printzipioen gainetik», bota zion lehen bertsoan Martinek. Galdera batekin zabaldu zion bidea Mendiluzek: «Eta txertoa hobea dela / zeinek ziurtatzen dizu?». «Haurrai iritzi bat eskatuta / ezin erantzun oraindik / b aina eskua hemen jarrita / ostikada bat eman dit», erantzun zion eskua sabelean jarrita. Keinu bera egin zuen Mendiluzek, baina bestelako erantzuna jaso zuen: «Nik ere hemen jarri eskua / ta neureak ere dale / baina neurea izan dedila / ondo dagoen seinale».
Gaurkotasuneko gaia izan zuten Lujanbiok eta Gaztelumendik ere: «Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da, eta oraintxe sartu zarete biak epaitegira». «Ama den harek umetokia / besteen bizitza bizigai / nere semean ama naiz baina / neska harena ere bai», bukatu zuen lehen bertsoa Lujanbiok. «Ez dit ardura zenbat urtean / dihoan ziegara bera / nere semea ere hil baitzen / neskanarekin batera», jarraitu zion Gaztelumendik. Barkamena eskatzea etorri zitzaion burura Lujanbio gurasoari: «Eska dezaket errukia edo / belaunikatu lurrean / baina barkatu ze hitz hutsa den / heriotzaren aurrean».
Argirik barik
«Herri bereko bi herritar zarete. Zu, Jon, igandero joaten zara mezatara, eta eliza erdi hutsik egoten da. Gaur telebista meza grabatzera datorrela-eta, inoiz ez bezala,Maialen ere etorri da». Martin ari zen kantuan bertsoaren erdian argi-indarra joan zenean. Egoera ikusita bertsolariarekin bat egin zuten bertsozaleek, eta azken puntuaren errepikapenean ozen lagundu zioten. Lujanbio zuen kantukide, eta egoera bikain baliatu zuen: «Etorriko nitzake / e' nintzake damu / koro hau zenutela / jakin izan banu». Martin bigarrena kantatzen ari zela itzuli zen argia, eta berriro baliatu zuen egoera Lujanbiok: «Jainkoa ere dabil / estu eta larri / ni elizara ez naiz / ez azaltzen sarri / baina ez iteko kargu / hori herritar horri / jainkoa ere badabil / joan eta etorri».
Lehen puntuei erantzun eta sei puntuko motzean jardun ostean, argazkilariaren rolean jardun ziren bertsolariak kartzelan. «Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura, eta lanean hasteko unea da», jarri zien gaia Rekondok. Afganistanera egin zuen Paiak. «Negatiboa gaur positibo / bilakatzarik ez dago», bukatu zuen lehena. Mundura jo zuen Martinek ere, India hegora.
Lekuek, Gaztelumendik eta Mendiluzek istripua aukeratu zuten. Gorpuari argazkia ateratzen arraro sentitu arren, atera beharra izan zion Mendiluzek: «Egin diot klik bakarra / bihar famaren aparra / baina sentipen arraroa da / batzutan gogor samarra / denek bi begi itxitakoan / nik bat zabaldu beharra». Hurrengo egunean argitara emango zen: «Baina badakit egunkarian / zer pasako den gerora: / txuri beltzean atera arren / gorria ikusiko da». Gaztelumendik beldurrez atera zizkion:«Gorputz atal denak ditut / zoom eta guzti atera / ta argazki baten bila / hor zabaldu det kartera / semea izan zitekeen / zorionez ez da bera».
Sailkapena
Bertso hautatua
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
