Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:48

tartea;2009-09-23;Nola sortu blog bat Interneten. Blogak ez dira gauza berria Interneten. Horien erabilera, ordea, gero eta gehiago ari da zabaltzen. Aukera asko ematen ditu sareak, eta parte hartzeko modurik hedatuena da norberak bere bloga sortu eta lantzea.

Blogak ez dira gauza berria Interneten. Horien erabilera, ordea, gero eta gehiago ari da zabaltzen. Aukera asko ematen ditu sareak, eta parte hartzeko modurik hedatuena da norberak bere bloga sortu eta lantzea.

Nola sortu blog bat Interneten

Jabi Asurmendi Sainz - Bitarlan Informatika Zerbitzuak

Ohikoa da Internetera jotzea edozein informazio motaren bila, bilatzaileetan hitz gakoak idatzi eta berehala agertzen dira bilaketaren emaitzak. Baina, horretaz gain, amaraunak parte hartzeko aukera ere ematen du eta edonor izan daiteke halaber edukien sortzailea. Norberaren ezagutza, ideiak edo sentimenduak utz daitezke mundu osoko Internet erabiltzaileentzat irakurgarri.

Parte hartzeko erarik hedatuenetarikoa norberaren bloga edukitzea da, eta bloga Interneten sortzeko hainbat era eta baliabide daude.

Blogak sortzeko webgune euskaldunak

Euskaraz blogak sortzeko zenbait webgune daude; http://www.blogari.net da horietako bat. Behin webgunera sartuta, Sortu estekari sakatu eta formularioan nahi den erabiltzailea, pasahitza eta posta elektronikoa besterik ez da behar bloga martxan edukitzeko. http://www.blogari.net/erabiltzailea/ izango da blogaren helbidea, eta saioa hasita, blogari.net-en bloga kudeatu ahal da, artikuluak eta iradokizunak sortu, aldatu eta ezabatu ahal dira, estekak eta atalak kudeatu, itxura konfiguratu eta abar.

Blogak sortzeko beste baliabide bat http://www.blogak.com da; webgune horretan ere erabiltzailea, pasahitza, posta elektronikoa, blogaren izenburua eta helbidea sartuta, diseinu txantiloia aukeratzea falta da, eta laster batean bloga sortzen da. Halaber, oso erraz sor daitezke artikuluak, eta blogaren aukerak zein erantzunak kudeatu.

Antzeko moduan, aukera hori beste webgune batzuek ere eskaintzen dute, http://www.baleike.com/blogak eta http://www.nabarreria.com webguneek, esaterako.

Blogak sortzeko nazioarteko gune eleaniztunak

Interneteko erraldoia den Googlek ere badauka blogak sortzeko gunea, https://www.blogger.com helbidean; hor eskaintzen dute bloga sortzeko aukera hainbat hizkuntzatan, baina ez oraingoz euskaraz, bai ordea ingelesez, frantsesez eta gazteleraz, adibidez. Zerbitzu hori erabiltzeko, kontu bat sortuta eduki behar da Googlen, gmail-en kontua, alegia, bestela webgunean bertan sor daiteke kontu berri bat. Kontu batetik hainbat blog eratu daitezke, eta blog bakoitzeko helbidea eta titulua baino ez da zehaztu behar, behin diseinu txantiloia hautatuta, blog berria kudeatzen eta elikatzen hasi ahal da.

Oso ezaguna den beste zerbitzu bat Wordpressena da. http://wordpress.com/ helbidera joan daiteke erabiltzeko,eta hor bai, hizkuntzen artean euskara aurki daiteke bloga sortzeko beste hizkuntza askorekin batera. Hori bai, hizkuntza hautatzeko agertzen diren aukeretan, hasiera batean More languages aukeratu beharko da, eta ondoren agertzen den orrialdean, euskarari dagokion eu jartzen duen estekari sakatu beharko zaio.

Dena dela, hori probatuta, bloga sortzeko prozesua zein kudeaketa panela eta bloga bera ingelesez agertzen bide da oraingoz. Prozesua burutzeko, helbide elektronikoa, erabiltzailearen izena, pasahitza eta baldintza legalak onartzea eskatzen da, gainera, datu horiek hasierako formularioa beteta, zehaztutako posta elektronikoko helbidera iristen den onarpenari sakatu behar zaio. Hortik aurrera, Wordpress bat dago prest nahi den bezala konfiguratzeko eta erabiltzeko.

Bloga sortzea, web zerbitzari propio batean

Wordpress, bere webgunean bloga sortzeko duen zerbitzuagatik baino, askoz ezagunagoa da blogak garatzeko software libredun aplikazio gisa. Horrek ahalbidetzen du bloga web zerbitzari propio batean sortzea. Aukera horrek kontrol gehiago eskaintzen du blogaren gainean; hori bai, zailtasun handixeagoa du arestian aipaturiko aukerek baino.

Alde batetik, web zerbitzari bat ezinbestekoa da, izan daiteke ordaindutako edo doako web ostatze zerbitzu bat; askotan ere, domeinu propio bat beharrezkoa da, beste batzuetan, doako azpidomeinu batekin nahikoa izaten da. Zerbitzarien ezaugarrien aldetik, Wordpress instalatu ahal izateko, PHP eta MySQL datu base kudeatzailea izan behar du. Behin hori lortuta, Wordpress jaitsi behar da; euskaraz jaisteko ondorengo helbide honetara jo behar da: http://eu.wordpress.org/.

Jaitsitako artxiboa deskonprimitu eta aplikazioaren fitxategi guztiak web zerbitzarira igo behar dira. Horren ostean, ostatze zerbitzuaren panelaren bitartez, datu basea sortu behar da, hor gordetzeko blogaren datu eta sarrera guztiak.

Azkenik, web nabigatzailea kargatu eta gunearen helbidea idatzita, instalazioa hasiko da. Instalazio prozesuaren lehenengo urratsean, sortutako datu basearen datuak eskatzen dira, izena, erabiltzailea eta pasahitza; gero, jada sortzen da blogaren konfigurazio fitxategia, dena ondo joan bada, eta blogerako nahi diren ezaugarriak zehazten hasi ahal dira, bestela, eskuz editatu beharko da konfigurazio fitxategia, wp-config.php, eta hor eskatutako datuak sartu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia