Mendizaletasuna ikasleen artean zabaltzea eta ezagutaraztea helburu, ikastetxeentzako Eskola Mendizaletasuna egitasmoa antolatu dute mendi federazioek. Ibilaldiak eta ikastaroak dira programaren ardatz.
Mendia, ikasgela
Ekaitz Agirre.
Oporrak bukatu eta hasi da ikasturtea, eta ikasturte berriarekin batera mendi federazioak ere hasi dira ikastetxeetara bideratutako Eskola Mendizaletasuna programak osatzen eta aurkezten. Ikasleei natura eta mendia gerturatu eta mendian egin daitezkeen hainbat jarduera ezagutaraztea dute helburu ekimenok, eta datozen hilabeteetan mendi ibilaldietan edota eskalada eta orientazio ikastaroetan parte hartzeko aukera emango diete 7 eta 16 urte bitarteko ikasleei.
Amestu mendiarekin eta bihurtu abentura ikaskideekin leloa goiburu hartuta, GMF Gipuzkoako Mendi Federazioak 23. urtez antolatu du Eskola Mendizaletasuna egitasmoa. Gainerako herrialdeetako federazioek ere badute ekimenak antolatzeko asmoa, baina bakoitzak bere kasa antolatuko ditu.
Bi arlotan bereizten dituzte jarduerak: mendi lehiaketa esaten diotena, eta ikastaroak. «Lehenengoa eskolen arteko txapelketen modukoa litzateke; alderaketa bat egite aldera, hondartzan futbolean jokatzearen parekoa, baina sailkapenik gabe», argitu du GMFko teknikari Tetxus Barandiaranek. Federazioak jarritako helburuak betetzen dituzten neska-mutilei finalista izendapena ematen die federazioak ikasturtea bukatuta. Urriaren 18an dute, hain zuzen, iazko ikasturteari dagokion finalista eguna, eta 800 ikaslek jasoko dute izendapena.
GMFk bi ibilaldi antolatzen ditu ikasturte osoan -martxoaren bigarren igandean bat, eta urrian bigarrena-, eta gainerako irteerak ikastetxe bakoitzak moldatzen ditu. Ikastaroak, aldiz, teknikoagoak dira, espezifikoagoak, «mendiko hainbat jarduera ezagutarazteko modua». Eskalada, orientazioa, espeleologia... askotariko aukera dute ikasleek. Federazioak hainbat teknikari ditu lanean ikastaroak ematen, eta haiek arduratzen dira jarduera bakoitzaren inguruko azalpenak zehaztasun osoz emateaz. Bi arlotan parte hartzen duten ikastetxeei diru laguntzak ematen dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Balioen transmisioa
Mendizaletasuna ikasleen artean sustatzea eta ezagutaraztea ez ezik, badute beste helbururik ekimenarekin. « 7-8 urteko ikasleetatik abiatu, eta 15-16 urte arteko ikasleentzako programa da, eta mendia leku aproposa da adin tarte horretako ikasleen arteko harremana indartzeko, ohiko ikasgeletatik aparte. Baloreak sustatzen ere saiatzen gara: elkartasuna, bizikidetza, naturarekiko errespetua...», argitu du Barandiaranek.
Ia mende laurdeneko ibilian, gorabehera handiak izan dituzte, ekimenean parte hartu duen ikasle kopuruari erreparatuz gero. 2008-2009ko ikasturtean 4.000 ikasle inguruk parte hartu zuten ibilaldietan, eta ikastaroetan, aldiz, 2.700 inguruk. «Kirol eskaintza oso handia da egun, eta demografia tasak ere baldintzatu izan du parte-hartzaile kopurua. Horri erantzuteko, programan berrikuntzak sartzen saiatzen gara». Berrikuntzen artean sartu behar dira urritasunak dituzten ikasleentzat prestatu dituzten irteera eta ikastaroak. «Bereziki itsuei bideratutako eskalada saioak egin ditugu, eta Aiako Harrietara ibilaldiak ere bai».
GMFren ekimenetan parte hartu nahi duten ikastetxeak harremanetan jar daitezke federazioarekin, 943-46 14 40 telefonora deituta eta www.gmf-fgm.com helbidearen bidez.
Eskola eta mendia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
