Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:54

KULTURA;2009-10-25;EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA. SEIGARREN FINAL-LAURDENA. Analisia. Lehenengo sariak

Lehenengo sariak

Analisia

Iñaki Aurrekoetxea

Final-laurdenak amaitu dira eta badugu dagoeneko finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolarien zerrenda. Sailkatutakoak dira, beraz, Txapelketako lehendabiziko sarituak. Bejondeiela. Niri Laudioko saioak gorputz ona utzi dit, eta bat-bateko analisi honetan, esker oneko bezain eskuzabal, sari bereziak ematera nator. Barka biezadate sarituek, sari-emate materialik ezean, aipamen xumearekin konformatu beharra.

Bertso Eskola eraginkorrenari saria ALBEri. Hiru kidek kantatu dute final-laurdenetan, eta hirurek egin dute aurrera. Konbentzioz erdalgune deritzogun horretan dihardu Algortako Bertso Eskolak, eta Txapelketa Nagusian Uriak eta Paiatarrek urratsen ari diren bidea nago bertsogintzaren historian eta, zergatik ez, euskalgintzarenean ere, aipamena merezi duela. Hiruk kantatu dute, baina atzetik beste hogeita hamahiru izan dituzte saiorik saio babesa ematen. Talde lan polita egiten ari dira. Bertan banatu behar dut, gainera, hurrengo saria ere.

Erregulartasunari saria Fredi Paiari. Mendi errusiarrean gora eta behera bere saltsan espero nuen anaietan zaharrena, eta hori izango da agian, zahartzen ari dela, baina inoiz baino erregularrago ikusi dut algortarra. Ez bera bakarrik, atzoko lehen lau sailkatuek ezaugarri hori izan zuten sailkapenerako argudio nagusi. Paia erregularretik gora aritu zen gainera, hamarrekoan eta kartzelan bere lan onenak osatuaz. Baina deigarria egin zitzaidan huts nabarmenik egin ez izana; atzeko kartelean Toquerorekin alderatzen zuten lagunek, eta badirudi jokalari bilbotarraren lanerako buzoa jantzi zuela atzokoan. Hurrengo sarian ere badu parterik.

Txori erresiñola saria Miren Amurizari. Saio dotorea, ahots dotorez. Bizkaiko azken txapelketan norbaitekin aipatu nuen ahotsaren indarra gehiegi nabarmentzen ote zebilen, baina badirudi ikasi duela arma horri etekina neurriz ateratzen. Hamarreko txikiko saio itzela egin zuen Paiarekin, elkar erantzunez, batek ateratako elementuekin besteak bidean aurrera eginez. Fase honetako ofizioko lan onenari saria merezi dute honenbestez, baina barkatuko didazue sari hau ofizio puntuatuenari baino, ez horren puntuatu bati ematen badiot.

Ofizio onenari saria Zubeldiari eta Silveirari. Zarautzen zortziko txikian egin zuten lana bere neurrian ez zela baloratu iruditzen zait. Bikain ibili ziren biak, arrantza kontuetan bizi, erantzunez tarteka eta erreferentzietan asmatuz. Saioa beste behin entzun eta gero, ez dut ulertu Silveirari emandako puntuazioa, parean behar zutelako biak. Ifrentzua dezente jaso du lesakarrak, baina urrea berak oparitu zigun, bide batez ofiziolari onenaren saria merezitzeraino, hiru lan oso aberats osatu baitzituen. Sari gehiago ere sortu ditzaket, nola ez: Kartzelako saria Beñat Gaztelumendiri eta Ainhoa Agirreazaldegiri emango nieke (hemen ere puntuatuenaren parean bestea), Lurralde saria bizkaitarrei (hamarretik zazpik egin dute aurrera)... baina karaktere mugak harrapatu egin nau. Zorionak aurrera egin duten bertsolariei eta musu bana ateetan geratu direnei: Amaia Agirre, Iratxe Ibarra, Unai Agirre...

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia