Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:57

TARTEA;2009-10-29;EZARIAN. ASTERIXEN 50. URTEURRENA. Iritzia. Asterix, heroi garaitua

Asterix, heroi garaitua

Iritzia

Igor Leturia. - Komikizale blogaria

http://eibar.org/blogak/e-gorblog

Komikirik bada mundu guztian zehar haur zein helduen artean, komikizale izan nahiz ez, zale ugari dituena, hori Asterix da. Inperio handien aurkako herri txikien erresistentzia kontatzen da galiar honen istorioetan, umore eta abenturaz lagunduta. Gaur betetzen dira 50 urte Asterixen komikiak argitaratzen ari direla. Baina ez dago ezer askorik ospatzeko...

Urteurrena Albert Uderzo Asterixen marrazkigilearen eta haren alaba Sylvieren arteko ika-mika latzaren erdi-erdian dator, komunikabideetan akusazio gogorrak (eta are irainak) eta auzitegiak ere direla tarteko. Eztabaidaren kausa: Uderzo aitak, orain arteko iritzia aldatuz, haren heriotzaren ondoren Asterixen album gehiago ateratzea baimendu izana, bide batez Albert-René haren argitaletxearen gehiengoa Hachette handiari salduz; alabak dio Asterixen memoria traizionatzea dela hori, baina batzuek argitaletxearen kontrola galdu izanari egozten diote haren haserrea.

Niri galdetzen badidazue, Asterixen izpiritua garbi mantendu nahi bazuten, 1977an René Goscinny gidoilari handia hiltzean abandonatu behar zuen Uderzok bion artean sortutako pertsonaia. Orain beste egile batzuk Asterixen abenturekin jarraitzea? Tira, ez dute Uderzok baino lan txarragoa egingo. Berak bakarrean perpetratutako istorioak zentzurik gabekoak dira, inozoak, chauvinistak, batere graziarik gabeak... Eta ez naiz bakarra hau pentsatzen duena, jende askok kritikatu du Uderzok Asterixen albumak argitaratzen jarraitzea. Baina 50. urteurren hau ospatzeko atera duen album berriaren sarreran dioena oso argigarria da: Uderzoren ustez, salmenten arrakastak frogatzen du zuzen zegoela eta justifikatzen du hala egin izana. Izan ere, Asterixek aspaldi utzi zion euskaldunok geure egin genuen inperialismoaren aurkako heroi ausart zintzo hura izateari; Obelix eta konpainia albumean ez bezala, merkantilismoak garaitu du, eta orain dirua egiteko makina besterik ez da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia