LED teknologia erabilita egindako seinale berriak jarri dituzte Artean. Ikusmen baldintza txarretan ere, betiko seinaleak baino sei aldiz urrunagotik ikusiko dira.
Hobeto ikusteko eginak
Ibai Maruri.
ArteaLehen begiratuan bide seinale arruntak direla dirudite, baina ez da hala. Alde nabarmenak daude Artean (Bizkaia) jarri dituzten seinale berrien eta haietatik metro eskasetara dauden betikoen artean. Kanpotik jasotzen duten argitasunaz gain -naturala zein ibilgailuek bidalitakoa-, ikuspena gehitzen duen argiztapen sistema propioa ere badaukate. Horri esker, hobeto ikusten dira gidarien segurtasuna handituz, eta energia gehiago aurrezten da.
Urban Light dute izena seinale horiek. Ceprenor eta LmBilbao enpresek egin dituzte, elkarlanean. Iker Iturbe da aurrenekoaren zuzendaria. Haren esanetan, beraien helburu nagusiak errepideetako segurtasuna handitzea, eta auto istripuetan hildakoen kopurua txikitzea dira nagusiki. Alde horretatik, ez dute aldaketa zenbaterainokoa izan daitekeen adierazten duen datu zehatzik. Izan ere, horiek dira jarri dituzten lehenak. Baina ezbeharrak dezente gutxituko direla espero dute. «Ikusmen baldintza txarretan, lainotuta dagoen egunetan edo gauez, kasurako, seinale arruntak ikus daitezkeen distantziatik baino sei aldiz urrunagotik ikus daitezke. Zenbat eta urrunagotik ikusi, gidariak maniobratzeko asti gehiago izango du». Baldintzak aproposak direnean, berriz, 3. mailakoak dira, argia islatzeari dagokionez. Alegia, goren mailan daude, kanpotik jasotzen duten argitasuna islatzen duten materialak neurtzeko eskalan.
Ingurumenari mesede
LmBilbaoko zuzendari Iñigo Karideren esanetan, argi uniformetasuna lortu dute seinale osoan. «Barruan argia duten edo kanpotik bidaltzen zaien gaur egungo seinaleak baino hobeto ikusten dira, horri esker». Muturretan argi foku txikiak jarri dizkiete, eta argi horrek seinalearen puntu bakoitza ukitzen duenean islatu egiten du, eta foku berri bihurtu. Alegia, LED teknologia erabilita egin dituzte. Hala, energia dezente aurreztuko dute. «Gutxi gorabehera, bonbilla batek baino 7 aldiz argindar gutxiago xahutuko du urteko». Hori horrela, hiri batek horrelako 2.000 seinale jarriko balitu, bi urtean milioi erdi euro baino gehiago aurreztuko lituzke, energiari dagokionez.
Aluminioz eginda daude seinale hauek. Altzairuz egindako ohikoak baino askoz gogorragoak eta erresistenteagoak dira. Kolpe eta dardarek gutxiago eragiten diete. Eguraldi aldaketek ere ez diete hainbeste kalte egiten. Hartara, denbora gehiago irauten dute. Dagokien lekuan jartzea erraza dela diote, nahiz eta argindar sareari lotuta egon behar duten. Mantenimendu gutxi eskatzen dute. Egiterakoan ere hamar aldiz energia gutxiago erabiltzen da, eta birziklatzeko errazagoak dira.
Arratiako herri txiki honetan jarri dituzte aurreneko seinaleak. Alberto Etxebarria alkatearen arabera, 300 biztanle diren arren, berrikuntzaren eta teknologia berrien alde edozein hiri handik beste egin dezaketela adierazten du horrek.
Karideren esanetan, beste batzuetan ere aurki jarriko dituzte. Besteak beste, Mungian, Sopelan, Zornotzan, Erandion eta Berangon laster ikusi ahal izango dira (Bizkaia). Horretaz aparte, urriaren 27tik 30era Madrilen egingo den Trafic 2009 azokan aurkeztuko dituzte. Horri esker, Euskal Herrian ez ezik beste herrialde batzuetan euren produktua zabaltzeko aukera izango dute.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
