Berria.info

Osteguna, 2010ko irailak 9 -

2009-11-04

Etorkizunari baikortasunez heldu dio Etxek 'Heldu eskutik' bigarren diskoan

Sentimendu gazi-gozoak dira nagusi musikariak kaleratu duen lanik rockeroenean

Julen Nafarrate.

Bilbo

Iñaki Etxezarraga Etxe kantariak eskua luzatu die entzuleei berarekin bidaia egin dezaten. Hamaika abestiz osatutako bidaia honek hamaika sentimendu utzi ditu agerian: malenkonia, alaitasuna, tristezia, maitasuna...

Heldu eskutik bigarren lan honetan bi mezu kontrajarri lotu nahi izan ditu 25 urteko berriztarrak. Musikaren doinuak bizitasuna eta erritmo bizia baldin badu ere, hitzek tristezia ukitu bat ere ematen diote, sentipen gazi-gozoa utziz.

Baga Biga diskoetxearekin kaleratu du azken disko hau, eta, zalantzarik gabe, Etxeren aurrekoak baino rock kutsu handiagoa du. Aurretik rocka eta popa uztartzeko joera izan du, baina orain rockaren aldeko hautua egin du: «Barrutik irten zaidan zerbait izan da, gorputzak eskatzen zidan. Zuzenekoetan konturatzen hasi ginen giroa lasaiegia zela, eta indar gehiago emateko kantu biziagoak egin ditugu».

Hertzainak, Zarama eta Doctor Deseo taldeak gogoan izan ditu Etxek Heldu eskutik sortzerako orduan. «Musikalki hamar urte berandu jaio naizela iruditzen zait».

Sentimenduz betetako lana proposatu du Etxek, eta lan honen hitzetan nabari da hori. Irailean anaia galdu zuen, eta abesti baten hitzak aldatu zituen, hari eskaintzeko. Berrizko musikariak atzo aurkeztu zuen diskoa, bere anaiaren urtebetetzean, eta hari oparitu zion diskoa.

Iragana ahaztu barik etorkizunari baikortasunez heldu nahi izan dio. Esaterako, mezu hori argi ikusten da Mikel Laboari eskaini dion kantuan: «Alaitasunez gogoratzen dut. Laboak transmititu zidan alaitasuna abestian islatzen saiatu naiz».

Maitasuna izan da lan osoaren ardatza. Etxek aitortu duenez, «abesti gehienetan agertzen da maitasuna, baina modu ezberdinean: anaiaz hitz egitean, Euskal Herriaz, lagunez...».

Moso eta Duhalde

Etxek ez du bakarrik hasi bigarren disko honen bidaia. Roberto Moso Zarama taldeko abeslaria eta Anje Duhalde bakarlaria izan ditu bidelagun. «Plazer handia izan da Roberto Mosorekin lan egitea. Anjerekin ere oso gustura ibili naiz, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarrizketa egin dugu abestian». I Have a Dream abestian Martin Luther King-en borroka ere gogoan izan du bakarlariak.

Azaroaren 21ean emango du Etxek lan berriaren lehenengo kontzertua, bere herriko kultur etxean. Berrizko kontzertuaren ondoren, Donostian eta Durangon ere zuzenekoak egingo ditu, azaroaren 26an eta 27an.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia