Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:52

kultura;2009-10-08;Iru–a-Veleiako grafitoen auzia argitzeko galdegin du herritar talde batek. Arabako aztarnategiko idazkunen faltsutasuna ez dagoela Įbehar bezalaČ frogatuta salatu dute manifestu batean

Iruña-Veleiako grafitoen auzia argitzeko galdegin du herritar talde batek

Arabako aztarnategiko idazkunen faltsutasuna ez dagoela «behar bezala» frogatuta salatu dute manifestu batean

Edurne Begiristain.

Gasteiz

Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen inguruko auzia argitzeko eskatu du herritar talde batek manifestu baten bidez. 2005ean eta 2006an Arabako aztarnategian agertutako idazkunen faltsutasuna ez dagoela «behar bezala» frogatuta salatu dute, eta Arabako Foru Aldundiari galdegin diote «berriz pentsa» dezala Lurmen SM enpresari indusketa baimena kentzeko erabakia, eta atzera bota dezala Eliseo Gil taldearen aurka jarritako kereila.

Besteak beste, kultura, historia, irakaskuntza eta euskalgintzan diharduten hogeita hamar lagunek babestu dute manifestua -tartean sinadura eman dute Eloi Beato eta Gorka Aginagalde aktoreek, Asier Otamendi eta Oihane Perea bertsolariek, eta Kike Fernandez de Pinedo filologoak-. Halaber, azaroaren 19ra arte manifestuaren aldeko sinadurak bilduko dituzte www.sos-veleia.org webgunean, eta, horren ostean, Arabako Diputaziora igorriko dituzte.

Manifestuari babesa agertu dioten lagunak «kezkatuta» agertu dira Veleiako auziak hartutako norabidearekin, eta honako hiru eskaera zehatz hauek egin dizkiete gai horretan eskumena duten eragileei: ikertutako piezek hasierako egoeran jarraitzen dutela konproba dezatela, grafitoen analisi eta ikerketa zientifiko berriak egitea agin dezatela, eta auzian zerikusia izan duten aldeekin loturarik ez duten arkeologo «entzutetsuek» indusketa kontrolatuak egin ditzatela aurretik seinalatutako lekuetan.

Sinatzaileek uste dute Veleiako idazkunak benetakoak izan daitezkeela, eta hori frogatzen duten geologo, mediku, arkeologo, filologo eta egiptologoen txostenak badirela gogoratu dute. Halaber, gogor kritikatu dituzte auzian izandako «irregulartasunak», eta Arabako Diputazioa eta EHU egin dituzte horren erantzule.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia