2009-09-29
Propio eginiko urratsak
Ezpata-dantza berria sortu du Iruñeko Duguna dantza taldeak, ohitura kontuan hartuz; igandean aurkeztu zuten
Iñigo Astiz.
IruñeaDantzariak baditu, dantza taldeak baditu, baina dantza propio askorik ez du Iruñeak egun bizirik. Hori aldatu nahi izan dute Duguna dantza taldeko kideek, eta, horregatik, Iruñearen neurrira propio eginiko ezpata-dantza sortu dute. Igandean aurkeztu zuten jendaurrean, sanfermin txikiko prozesioan, iruindarrek ere urratsak ezagutu, eta propio egin zitzaten.
«Orain arte beste lekuetako dantzak egin ditu beti gure taldeak», azaldu du Aritz Ibañez Duguna dantza taldeko kideak, «baina ez genuen lortzen tokian tokiko dantzak egiten dituzten taldeek lortzen duten indar bera eta herriarekiko identifikazio bera. Dantzak ikusten zituen jendeak, eta txalo ere egiten zuten bukatzen genuenean, noski, baina ez zituzten bere egiten. Horregatik, beste herri batzuetan beren dantzak dituzten bezala, pentsatu genuen, Iruñeak ere merezi zituela dantza propio batzuk».
Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta kasu honetan ere, aurrekoek egindakoari begira aritu dira lanean Dugunako kideak. Historiari begira. «Artxiboetan ikusi dugunez», dio Ibañezek, «Iruñeko dantza taldeek dantza propioak prestatzen zituzten ospakizun berezietarako. 1556koa da aurkitu dugun gisa horretako dokumenturik zaharrena».
Ez da berreskurapen lan bat izan, ordea, ez baitago garai bateko ezpata-dantza horien lekukotasunik. Erabiltzen zituzten erremintei buruzko oharrak eta jantziei buruzko datuak baino ez. Urratsik ez. Arrasto horiek baliatuz dantza «birsortu» egin dutela dio, horregatik, Ibañezek. Tradizioari so eginik osaturiko dantza da, halere, dantza berria. XXI. mendean sorturiko dantza bat, Euskal Herriko eta Europako ezpata-dantzen nolakotasuna kontuan hartzen duena. XXI. mendeko gizarteari loturikoa, beraz, eta, horregatik, genero bereizketarik gabe, neska zein mutilak ikus zitezkeen igandean dantzan.
Buruzagia eta zerbitzaria aritu ziren taldearen buru, eta 28 dantzari izan zituzten atzean; lau kapitain ere izan ziren ezpata-txikiekin dantzan, eta banderazainek eta txistulariek itxi zuten taldea. 35 dantzari guztira, eta hainbat dantza saio osoaren barnean: bandera arbola, banderaren azpiko korrikaldia, biribilketa, hainbat zortziko, eta, noski, ezpata dantza. Arrosa izeneko egitura ere antolatu zuten dantzariek, egurrezko ezpatak elkarrekin gurutzatuz, kapitainaren lepo inguruan. Hala, San Ferminen martirioa gogoraraziz, zintzurra moztuta hil omen baitzuten.
Lehen urratsa
11:30ean hasi zen dantza Arrotxapeko zubian, eta jende franko zegoen han jadanik dantzarien zain. Prozesioarekin batera joan ziren ondoren dantzariak, eta Udaletxe plazan izan zen dantzaldi nagusia, propio dantza ikustera joandako jendetzaren aurrean. Beteta zegoen plaza.
«Iruñeko dantzariak gara gu», dio Ibañezek. «XVI. mende hartan Iruñean dantzatzen zuten dantzari haien oinordeko sentitzen gara, eta nahi genukeena da gure dantza hauek Iruñeko dantza bihurtzea. Asmo handiegia da agian, baina neurri horretako dantzak egiten saiatu gara». Igandean ez zen bozketarik izan, noski, baina txalo zaparrada itzela jaso zuten dantzariek. «Dantza bat propio egitea ez da urtebeteko kontua, halere», dio Ibañezek, «eta, horregatik, lanean jarraitu beharko dugu hemendik aurrera ere, atsedenik gabe». Egina dute lehen urratsa.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
