Berria.info

Asteartea, 2010ko otsailak 9 -

2009-10-21

Ukronia ilustratua

Giro surrealistaz bustitako eleberri grafikoa argitaratu dute Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak

Alberto Barandiaran.

Iruñea

Independentzia gerra gertatu da, eta Espainiak jada galdua dauka Euskal Herria. Orain, Euskal Errepublika Askea Frantziako Estatupean dago, baina batuta. Euskara hizkuntza ofiziala da frantsesarekin batera, eta ez dago euskaldunen eta espainolen arteko gatazkarik. Alderantziz, espainolek galdutako nazionalitatea berreskuratu nahi dute orain, kosta ahala kosta.

Errepublika honetan, Joanes Apaolaza kazetaria ohiko bikote harreman baten barruko ohiko arazoei buruz mintzo da neska-lagunarekin; gero Bernart Mirande euskal esentzialista elkarrizketatuko du; eta Euskal Iruna, SBIO, LLL eta gisako alderdiek menperatutako politika giroan, errazkerian erori gabe mitinak laburbiltzeko moduaz gogoeta egingo du.

Giro surrealista honetan bizi da Ihes Ederra (Alberdania), Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak jaio duten eleberri grafiko argitaratu berria. Euskal komikilaritzari haize ezberdina ekarri dion lana. Erreferentziaz betetako ikusmira poliedrikoa, askea eta probokatzaile nahi lukeena.

«Ez dugu independentzia perfekturik nahi» dio Etxartek. «Eta libre ezin izan garenez, gutxienez erabaki dezagun noren menpeko izan nahi dugun, Aukera hori utzi nahi genuen».

Idazlea eta marrazkilaria

Idazleak eta marrazkilariak elkar ia ezagutu gabe ekin zioten lanari. Eta elkar ezagutu dute egin duten bitartean. Hasieran ilustrazioen bidezko istorioa zena, azkenean eleberri grafiko bilakatu zen, bien arteko harremanak hala eraginda, ia nahi gabe.«Ez genuen gura lehen irudi eleberria egin», dio Urrutiak, «ez genuen ezer berritzailea egin nahi, poesia, irudiak, argazkiak batuko zituen zerbait, baina proiektuak berak eskatu duen zerbait izan da». «Komikia oso sakona izan zitekeela ohartu ginen» gaineratu du Etxartek, «eta testua barneko gogoa emateko erabiltzea erabaki genuen, eta irudia, berriz, kanpoan gertatzen dena irudikatzeko».

Sakona zer den, azala zer den, hori oso garrantzizkotzat jotzen dute bi egileek. Eleberria, berez, erreferentziaz beteta dago. Poemak daude orri bazterrean, eta ingelesezko hitzaurreak, eta frantsesezko gibel solasak; errifle eta helikopteroen krokisak daude, eta historia hurbileko aipu ugari; sukalde errezetak, eta kazetetako artikulu zatiak. Sarean konektatuta irakurri beharreko komikia, norbaitek esan duen bezala.

«Irakurtzea ariketa intelektuala da» erantzun du Etxartek, testua bera kriptikoegia edo jasoegia ez ote den geratu galdetuta. «Bada joera bat, esaterako, zinemako jendea literaturara hurbiltzeko. Horrek ez du zentzurik, jende gutxik irakurtzen du, eta irakurtzen dutenak unibertsitatean ikasitakoak dira. Ezer errazteak ez du zentzurik».

Urrutiarentzat, erreferentziak ezinbestekoak dira, azken finean bi egile dituen lan bat delako. Le journal du Pays Basque-ren 2009ko urtarrilaren 11ko aleko zati bat sartzea, Koldo Izagirreren irudia ekartzea, Ni basques ni fachos dioen pintaketa UPN izeneko alderdi batek sinatzea, frantziarrei «kolono pretentzioso» eta espainolei «alferrak» deitzea, dena bi egileen pentsaera ulertzen laguntzeko keinuak dira, beraz .

Alain M. Urrutiak horrela laburbildu du Hedoi Etxarteren gidoia. «Hedoi ezagutzen duen edozeinek gidoian ikusten du. Arrunta ez den edo, behintzat, oro har oso ugari ez den pentsamendua dauka, norberaren buruarekin eztabaida betierekoa daukan pertsona batena, alegia. Gidoia, azken finean, gauza guztiak ezbaian jartzen dituen lagun batena da».

Hedoi Etxartek horrela laburbildu du Alain M. Urrutiaren marrazteko era. «Oso errealista da, oso argia, ez doa errazkeriara, sofistikazio handira edo karikaturetara. Irudiek mugimendua gordetzen dute, baina geldi ikusten ditugu. Aukeratu dituen planoak inoiz ez dira bortxatuak. Jakin du begiratzen, eta prozesu horrek, eta estiloen konbinaketak, asko ase nau».

Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) Suzko liliak poesia liburua (Susa) karrikaratu zuen 2008an, eta Gaston Lagaffe gaztearen komikia euskarara itzuli du. Alain M. Urrutia (Bilbo, 1981) artista grafikoak, berriz, hainbat erakusketa egin ditu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia