Berria.info

Asteartea, 2010ko otsailak 9 -

2009-10-01

Zarata gehiegi dago hor kanpoan

A cappella

Xabier Bandini

Berri Txarraken azkeneko lanaren harira heldu zait gai honi buruz idazteko ideia. Entzun eta irakurri ditudalako zenbait iritzi Payola diskoaren produkzioaren inguruan. Taldeak azaldu duen bezala, musika bere gordintasunean grabatu nahi izan dute, eta horrek, nire iritzian, bi ildo izan ditzake. Lehena, soinuaren tratamendu naturala egitea, hots, efektu eta ekualizazioak asko neurtzea; bigarrena, lokalean, zuzenean edo grabazio estudioan berez ateratzen diren inperfekzioak eta zaratak bere horretan uztea. Adibideak: Mando Diaoren Never Seen The Light of Day, Jonathan Richman.

Hemen sartzen gara polemikan. Batzuek diote, eta ez diet egia erabat ukatuko, musika grabatzeko modu hori artistaren itsukeria bat dela. Ez baita posible desafinazio edo gitarra moldaketa eskas bat ontzat hartzea. Musikariok (musikazaleok) soinuaren inguruko solasaldiak izaten ditugu maiz; egia esan, asko animatzen dituzte bazkaldondoko momentuak eta norberaren ego musikala elikatzen dute. Beste kontu bat da bigarrena, fratrizidioan erortzeko mailako diskusioak izaten baitira.

Gauzak baretze aldera, politikoki zuzena izango naiz; gauzak era orekatuan egitea da klabea. Eta aipamenei kasu eginez, hori lortu dutela uste dut, bai talde nafarrak, eta bai talde suediarrak ere. Hala ere, taldearen eskaintzaren arabera, inperfekzioen zale amorratua naiz. Plazera sortzen didate, zer esango dizut, ba. Gitarraren atzean pertsona bat dagoela gogorarazten dit, eta hori garrantzitsua da niretzat. Sinesten laguntzen dit. Eta molestatzen dit aukera hori bigarren mailako musika modun tratatzeak. Izorratzen dit disko zaharren birmasterizazioak eta halakoak behin eta berriz saldu nahi izateak. Eta kontra nago, musikan perfekzionismoaren kontra nago. Agian oraindik ere, digitalizazioaren mendean, ez ditut bitartekariak erabat onartzen, kotxeko edo etxeko bafleek guri abestea alegia. Horregatik, oraindik ere zuzenekoak dira musikaren espresio handiena. Y que dure.

Zarata besteek sortzen duten soinua dela dio definizio batek. Begira, bada kasu honetan beste egia biribil bat izan daiteke. Zarata gehiegi dago hor kanpoan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia