2009-11-04
Odriozolaren mintzoa
Elena Odriozolak jaso du lehen Ilustrazioko Euskadi saria, 'Aplastamiento de las gotas' albumeko marrazkiengatik
Ilustrazioek narratibotasun eta poetika berezkoa dutela nabarmendu du epaimahaiak
Irune Berro.
BilboAplastamiento de las gotas albumean Elena Odriozolak (Donostia, 1967) sorturiko marrazkiek berez hitz egiten dute. Badute horretarako aski indarrik. Baita haurrentzat eta helduentzat bereizitako estetiken muga lausotzeko ere. Halaxe arrazoitu du Daniel Martin buru izan duen epaimahaiak Odriozolari Ilustrazioko Euskadi saria emateko erabakia.
Julio Cortazarren helduentzako kontakizun bat ilustratu du Odriozolak, Espainiako Laberinto de las Artes argitaletxearen enkarguz. Aplastamiento de las gotas album saritua da argitaletxearen «eskakizun ederraren eta marrazkilariaren lan eskergaren» emaitza. Argitaletxe txikia da Laberinto de las Artes, eta eskariaren araberako zabalpena egiten du. Hortaz, gaur-gaurkoz zaila da Odriozolaren liburua Euskal Herriko liburu dendetan aurkitzea.
Cortazarren literatur lana ilustratzea «erronka handia» izan dela azaldu du marrazkilariak. Baita «opari bat» ere. Izan ere, «askatasun osoz» lan egin duela adierazi du, eta ondorioz, unean unean sortutako marrazkiekin eroso eta gustura sentitu dela dio. «Gustatzen zaidan lana egin dut, eta lan horrengatik saria jasotzea are pozgarriagoa da», ospatu du ilustratzaileak Euskadi saria jasotzean sentitu duen poz bikoitza.
Edozelako muga barik behar egin du Odriozolak. Testuak iradokitakoari soilik jarraitu dio. Marrazteari ekiten dioenean, ez baititu gogoan hartzen ez haurrak ez helduak. «Testuari erreparatzen diot, eta hark eramaten nau toki batera edo bestera». Hautabide horri segika sortu ditu Aplastamiento de las gotas albumeko irudiak. Horregatik ondu ditu umeentzako zein helduentzako egoki izan daitezkeen marrazkiak. Horretarako, Historias de cronopios y famas lanean Julio Cortazarrek euri tantak deskribatzeko baliaturiko hitzetan oin hartu du Odriozolak. Haatik, «istorio berri eta iradokitzailea» osatu duela nabarmendu du epaimahaiak.
Cortazarren kontakizuna intimista da oso, eta giro malenkoniatsu batean harrapaturiko bikote baten amodio-desamodiozko sentimenekin nahasten dira euri tantak. Gizakiak lotsatiak eta gardenak dira, euri tanten modukoak. Martinen iritziz, «gizaki horien arima transmititzen dute Odriozolaren marrazki dotore eta sentiberek». Are, Odriozolak Cortazarren istorioaren «interpretazio ausart eta zaila» egin duela defenditu du, «malenkoniari buruzko gogoeta egiteko bide xume eta sotila baina era berean indartsua aukeratuz».
Martinekin batera, Asun Agiriano, Iban Barrenetxea, Jesus Maria Fernandez eta Susana Jodra aritu dira epaile. Odriozolaren Aplastamiento de las gotas albuma ez ezik, Eider Eibarrek ilustraturiko Anekdotak, Iraia Okinaren Ilania, Mikel Valverderen El pirata Pepe y los animales eta Odriozolaren beste liburu bat ere, Un secreto del bosque, hautatu dituzte finalista. Guztien artetik, baina, Aplastamiento de las gotas albuma gailendu da. Hala, Ilustrazioko aurreneko Euskadi saria jaso du Odriozolak, arlo horretako saria aurten eman baitu lehendabizikoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.
Ilustrazioa
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
