Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:54

KULTURA;2009-10-28;Kantuaren muinean. Anari, Petti, Mikel Urdangarin eta Txuma Murugarrenek berbaldi musikatuak egingo dituzte Plateruenan

Kantuaren muinean

Anari, Petti, Mikel Urdangarin eta Txuma Murugarrenek berbaldi musikatuak egingo dituzte Plateruenan

Irune Berro.

Bilbo

Areto txiki bihurtuko dute Plateruena kafe antzokiko agertokia, eta artista ez ezik publikoa ere bilduko dute bertan, oholtza gainean. Kantuaren kantoia ekimenean abestia izango da ardatz, eta musikariek bakarrik ez, entzuleek ere parte hartuko dute saioan, tarteka galderak eginez, tarteka arretaz entzunez. «Ez dira elkarrizketak izango, ez eta kontzertuak ere, berbaldi musikatuak baizik», adierazi du Asier Iturriagak, Durangoko Plateruena kafe antzokiko arduradunak (Bizkaia).

Anari, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti izango dira Kantuaren kantoia-n, bihartik azaroaren 19ra bitartean. Juanan Hernandez kazetariak gidatuko ditu saioak, baina, itxura guztien arabera, bakarrak eta errepikaezinak izango dira emanaldiak. Izan ere, sortzaileak erabakiko du uneoro zein bide hartu, zer abestu, zer kontatu, zer isildu. Musikaz mintzatu edo musika ez beste gaiez jardun.

Anarik eta Urdangarinek disko berria izanagatik, lan horien aurkezpen ekitaldirik ez dutela egingo nabarmendu du Iturriagak. «Kantuaren kantoia deitu diogu ekimen honi, ez Kantugilearen kantoia, protagonista eta ardatza kantua bera baita».

Txuma Murugarren, esate baterako, kantuen sortze prozesuaz mintzatuko da. «Ideia etortzen zaionetik kantu bihurtu arteko prozesua azalduko du». Bide horren berri emango du hitzez eta kantuz.

Artistaren atzean, pertsona

Ahotsa eta gitarra baino ez dutela azalduko dira musikariak jendaurrera. Akustikoan emango dituzte, beraz, abestiak. Batzuetan, berenak; besteetan, bertsioak. Izan ere, kantuarekin berarekin egingo dute bidea, eta, bide horretan, beste artistaren baten erreferentziarik ateratzen bada, haren abestiren bat emateko arazorik ez dute izango musikari gonbidatuek.

Bidean aurrera, emeki-emeki, artistaren atzean dagoen pertsona azaleratuz joango dela uste du Iturriagak. «Biluztuz joango da artistaren atzean dagoen pertsona agertu arte». Emanaldietan horrenbestez artistaren alderdi ezezaguna jorratuko dutelakoan dago. Hartara, artistaren eta publikoaren arteko distantzia txikiagotuko dute. «Musikariak mitifikatuta daude nolabait esatearren, eta ohiko kontzertutik ihes eginez eta bestelako eskaintza bat proposatuz artista eta publikoaren arteko hesia gainditu nahi izan dugu». Ehun bat lagunentzako tokia egokitu dute, eta sarrera doakoa izango da.

Kantuaren kantoia ekimeneko lehen saioak ondo ateraz gero, halako gehiago egingo dituztela aurreratu du Iturriagak.

 

Egitaraua



Anari. Bihar.

Mikel Urdangarin. Azaroak 5.

Txuma Murugarren. Azaroak 12.

Petti. Azaroak 19.

Emanaldi guztiak Durangoko Plateruena kafe antzokian izango dira, 20:00etan hasita.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia