kultura;2009-09-22;Kritika. Sail ofiziala. Aldebakartasuna. ÔCity of Life and DeathÕ
Aldebakartasuna
Kritika
Sail ofiziala
'City of Life and Death'
Zuzendaria: Lu Chuan. Aktoreak: Liu Ye, Fan Wei, Hideo Naikazumi. Gidoia: Lu Chuan. Herrialdea: Txina. Iraupena: 135 minutu.
Gontzal Agote
Pentsatzekoa da Tartalok begi bakarrarekin mundua alde bakar batez ikusiko zuela. Zorionez, bi begi ditugunok aukera dugu -nahiz eta normalean ez baliatu- gauzak modu desberdinetan ikusteko. Egin proba; ezkerrarekin zerbait, eskuinarekin beste zerbait, diferente, osagarri, aberasgarri.
Begirada zabala ez dago
City of Life and Death epikoaren bertuteen artean. Hala ere, ez du inor engainatu nahi, hasieratik ohartarazten du filma Nanjingen hil ziren milaka txinatarren oroimenez egina dela. Eta esandakoa zintzo bete du Lu Chuanek, film osoa japoniarren zitalkeriaren katalogo zehatza baita. Apenas ñabardurarik gabe, txinatarren etsai historikoen nolakotasuna zehatz-mehatz ezagutzen ahalko dugu: hiltzaile, gezurti, bortxatzaile, tranpati, torturatzaile, sadiko... Tokioko unibertsitateren batean Lu Chuan
honoris causa izendatuko dute aurki...
Mendebaldarrok asko dakigu manikeismoaz, urteetan etsaien inguruko film argi eta garbiekin elikatu baikaituzte. AEB eta beste herrialdeetako propaganda zerbitzuek ederki aski erakutsi digute zein den ongiaren eta gaizkiaren arteko aldea. Beharbada horregatik, krudelkeriaren dosia ederki hartuak garelako, ez gaituzte askorik harritu txinatarren kontrakoek.
Are gutxiago istorioak gauza berri gutxi dakarrenean. Interesgarrienak, alderdi teknikotik, zuri-beltzezko fotografia eta soinuaren erabilera. Baina mamian, Lu Chuanen lanak, Rosselliniren ukitu errealistak lagunduta bada ere, ez du nobedade handirik ekarriko. Izatekotan, bakarra: hemen ez da Oscar Schindler bat, ez da pianistarik, ez dago itxaropen izpirik. Soil-soilik txinatar koitaduak eta japoniar gaiztoak.