Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-10-16

Gaurtik aurrera ikusgai izango da zinemetan Muguruzaren 'Checkpoint rock'

Palestinako kultura «iluntasunean» dagoela iritzita egin zuen hango musikari buruzko lana Fermin Muguruzak

G.G.

Ohiko zinemetan ikusgai izango da gaurtik aurrera Fermin Muguruzaren Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina (Checkpoint Rock. Kantuak Palestinatik) pelikula. Iazko irailean grabatu zuten dokumental musikala Palestinan eta Israelen. Orain arte, jaialdietan eta gisakoetan soilik eman dute. Gaurtik aurrera, ordea, ohiko zinemetan ikusi ahal izango da.

Palestinako musikak eta, oro har, kulturak jasaten duen «iluntasuna» salatu, eta hura argitara eraman nahi izan du pelikularekin Fermin Muguruza kantariak. Horretarako, Palestinara bertara joan eta musikariekin elkarrizketak egin, eta haien musika grabatu zuen. Besteak beste, Tel Aviveko (Israel) auzo arabiarretan, eta Zisjordaniako eta Gazako (Palestina) errefuxiatu esparruetan aritu ziren grabatzen. Lan hori egiteko oztopo ugari gainditu behar izan zituzten bidean, Israelgo soldaduen kontrol zorrotzak, besteak beste -horregatik darama filmak checkpoint izen gisara-.

Iragan apirilaren 30ean estreinatu zuten Chechpoint Rock. Canciones desde Palestina, Donostian, Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren itxiera ekitaldiaren barruan. Geroztik, Donostiako Zinemaldian ere eman izan dute, Zinemira sailean.

Fermin Muguruzarekin batera, Javier Corcuera ere aritu da pelikularen arduradun, produktore gisa. K2000 eta Filmanova enpresek ekoitzi dute.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia