Taldean zein bakarka prestatzen dira bertsolariak, bakarkakoa taldera eramanez eta taldekoa bakarkakora. Uztaritzen jokatuko da gaurko final-laurdena, eta bihar Zarautzen
Gerta ala gerta
Beñat Zamalloa.
Zarautz / LarrabetzuBertsolaritzan oro har oso giro ona dago, eta oso lagunak gara, eta abar, baina gero, bat-batean lehia bat da, eta saiatzen gara azken unera arte lehiari garrantzia kentzen -«beste saio bat da», «betikoa egitea da»...-. Tripak ez du hori esaten, ez delako egia osoa. Azkenean, lehia da, eta lehia horretan, arau batzuk daude, eta arau horien barruan entrenatzeko denbora gutxi hartzen dugu, neurri batean errazagoa eta politagoa delako jolas moduan hartu, lagun giroan hartu», Uxue Alberdiren berbetan. Txapelketa gertatzeko Zarauzko bertso eskolan elkartzen dira Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Muñoa, Xabier Sukia, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Luis Otamendi.
Muñoa eta Gaztelumendi gaur ariko dira Uztaritzen, baita Arkaitz Estiballes eta Xabi Paya ere; Erika Lagoma eta Aitor Sarriegi izango dituzte beste bi kantu-lagunak. Estiballesek eta Payak Larrabetzun egiten dituzte entrenamenduak Fredi Paiarekin eta Etxahun Lekuerekin. «Andoni Egañak bi termino erabiltzen ditu: simulazioa eta disimulazioa. Esaten du guk hemen egiten duguna simulazioa dela egoera simulatzen dugulako. Oso inportantea da egoera apur bat aurreikusteko. Gero, disimulazioa deitzen dio bakarkako lan horri, zure barruko mekanismoak lantzeari», azaldu du Payak txapelduna ahora ekarriz.
Txapelketa disimulazio «handiarekin» ulertu behar delakoan dago Sukia: «Txapelketa horretara bideratuta dagoela uste dut. Gaur egun, landu egin behar da txapelketara joateko. Lanik ez baduzu egiten, zaila da txapelketan aurrera egitea». Prestatzea zer den zehaztea «zaila» da, Gaztelumendiren arabera. «Gu biltzen gara hemen, eta esaten dugu prestatzen ari garela, baina zuk etxean liburu bat hartzen duzunean ere ari zara», garatu zuen. Agirreazaldegik poltsa betetzen du: «Niri txapelketa urtean gertatzen zait: edukiei, elkarrizketei, liburuei... arreta handiagoa jartzen diet, eta gero, aurkitzen ditut poltsan apunte pila bat. Ez dakit zer edo zer egiten dudan apunte horiekin, baina interesatzen zaizkidan edukiei askoz ere arreta handiago jartzen diet».
Entrenatzaileak
Bertsolariek entrenatzailea izanez gero, txapelketari «zuku handiagoa» ateratzeko modua izango lukete Agirreazaldegiren ustez: «Da zerbait bertsolariok ez daukaguna, eta orduan, dena zuk egin behar duzu: zure zortzi-hamar orduak lan egin gehi egiteko dauzkazun beste gauzak gehi motibazioa bilatu txapelketarako eta abar. Alde horretatik, nik uste dut huts egiten dugula, eduki beharko genuela norbait pixka bat gure martxa markatuko lukeena. Orduan, askoz ere emaitza hobeak emango genituzke bakoitzak bere mailan. Oso gogorra da eguneroko martxan beste mila gauza dauzkazunean motibazio eta diziplina hori topatzea».
Alberdik ez du horren argi ikusi: «Edukiko bagenu entrenatzaile bat, agian, taldea ez genuke edukiko. Bakoitzak entrenatzaile bat baldin bagenu, ez genuke elkar hainbeste ezagutuko, agian, beste alde bateko urduritasuna edukiko genuke». Muñoak, ostera, hartuko luke: «Nire bertsolari izaeraren ikuspegi objektiboago bat eta zintzoago bat ikusteko, eta esateko nire benetako ezaugarri onak eta esplota ditzakedanak zein diren, eta indartu beharko nituzkeenak eta landu beharko nituzkeenak zein diren». Ez du bere burua gai ikusten argazki objektiboa egiteko. «Honek asebetetzen nau lagunartean nagoelako eta estimatzen zaituztedalako, baina ez du asebetetzen hainbeste nire entrenamendu beharra. Gero, ni ez naiz hain autodiziplinatua, hau da, nik hemendik kanpo ez dut ezer egin, ni ez naiz jarri etxean bost minutuan ez dakit zer egiten», jarraitu du.
Simulatzen
«Elkarri jartzen dizkiogu gaiak, eta azkeneko esprintean hasi garenez, txapelketako ariketak egiten ditugu. Lehenago hasiz gero, probatu ahalko genuke bestelako gauzekin, buruak ere behar izaten duelako txapelketako ariketa horietatik irtetea, baina denborarik ez geneukanez, txapelketako egitura hartu eta txapelketako saio bat egiten dugu azkenean», aritu da entrenamenduen nondik norakoez Alberdi. Gauza bera egiten dute Larrabetzun ere: txapelketako saio bat egin, eta iruzkindu. «Bertsotan egiteak baino gehiago, beste iruzkin horiek dira laguntzen dutenak», dio Lekuek. Nahiz eta beti zintzo jokatzea ez erraza izan, Muñoaren iritziz: «Erraztasun handiagoa daukagu gustatu zaizkigun gauzak esateko, gustatu ez zaizkigunak baino: gustatu ez direnak normalean isiltasunak salatzen ditu, eta gustatzen zaizkigunak esaten ditugu».
Entrenamenduen bidez jartzen dute burua txapelketaren moldera. «Zeinek gutxiago zeinek gehiago, plazetan kantatzen dugu, eta plazetan kantatzeko estiloak baditugu, eta horrek balio du segurtasun aldetik eta errodaje aldetik, baina txapelketan ez da egiten plazan bezala ez duelako balio izaten. Jabetze lan handia da, jabetzea zer egiten duzun», dio Alberdik. «Laborategiko lana» ezinbestekotzat jotzen du Payak, egokitzeko: «Txapelketan noranahiko izatea eskatzen zaigu, puntu erantzunetan oso ona baldin bazara, ederto, baina horrekin ez zoaz inora. Denean ibili behar duzu ondo. Ezinbestekoa da laborategiko lana egitea, laborategiko emankizuna delako txapelketa».
Txapelketa aurretik gerta ala gerta, eta txapelketan gerta ala gerta, txapelketatik txapelketara jauzia igartzen du Estiballesek: «Berez nahiko alferrak gara, eta urte osoan gutxi egiten dugu, eta txapelketa aitzakia ona izaten da entrenatzeko. Txapelketatik txapelketara nabaritzen dugu, gero, koska bat behintzat igo dugula gure bertso maila».
Uztaritzeko final-laurdeneko bertsolariak
Xabi Paya
26 urte, Algorta
Aitor Sarriegi
32 urte, Beasain
Erika Lagoma
28 urte, Lesaka
Unai Muñoa
27 urte, Lasarte
Beñat Gaztelumendi
22 urte, Donostia
Arkaitz Estiballes
32 urte, Galdakao
Doinu berria plazaratuko du Unai Muñoak Uztaritzeko saioan
Zarauzko final-laurdeneko bertsolariak
Iratxe Ibarra
34 urte, Markina
Xabier Silveira
32 urte, Lesaka
Iker Zubeldia
28 urte, Zegama
Unai Agirre
33 urte, Hernani
Oihane Perea
31 urte, Gasteiz
Joxe Munduate
36 urte, Ataun
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
