Saio orekatuena eta zirtolariena eginda Jone Uria sailkatu da lehenengo, Zestoako final-laurden beroan Uxue Alberdi sailkatu da bigarren; ale politak entzun dira saio gorabeheratsuan" />

Berria.info

Astelehena, 2014ko apirilak 21 - 18:29

kultura;2009-10-04;Ezustekoa ziri artetik. Saio orekatuena eta zirtolariena eginda Jone Uria sailkatu da lehenengo, Zestoako final-laurden beroan Uxue Alberdi sailkatu da bigarren; ale politak entzun dira saio gorabeheratsuan

Ezustekoa ziri artetik

Saio orekatuena eta zirtolariena eginda Jone Uria sailkatu da lehenengo, Zestoako final-laurden beroan

Uxue Alberdi sailkatu da bigarren; ale politak entzun dira saio gorabeheratsuan

Beñat Zamalloa.

Zestoa

Zirikatzaile, saio orekatua eginda lortu zuen, atzo, Zestoan jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen final-laurdenean, Jone Uriak lehen sailkatzea. Eskolartekoetan hainbat txapel jantzi bazituen ere, eta Bizkaikoan lan txukuna egin bazuen ere, ez zen faboritoetakoa. Gurutzeaga pilotalekuan batutako entzuleak ere bereganatu eta plaza berotu zituen zortziko handian Oihana Bartrarekin egindako estraineko ariketan. Orekatua egin zuen saioa Uxue Alberdik ere eta ale batzuetan goia ere jo zuen.

Gora beheratsuagoa izan zen, ordea, Iñaki Gurrutxagak, Bartrak, Miren Artetxek eta Odei Barrosok egin zuten lana. Dena dela, giroa bero mantendu zen saioan zehar 750 entzulez lepo betetako pilotalekuan.

Ofiziokako lehen ariketan, zortziko handian, Alberdi eta Gurrutxaga Inemeko langileak biak kafea hartzera joan ziren goizerdian, langabeen ilada utzita. «Kafeak ez du minik baretzen / gure begitan inola / ilarakoek pentsatzen dute / ez zaikigula axola / ta egunero luzeago da / Inemen aurreko kola / iruditzen zait laister munduai / buelta emango diola». Abestu zuen estraineko bertsoan Alberdik.

Bartrarekin aritu zen Uria. «Ez da denbora asko hauen semea etxetik joan zela. Orain sartu da atetik. Tupperware hutsak eskuan dituela», jarri zien gaia Inazio Usarraldek. Aitaren ahotik jardun zen Uria eta amarenetik Bartra. Amak semearik disimulatzeko lotsarik ere ez duela kantatu ostean horrela erantzun zion Uria aitak: «Aita ni nauka eta uste dut / dela aitaren berdina: / nik ere berdin egingo nuke / inoiz banandu bagina». Handiagotik handiagora bertsoaldia bide beretik bukatu zuen: «Badakizu ama hemen daukazu / zuk behar duzunerako».

Zortziko txikian, Gurrutxaga eta Uria elkarrekin aritu ziren. «Bi lagun zarete. Uda herriz herri festaz festa pasatu duzue. Jone, asteburu honetan aurreko asteko toki berera joatea proposatu dizu Iñakik, baina zuk ez duzu nahi», egokitu zitzaien gaia. Zestoan bertan kokatu zuten egoera. Bertan ligatu zuelako itzuli gura zuen Gurrutxaga lagunak: «Zuk topatu mutila / nik badaukat neska / ta nik topatu banuen / horren zaila 're ez da». Uriak honela erantzun zion: Niri ez zaizkit gustatzen / mutiko giputzak / hitz egin asko baina / gero, zozo hutsak». Ondarrurantz egingo zuen hurrengo bertsoan: «Banoa Bizkaiara / Ondarrura buelta / mutil guapoak daude / Ondarrun tarteka / hoiei ez zaie ulertu / behar izaten-ta».

Hiru punturi erantzun eta gero, hamarreko txikian jardun ziren. Artetxek Gurrutxaga haurdun zegoen emakumeari lan elkarrizketa batean bere egoera ez aipatzeko gomendatu zion. «Lanpostu asko dago / ume bat bakarra», bukatu zuen bigarren bertsoa Gurrutxagak. Honela erantzun zion Artetxek: «Zure barruko garra / hor atera zaizu / ta umearen ama / zu zeu zara aizu / baina e' nioke egingo / nik sen horri kasu / tripa bat edozertan / duzu enbarazu / eurotan zenbatuta / erabaki zazu». Trabatu egin zen hirugarren erantzunean Artetxe eta bertsoaldia ezin izan zuen borobildu. Ondoren, kartzelan, berriro trabatu eta poto egin zuen.

«Ama alabak zarete. Gaur Oihana alabaren ezkontza eguna da, eta bi ordu daramatzazue Oihanaren bikotekidearen zain», aurkeztu zien gaia Usarraldek Bartra eta Alberdiri. Txukun hasi ziren, nahiz eta gero, jarraitzen horrenbeste ez asmatu. «Aspaldi eman nizun / arrazoi sakona / ezkontzea ez zala / hain ideia ona», bukatu zuen ariketako estraineko bertsoa Alberdik. «Badakit Aitor dala / potro handi itzela / baina seguru nago / agertuko dela», izan zen Bartraren erantzuna.

Sinatzeko zorian

«Eskuartean duzu sinatu beharreko papera», egokitu zitzaien kartzelarako gaia. Hamarreko txikiko gaiari heldu zion Bartrak: «Papel honetxen aurrean biok / bi ordu badaramagu / sinatu edota ez sinatu / jokatu behar ondradu / azken batean gure eskutan / etorkizuna daukagu. / Nire amak hartu dit kargu / ez du nahi jokatu malgu / hala ta ere Aitor ta biok / ezkondu egingo gara gu / oso berandu heldu da baina niretzat ez da berandu».

Gurrutxagak Orixe Sariketan atera zuen doinuarekin kantatu zuen, eta azken bertsoan argitu zuen egoera:



Iñaki Gurrutxaga:

Jueza daukat aurrean

aspaldi egin dit planto

tinta ere kargatu du

berak bere lumantzako.

Sinadura eskatu dit

bota dut eta beharko

ta bizimodu berria

omen daukagu biharko.

Pentsatu izan dut

ezkondu, baina zertako?

Baina ez nun geratu nahi

gure gizartetik kanpo

garaipen bat ere bada

homosexualentzako.




Ezkontzaren hautua egin zue Barrosok ere, baina heterosexualen arteko ezkontzarena. «Gure bizitza ez dago / hain ongi bideratua / paper batean idazten / badugu gure patua», bukatu zuen bigarren bertsoa. Alberdik genero biolentziatik landu zuen gaia, eta ale politak utzi zituen. Artetxe etorkinaren ahotik jardun zen kantuan. Uriak adopzioa hartu zuen kantagai. «Nahiz badakidan beti esaten / den gauza berbera dela / seguru nago maiteko dugu / gurea balitz bezela», bukaeraz entzuleak jabetu eta entzuleen laguntzaz bukatu zituzten ariketa puntuagarriak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia