2009-10-29
Veleiako fisikariak ez du 'froga erabakigarriak' argitzerik lortu
Eliseo Gilen taldeko Ruben Cerdanek bost mila euro pasatxo jaso zuen egin gabeko analitiketan oinarritutako txostenengatik
Azken aste hauetan hiru inputatuek eta adituen batzordeko kideek deklaratu dute
Alberto Barandiaran.
GasteizVeleiako idazkunak «zalantza izpirik gabe» benetakoak zirela erakusten zuen froga ez omen da existitzen. Ez zen inoiz egin. Eta, hala ere, CEA-CNRSko laborategietan (Paris) egindako espektroskopia nuklearreko analitiketan oinarritutako txostenengatik, Iruña-Okako aztarnategia zuzentzen zuen Lurmen enpresak 5.817,40 euroko faktura igorri zion Arabako Foru Aldundiari. Eta taldeko fisikari nuklear Ruben Cerdanek 5.065,15 euro jaso zituen 2006ko maiatzaren 8an. Frantziako laborategian ez dute, hala ere, horren berririk. Ez dute horrelako analitikarik gogoan. Inork ez du Cerdanekin hitz egin. Faktura horren arrastorik ez dute.
Eliseo Gilen taldeak CNRSko laborategietako analitika horiexen gainean oinarritu zuen bere defentsa, aurkikuntzen balioa defenditzera 2006ko azaroaren 24an prentsaurrera atera zenean. Orduan nabarmendu zutenez, espektroskopia nuklearraren bidez, idazkunen gaineko patina aztertzea zen helburua, eta testuak arkeologikoki frogatutako estratigrafiarekin bat zetozela ondorioztatu ahal izan zuten; hau da, idazkunak estratoek erakusten zuten garaikoak zirela frogatu omen zuten.
Ruben Cerdan ere agerraldi hartan izan zen, eta, orduan azaldu zuenez, gaur egungo atmosferan usuzkoak diren elementuak agertzen ote diren analizatu zuten analitiketan, bereziki 210 beruna eta 137 zesioa. «Elementu horiek etengabe erortzen ari dira gure gainean, eta grafitoetan ez badaude, esan dezakegu ez direla gaur egungoak». «Gainera», esan zuen Ruben Cerdanek: «Patina honek erakusten duen garapen kimikoa, zehatz esanda hainbat elementutan antzematen den katioen tasaren aldakuntza, soilik denborak sortzen du; hau da, teknikoki ezinezkoa da laborategian egitea, ezin da faltsutu».
Cerdanek hilaren 15ean deklaratu zuen Roquetas de Marreko Instrukzio 1. epaitegian (Almeria, Espainia), Eliseo Gilen, Ruben Escribanoren eta bere aurka zabalik dagoen auziaren barruan. Ezin izan zuen eskatzen ziotena frogatu: analitika horiek benetan egin ziren edo ez.
Adituen deklarazioak
Cerdanen deklarazioa ez da izan egunotan entzun den bakarra. Azken asteotan, auzipetutakoak ez ezik, idazkunen benetakotasunaren aurka hitz egin eta idatzi zuten EHUko adituak ere Arabako auzitegian izan dira, Diputazioak aztarnategiaren hiru arduradunen aurka jarritako kereila dela eta. Baina Eliseo Gilek fisikari nuklear gisa aurkeztu zuen Cerdanen deklarazioa, garrantzitsuenetakoa ez ezik, esanguratsuenetakoa zen. Berak egin zuen CNRSko emaitzetan oinarritutako txostena, eta txosten hori erabakigarria izan zen, erabakigarriena beharbada, Joakin Gorrotxategi, Joseba Lakarra eta Juan Jose Larrea EHUko irakasleek aurkikuntzak egin eta hilabete batzuetara egin zituzten lehen kritikak ezetsi eta gaitzesteko.
Hiru katedradunek, 2006ko azaroaren 18an eta 20an argitaratutako prentsa artikuluetan, «harrigarritzat» jo zuten III. mendeko euskal hitzak, idazki latinak eta hieroglifikoak erakusten zituzten idazkunen azalpena, eta froga gehiago eskatu zituzten. Eliseo Gilen taldeak, hain zuzen ere, horixe kritikatu zuen, froga gehiago eskatzea. «Oso larria da metodo arkeologikoa eta hura balioesteko analitikak zalantzan jartzea», esan zuen Idoia Filloyk, talde osoaren izenean, 2006ko azaroaren 24an emandako prentsaurrekoan. Eta aurkikuntzaz jendaurrean agertutako zalantzak «arduragabeak eta gaizki dokumentatuak» zirela frogatzearren, besteak beste Parisko laborategietako analitiketan oinarritutako dokumentuak plazaratu zituzten.
Hil honen 15eko deklarazioan, Cerdanek esan zuen zeramika pusketako patina aztertzeko ikerketak egin egin zirela, baina berak ez zituela enkargatu. Bere txostena osatzeko ikerketako emaitzak baliatu zituela nabarmendu zuen, baina ez zuen laborategietako inongo dokumentazio idatzirik aurkeztu.
Egiazki analitika horiek benetan egin zirenik inork ez du frogatu, ez behintzat gaur arte, eta CNRSko laborategietako arduradunek ukatu egin dute lan hori egin izana.
Ruben Cerdanen deklarazioaren erantzun lauso eta dudazkoek -Alemaniako enpresa bati enkargatutako beste analisi batengatik 2.434,10 euro kobratu zuela onartu zuen, nahiz eta enpresak dioen txostenean agertzen dena haren softwarearen irudiaren kopia bat dela-, are harrigarriago egiten dute Veleiaren inguruan gertatutakoa. Duela bi asteko deklarazioan, Cerdanek ez zuen eman bere gaitasun akademikoaren gaineko inolako frogarik, eta ez zuen erantzun nahi izan bere titulazioari buruzko galderarik. Baina «adituei erantzuteko gaitasun nahikoa» bazuela nabarmendu zuen hala ere.
Eliseo Gilen lanaren aldeko txostenak
Maiatzaz geroztik, azterketa filologiko, egiptologiko eta arkeologiko gehiago aurkeztu dituzte
A.B.
GasteizAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
