2009-10-01
Ikusteko eta sentitzeko
Kalean dira Bide Ertzeanek urte hasieran Tolosan egindako zuzeneko emanaldiaren diskoa eta DVDa
Ainhoa Oiartzabal.
Donostia«Dotorea» hitzarekin definitzen du Kirmen Uribe idazleak Bide Ertzean taldea. «Ederra» hitza darabil Jose Luis Otamendi poetak pop taldeak aukeratzen dituen hitz eta egiten duen musikari buruz ari denean. «Soiltasuna» nabarmentzen du, berriz, Gorka Urbizu musikariak taldeaz galdera eginda. Leidor Sessions (Gaztelupeko Hotsak) taldearen zuzeneko lehen diskoarekin batera kaleratu duten DVDan jaso dituzte testigantza horiek eta beste batzuk, hitz gutxitan eta euskal kulturaren esparru diferenteetatik, taldeak azken hamar urteetan eginiko ibilbideari gainbegiratua egiteko bilduak.
Testigantzek dioten bezala ibilbide emankorra izan da Bide Ertzean taldearena euskal poparen bidean, eta 10. urtemuga hori ospatzeko eman zuten kontzertua urtarrilaren 16ean Tolosako Leidor aretoan Imanol eta Joni Ubedak (ahotsa, gitarra eta baxua) Karlos Aranzegik (bateria), Fran Iturbek (gitarra) eta Joserra Senperenak (pianoa). Baina helburu behinena taldearen lehen zuzeneko diskoa grabatzea zen. «Ez genuen edozein modutako zuzeneko disko bat egin nahi», azaldu du Imanol Ubedak diskoarekin batera kontzertuaren irudiak jaso dituen DVDaren aurkezpenean. Musikari lotutako filmak gustuko izanik, eurek ere irudia jarri nahi zioten zuzeneko lehen lanari. Besteak beste, Lou Reeden Berlin edota Neil Youngen Heart of Gold lanak zituzten gogoan Modus Operandi ekoiztetxeari zuzenekoa filmatzeko eskatu ziotenean. «Eta gu ere Neil Youngekin maitemindurik gaudenez, oso ongi ulertu genuen elkar», dio Miren Aperribai DVDaren ekoizleak.
Benetakotasunaren bila
Ekoiztetxea arduratu zen kontzertuaren eszenografiarekin, eta irudi intimistak, goxoak eta batik bat estetikoki asko zainduak bilatu zituzten. Behin kontzertuaren irudiak filmaturik, lan handia eduki dute taldekideek eta ekoiztetxeko arduradunek material guztia antolatzen. Taldeak ohi duen bezala, mimo handiz egin baitu lana. «Oso gainean egoten gara halakoetan, ez dakigu bestela lan egiten», zehaztu du Imanol Ubedak.
Urte hasieran filmaturiko emanaldiaren grabazioak argia orain ikusi duen arren, kantuek zuzeneko saio haren soinua gordetzen dute, «inolako konponketarik gabe», azaldu du Karlos Aranzegik. Izan ere, kontzertuaren unea bere hartan jaso nahi izan dute. Aranzegik lanaren benekotasuna azpimarratu du, eta taldearen errepertorio osoaren errepasoa egitean sentitu zituzten sentimendu haien indarra islatzen saiatu direla.
Garai bateko kantuak gaur egunean nola defenditu. Hori izan da, beste gauza askoren artean, kontzerturako hautatu zuten errepertorioa entseatzean lortu behar izan zutena. Joserra Senperak dio lan handia egin zutela kontzertuaren aurretik. «Zuzeneko disko hau ez baita izan bira baten barruan grabatu ohi den kontzertu bat: propio prestatu genuen kontzertua, gero grabatzeko».
Emanaldian abestutako 22 kantuetatik 15 jaso dituzte disko-DVDan, hastapenekoak zein kanturik berrienak. Tartean, Graffitti kantu berria dago. «Izan ere, taldea bizirik dago», dio Imanol Ubedak, eta gehitu du uda honetan aritu direla estudioan kantu berriak grabatzen. Bien bitartean, Leidor Sessions diskoa aurkezteko kontzertuak emango dituzte azaroan Bilbon, Andoainen eta Bergaran. Lehenago, urriaren 23an, berriro ere Leidor aretora joango dira. Oraingoan, DVDa eskaintzera. Sarrera irekia da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
