2009-09-26
Eko-tik
Mirene Begiristain - EHUko Ekonomi eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakaslea. Biolur-eko kidea
Ama, jangelan geratu nahi dut!
Galdera
Nire semeak eskolako jangelan bazkaltzen du, eta eskola batzuetan menu ekologikoak edo produktu ekologikoak erabiltzen dituztela jakin dut. Argitu diezadakezue zerbait horren inguruan?
Ikasturtea hasi da. Eta ikasturte berriarekin hainbat asmo eta proiektu berri ezarri ditugu.
Agendei begiratzen diegu lan orduak moldatzeko egin nahi dugun ikastaro horrekin, kirol pixka bat egitearekin, etxeko ardurekin...
Ikasturtea seme-alabekin hasten dugunok, agenden puzzlea antolatu nahian, etxetik kanpoko baliabideetara jotzen dugu: aitona-amonak, lagunak eta eskoletako jangelak.
Ume batzuk gustura geratzen dira eskolako jangelan, eta «ama-aita, jangelan geratu nahi dut!» entzuten dugu, edo kontrakoa ere bai. Baina beste aukerarik ezean, umeek jangelan bazkaltzen dute.
Jangelan geratzean jaten ikasten dutela, ondo pasatzen dutela... eztabaidarako gaiak izan daitezke. Baina nola jaten duten galdetzeaz gain, garrantzitsua izan daiteke beste hauek ere galdetzea: zer jaten dute gure seme-alabek eskoletako jangeletan? Zein lehengai edo produkturekin egindako bazkariak dira? Badakigu neska-mutikoak hazten ari direla, eta gauza askoz elikatzen direla. Horregatik, eguneko bazkari nagusian umeek jaten dituzten elikagaien ezaugarriak aztertu behar ditugula iruditzen zait: freskoak diren, garaian garaikoak, kimiko kaltegarririk gabekoak, bertakoak, ekologikoak...
Seguru nago Donostiako hiru haur eskola publikotako umeen gurasoak beren menuetan elikagai ekologikoak erabiltzen dituztela jakiteak lasaitasuna ematen diela. Barazki ekologikoekin egindako purea, oilasko ekologikoko papar bat, san joan sagar ekologikoak... Oro har elikagai guztiek, gurasoek, haurrek, sukaldariek, hezitzaileek, dietistek, nekazariek, administraziokoek eta teknikariek osatzen dute Donostiako Ekolapiko proiektua. Hainbat pertsona dira edukiz beteriko proiektu horren parte, haurrek biziaz beteriko elikagaiez disfruta dezaten.
Lanari eta ilusioari esker, Ekolapiko proeiktua Donostiatik Lasarteko haur eskolara zabalduko dute hurrengo ikasturtean.
Dena den, elikagai ekologikoak eskoletako sukaldetan sartzea ez da berria, Euskal Herrian Usurbilgo haur eskolako adibidea dugu, aitzindari estatuan. Katalunian, Frantzian, Italian, Erresuma Batuan eta Europako beste hainbat herrialdetako adibideak ere baditugu.
Hori guztia haurren elikaduran garrantzitsua da, eta horrelako proiektuek gizartearen ingurumen eta elikadura heziketan ezartzen dituzten oinarriak eta nekazarien merkatuaren garapenari egiten dien ekarpena ere garrantzitsuak dira; horrela, ingurumenaren zaintza, landa garapena eta osasuna eta hezkuntza proiektu horien zutabe nagusi bihurtzen dira. Beraz, alderdi soziala, ekonomikoa, kulturala eta ekologikoa integratzen dira epe luzeko ikuspegitik.
Esandakoarekin, batek baino gehiagok -edo hori nahiko nuke- ondorengo galdera egingo du: zer egin dezaket nire seme-alabek elikagai ekologikoz beteriko lapikotik bazkaltzeko?
@ Egin galdera! Biolur-Gipuzkoa, Nekazaritza Ekologikoaren aldeko Gipuzkoako Elkartea Telefonoa: 943-76 14 47 biolur@biolur.net
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
