Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-10-11

Asteburuko topaketa zena urte osoko jarduna bihurtu du Galeuscak, katalanez, galegoz eta euskaraz lan egiten duten idazleen arteko elkarteak. Federazioa sortuta, asteburu honetan Arantzazun ari dira.

Galeuscaren birsortzea

Alberto Barandiaran.

Oñati

Elkarri zer kontatua franko bazutela erabaki eta hogeita sei urtera, katalanez, galegoz eta euskaraz lan egiten duten idazleen elkarteak, Galeuscak, urrats bat aurrera egin eta asteburuko topaketa izatetik urte osoko lan jardun iraunkorra egitera jauzi egin du. Erabakia, berez, joan den urtean Valentzian eta Suecan egin zen batzarrean hartu zuten hiru elkarteek, eta atzo, Arantzazun, bide hori beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa ere badela berretsi zuten.

Batzarrean, berez, lau lantegi antolatuta zeuden, egituraketaz, egiletzaz, sozializazioaz eta zabalkundeaz jarduteko. Egituraketari buruzkoan, hamabost bat lagunek parte hartu zuten, tartean hiru elkarteetako lehendakariek, eta bizia eta emankorra gertatu zen, urte osoan egin nahi duten lan horri ikusten dizkioten gabeziak nabarmendu eta hemendik aurrera zer egitura eta zein lan molde hobetsi beharko liratekeen eztabaidatu baitzuten. Mahai gainean jarri ziren proposamenen artean, urte osoan ekitaldi gehiago banatu, elkarte bakoitzak kide bat izendatu Galeusca Federazioaren barruan lan egiteko, eta hizkuntzarekin lotutako aferetan, esaterako Egunkaria auzian, ahots bateratua izatea.

Partaideetako batek garbi esan zuen: «Neurri batean, Galeusca birsortzen ari gara».

Hiru elkarteen federazioa

Berez, Galeusca beste zerbait da dagoeneko. Hiru elkarteek federazio batean biltzea lortu berri dute, kostata bada ere, eta horrek eskubidea ematen die, kanpoan, aurrerantzean, elkarrekin aritzeko. Esaterako, legediaren inguruan Madrilera negoziatzera joan behar dutenean, edo Bruselan eskakizunak egin behar dituztenean.

Lehen urtea joanda, balorazioaren eguna izan zen atzokoa. Guillem-Jordi Graells Kataluniako idazleen elkarteko lehendakariak abiapuntua jarri zuen Elkarteak eta federazioak izeneko txostenarekin. Txostenean, elkarteen objektibo eta ekimenak berriro zehaztu beharra zegoela nabarmendu zuen, eta aldarrikapen profesionalak lehenetsi behar zirela. Atzo, kritika egin bainoago, «akuilatu» nahi zuela azaldu zuen. «Badakigu batzuentzat elkartzea eta topaketa bera egitea garrantzitsua dela, baina guretzat lehentasunak beste batzuk dira. Eta lehentasun horiek guztiak elkarrekin adostu behar ditugu».

Graellsentzat, unean uneko ekimen mugatuak eta monografikoak dira garrantzitsuenak, eta hori guztia aurrez ikus daiteke. Eta horrek elkarlana eskatzen du. «Askotan esan ohi da gu aurreratuago gaudela,baina horrek esan nahi ohi du besteek baino lehenago pairatzen ditugula erasoak, ez besterik. Esate baterako, argitaletxeen kontzentrazio prozesuak jasaten lehenak, gu izan gara. Zer nahi dugu? Madrilen eta Bruselan elkartuta joan. Indarrak batu. Guk garbi daukagu nahiago dugula batuta joan gurekin zerikusi handiagoa dutenekin, gaztelaniaz idazten dutenekin baino».

Urte osorako ekitaldiak

Idazle galegoen elkarteko lehendakari Cesareo Sanchez Iglesiasek orain arte egindakoa nabarmendu nahi izan zuen. Eta urrats garrantzitsuak egin direla esan zuen Arantzazun. Zehazki bi aipatu zituen, gaztelaniaren alde hainbat intelektualek kaleratutako idazkariari Galeuscak eman zion erantzuna, alde batetik, eta elkarte bakoitzak urte osoan egiten dituen ekitaldietan beste bi elkarteetako ordezkariak ere egoteko ahalegina, bestetik.

«Hemendik aurrera idazleak gizartean duen betekizunari emango diogu garrantzi handiagoa. Saiatuko gara elkarlana iraunkorragoa egiten, idazlearen duintasuna bilatzen. Gainera, orain idazleen elkarteen Europako federazioko kideak gara, eta horri esker nazioarteko eztabaidaguneetan ere gure ahotsa entzun ahal izango da».

Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak ere aurten egindako lana goraipatu zuen. Hugoenea idazleen etxea proiektua, esaterako, hiru elkarteentzako proiektua da, eta aurten hamabost idazle izan dira han, Pasaian. «Beraz, urteko topaketa zena, urte osoko ekimenak aurrera daramatzan elkartea bihurtu da. Gehiago egin behar dugu, dudarik ez, eta horretan ari gara, baina gure motzean, uste dut historia egiten ari garela».

Ostiralean, idazleei ongi etorria egitean, Bitoriano Gandiagaren gogoak erabili zituen. Elorrirenak. «Elorriaren erronka, handia bezain saihestezina, irautea baita. Arantzaz beteriko bazterrean beti».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia