Gaztela eta Frantzia arteko bidean, garrantzitsua baina aldi berean zaila izan zen Lizarrateko pasabidea Erdi Aroan. Galtzadaren hiru ibilbide erakutsi dituzte indusketek; bide lan izugarria egin zen Gipuzkoa aldeko malda gainditzeko.
Garai berria galtzada zaharrarentzat
Pantxike Agirre.
Irailaren erdialdera amaitu zuen Aranzadik San Adriango tunelean eta inguruetan egindako indusketa arkeologikoen bigarren kanpaina. Lehenengo fasean ateratako ondorioak baieztatzeko balio izan du, eta orduan azalera atera zituzten hainbat elementu hobeto kokatzeko. «Litekeena da han zegoen gaztelua Gipuzkoako handiena izatea azaleran: izan ere, bide sistema eta egitura oso handia eratu zuten haren inguruan», ondorioztatu du Alfonso Morazak, Manu Zeberiorekin batera indusketen zuzendari denak.
1.035 metrora dago Lizarrateko pasabidea, San Adrian izenarekin ezaguna; Aizkorri mendilerrora sarbidea da Goierritik doazen mendizaleentzat. Antzina, ordea, Araba eta Gipuzkoa arteko komunikabide izan zen denbora luzean, eta nafarrekiko harremanetan ere leku garrantzitsua. Otzaurtetik (Zegama) abiatuta dagoen malda erakargarria da egungo mendizaleentzat, baina desnibela gainditzeak lanak eman zizkien beste garai batean bidaiarie. Horren seinale da uda honetan aurkitu duten sigi-saga handiko galtzada; XVI-XVII. mendekoa da, eta aurrez ezagutzen zenaren azpian dago.
Bi eremutan lan egin du Aranzadik, iazko udazkenean indusketa arkeologikoak hasi zituztenetik: gaztelua eta gaztelua inguratzen zuten egitura aztertzen, eta haitzuloko edo tuneleko giza okupazioaren sekuentzia osatzen. «Gauza asko bagenekizkien: gaztelu bat izan zela tunelean barruan, egungo ermitaren atzean zaharragoa zegoela, ostatu bat, mikeleteen etxea... Baina, ez dugu ikusi orain arte. Espero genuena baino gehiago ikusi dugu, gainera. Aberastasun handiko lekua da hau, ondare natural, arkeologiko eta historikoa; leku oso berezia».
Desnibela bidaiaren arazo
Gipuzkoako Diputazioak Aizkorriko sarrera hau egokitu eta indartzea du helburu, baina lekuaren berezitasunaz jabetuta Aranzadiren esku utzi zuen azterketa. Lehen emaitza harrigarriak ikusita, indusketen jarraipena bultzatu zuten Kultura eta Landa departamentuek eta Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriak. Hala, aurkikuntza gehiago egin dira udan, eta harrigarriena galtzadarena iruditu zaio Morazari. «Garai hartan egina izateko izugarria da».
Hiru garaitako galtzaden aztarnak, gutxienik, badira oraindik Lizarraten. Berriena eta ezagunena XVIII. mendekotzat jotzen da; Araba aldeko sarreran nabarmen ageri da, harri handiak aldamenean dituela eta txikiak erdian. Uda honetako indusketetan beste aldeko maldan aurkitu dute galtzada. «Egungo bidearen azpitik doa eta, datazio zehatzagoak egin behar badira ere, XVI-XVII mendekoa da, gaztelua desagertu zenekoa. Haren egitura baliatu zuten gainean galtzada egiteko».
Bidearen zailtasuna eta gogortasuna garaiko idatzi askotan nabarmendu zen. Orain galtzadaren aztarnek erakutsi dute Gipuzkoa aldeko malda arintzeko ahalegin handia egin zela: «Sigi-saga handia egiten duen bidea dela oso garbi ikusten da», dio Morazak. Horren azpian, gainera, beste bide bat bazela pentsatzeko zantzuak daudela uste du, nahiz eta lurra oso mugituta dagoelako aztarna garbirik ez izan. «Kontuan izan behar da betidanik erabili dela bidea, eta galtzadatzen eta egokitzen joan da». Galtzada erromatarra ere deitu izan zaio, baina Morazak argitu duenez, zaharra delako esateko erabiltzen da izena hori, «beste leku batzuetan jentilek edo moroek egina dela esaten den bezala».
Gazteluaren garrantzia
Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bere egin zituenean (1200) hartu zuen bideak inoizko indarrik handiena. Nafarroa saihestu nahi bazen, ez zegoen beste biderik Gaztelaren eta Frantziaren artean. Komunikabide horren kontrolerako eta defentsarako sortu zen gaztelua eta haren inguruko egitura osoa. XIV. mendeko idatzietan aipatzen da lehenengoz, baina lehenagokoa dela uste da. Argi dago errege galtzada izan zela -«garaiko N-1», dio Morazak-, eta XVI. mendearen amaiera arte indarrean izan zela. Gaztelak Nafarroa bereganatu zuenean, ordura arteko esanahia galdu zuen, nahiz eta zaintza lanari eutsi zion. «Izan ere, garai ia guztietan izan da ordaintoki». Hori dela eta, bidelapurrengatik ere egin zen ezagun.
Tunelaren barruan, bi aldeetan, egin ziren eraikinak: ostatua, ermita, ur biltegia eta hilerria. Bidaiariei zerbitzua emateko prestatuta zegoen. XIX. mendean mikeleteen kuartela eraiki zuten, eta 1893an ermita zaharra eraitsi eta berria egin zuten metro batzuk aurrerago. Gotorlekuaz arduratzeko kargua sortu zen, eta dorre bat eraiki zen harentzat. Montehermoso dukeena izan zen, eta tituluak XVIII. mendera arte iraun zuen; hala ere, XIX. mendean San Adriango jabetza eurenganatzeko borrokan segitu zuten. Aldaketa erabakigarriena XVIII. mendearen amaieran gertatu zen, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Arlabango bidea egitea erabaki zutenean. Ibilbide berriarekin garrantzi ekonomikoa galdu zuen San Adrianek.
Inguruaren ezagutza
Gipuzkoako Foru Aldundiak bidea egokitzeko lanak hasi ditu berriro, tuneleko sarreratik behera doazen 200 metroetan. «Luze gabe, gure lana izango da bidea oinezkoentzat txukuntzea, ura bideratzea aztarnak ez gehiago hondatzeko, eta agertu diren elementu horiek sendotzea; hau da, toki batzuetan harriekin hutsuneak betetzea lekuaren interpretazioa laguntzeko». Gauza asko egin daitezke inguruan, Asier Arrese Mendi eta Natur Inguruneko zuzendariaren ustez, baina oso pixkanaka. «Indusketa batzuk egiten jarraitu beharko da, eta emaitzen arabera inbertsio txikiak egiten. Ezin da baztertu, hala ere, egoera ekonomikoak buelta ematen duenean gehiago egitea».
San Adriango sarrera indartzeko asmoak ez du Aizkorri-Aratz parke naturalaren arauekin talka egingo, Arresen hitzetan. «Aitzitik, aukerak ematen ditu horrek, parke baten babesean ez baitago bakarrik bioaniztasunari lotutako ondare naturala, kulturalak eta etnografikoak ere indar handia du».
Laser bidez ari da Aranzadi San Adriango eremu guztiaren topografia egiten; amaitzen ari dira, eta amaitzean haitzulo birtual bat egin ahal izango dute. Aurrera begira, prozesu luzea izango da parke naturala errespetaraztea eta ingurunea ezagutaraztea.
Beldurgarria eta xarmanta
ARNALD VON HARFF
1499
ANTOINE DE LALAING
1502
Braun eta Hogenbergius
1567
ALBERT JOUVIN
1672
M. KATHERINE LE JUMELDE BANEVILLE
1679
Orain arteko zundaketa sakonena eta zabalena egin du Aranzadik tunelean, eta Brontze Aroko maila ona aurkitu du. Ordukoak dira aztarnarik zaharrenak.
Giza okupazioaren sekuentzia, hiru metroan
P. Agirre.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
