Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:47

KULTURA;2009-09-12;Autokarabana. Fermin Etxegoienen (OÒati, 1966) lehen eleberrian mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak herri bateko kooperatiban egiten du lan, eta zenbait tramaren erdian gertatuko da. Bestalde, aspaldion ugaritu diren autokarabanak helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira... Autokarabana modernitatearen metafora gisa.

Fermin Etxegoienen (Oñati, 1966) lehen eleberrian mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak herri bateko kooperatiban egiten du lan, eta zenbait tramaren erdian gertatuko da. Bestalde, aspaldion ugaritu diren autokarabanak helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira... Autokarabana modernitatearen metafora gisa.

Autokarabana

Eguerdirako ailegatu ginen herrira. Itsaso esnatu berri zen eta proposatu nion tortillatxo bat jango ote genuen amamaren etxera joan aurretik.

Atraxkua tabernako tortillak ez daukalako parekorik.

Ordu batean puntuan ekartzen dute etxetik, baina jan nahi izanez gero taberna barruan egon beharra dago, ziztu bizian bukatzen delako.

Bertaraino egin nuen autoarekin eta espaloi gainean aparkatu. Guztiz debekatuta dago, halere tortilla orduan halako sueten bat egiten dute udaltzainek.

Aita-alabok nahiko pozik sartu ginen tabernara, nahiz atea zeharkatzean ikusi nuen lehen pertsona nahiago izango nuen ez ikusi.

Supergizona.

Hau da hau, neskatila ederra... izan ziren bere lehen hitzak. Taberna osoak entzuteko moduan, beti bezala. Tortilla jaten al duzu, bai-ez, txorizoa nahiago? Itsaso paralizaturik gelditu zen supergizonaren aurrean, txoria eta sugearen irudi klasikoa. Erantzun ba, maitea, txorizoa ala tortilla, zer nahiago duzu? Galdera nik errepikatu arren Itsasoren begirada ez zen supergizonaren begietatik aldendu eta bertan jarraitu zuen iltzaturik.

Tortilla, esan zuen azkenean. Baita mostoa edateko ere, mesedez, mosto txikia.

Hori da hori neska jatorra. Txomin, bere hitzak aginduak dituk hiretzat!

Supergizonaren izaera totala. Zerbait erantzuteko zorian igarri nuen Atraxkua tabernako Txomin zerbitzaria, baina burua jaitsi zuen eta eskatutakoa prestatzen hasi zen. Denok egiten genuen berdina supergizonaren aurrean.

Oporrik ez, ala? Ahots apalez galdetu nion, ez nuelako jardun nahi taberna osorako, zaila izango zela nekien arren. Oporrik bai, oporretan nago. Inora ote noan esan nahi al duzu? Bai, hori galdetu nahi nizun. Joateko nintzen, baina plana aldatu dut atzo bertan. Egun batzuk Habanan eman nahi nituen, orain inguruotan ibiliko naiz. Donostian batez ere.

Supergizonaren plan aldaketari ez nion traza onik hartu. Zergatik ez zoaz Kubara? Tira, jakingo duzu askotan izan naizela Habanan, kontua da aurten nekatuta nagoela eta nahiago dut hemendik ibili, libre eta plana egunero aldatuz.

Supergizona ezkongabea da eta sekulako bizizale fama dauka. Enpresa pribatuan luze aritu zen, orain gure kooperatiban dago jende askoren harridurarako. Batzuek diote aurreko enpresa pribatutik bota egin zutela eta gurean bekatuak zuritzen dabilela, enpresa pribatutik berriro noiz deituko zain. Esan gabe doa supergizonaren estiloa ez datorrela bat kooperatibarenarekin.

Beste batzuen ustez supergizona bezalako ejekutibo goi-mailakoak oso baliagarriak izan daitezke kooperatibetan ere, horregatik aprobetxatu beharra zegoen bera kontratatzeko aukera. Enpresa pribatu hartatik modu «ez itxurosoan» bota zutela egia balitz ere.

Nik lehen sinpatia handiagoa nion, gustura hartzen nuelako bere izaera desprejuiziatua, hemengo jende gehienarena hain da lehor eta tristea (ni follan ni dejan follar). Orain gertuegi hasi naiz sentitzen berarengandik eta, egia esan, nahiago nuen gure artean lehen zegoen distantzia.

Itsaso egurrezko bankuan eseri zen eta argizarizko pinturak atera zituen mahai gainean zegoen kutxatik, Atraxkuara eguerdiz joaten diren ume gehienek egiten duten bezala. Isilean ari zen tortilla eta mostoa jan-edaten. Amaren begirada dauka eta haren dotoreziarekin ixten du ahoa, tortillari haginkada eman ostean.

Irantzu gustura ibili zen nire etxean, ezta? Galdera nolabait espero nuen, halere berdin-berdin urratu zidan eztarritik sabelerainoko barnebidea. Gutxienez ahots apalagoaz egin balu.

Bai, primeran ibili ginen.

Inportantea iruditu zitzaidan Irantzu eta biok batera agertzea nire erantzunaren bitartez. Hemendik al dabil bera? Supergizona ez da batere mozten eta zuzen egiten du jomugara. Ez, Iruñean dago gurasoekin. Aspaldi ez direlako elkarrekin izan eta egun batzuk gorde nahi zituen «soilik» gurasoentzat, hemengo interferentziarik jaso gabe.

Erantzun ona eman nion, supergizonak ez baitzuen gehiagorik intsistitu.

Bueno lagunok, ni banoa! Taberna osoarentzat despedida bota, barra gainean billetea utzi eta Itsasori laztantxoa eginez atera zen supergizona Atraxkuatik, bera ere espaloi gainean zeukan autoaren bila. Ez nion ale eder hura ezagutzen.

Hala Itsaso, goazen etxera, amama itxaroten dago eta.

Tabernan ez zen ia inor gelditzen, nola egin duen behera Atraxkuak!

Hamar urte lehenago goraino egongo zen, baina jendeak utzi dio poteoan ibiltzeari. Egia esan ez zait gaizki iruditzen, hura ez zelako batere ohitura sanoa.

Autora sartu ginenean Maritere Arabaolaza institutuko ikaskide ohia ikusi nuen espaloi beretik guganantz zetorrela. Haserre aurpegia zekarren, traban zeuden autoek itxuraz eraginda. Gu ezagutzerakoan, ordea, ibilera azkartu zuen eta Itsasoren leihatilarantz hurbildu zen, irribarre handia aurpegian marrazturik.

Ene, Itsasotxo, polit hori! Zer moduz maitea? Eta Olentzero? Noiz etorriko zara liburutegira? Esan aitatxori ekartzeko!

Maritere haur-liburutegian aritzen da lanean. Ez dauka seme-alabarik, baina badirudi ondo moldatzen dela umeekin.

Ez nuen uste Gabonetan ere zabalik zeneukatenik, erdi oihukatu behar izan nion auto barrutik.

Goizez bakarrik eta ordu bata t'0erdiak arte. Etorri bihar falta barik!

Ederki, Maritere. Gustura joango gara... ezta?

Itsasok baietz egin zion Maritereri eta lagun zaharrak kanpotik agurtu gintuen irribarre zabalari eutsita.

Autoa martxan jarri nuen, behingoz abiatzeko amamaren etxera.

Hiru minutu beranduago aparkaturik geunden eta poltsak hartu berri nituen maleterotik. Egunaren beroak oso modu desatseginean utzi ninduen izerditan atarirako bidean. Zamaren zamaz ezin nituen giltzak hartu poltsikotik, ezta txirrina sakatu ere.

Itsaso, mesedez, laugarren ezkerra...

Nor da?

Amama...

Ai gure pitxirrina!

Gure pitxirrina lehena izan zen igogailutik irteten eta etxera sartzen. Amama sukaldean aurkitu zuen frituak prestatzen Bilboko bilobarentzat. Itsaso etxera sartzen zaion bakoitzean emakumeak gutxi behar izaten du negarrez hasteko.

Aitona tabernan dago, laster etorriko da...

Ez zen hain laster agertu.

Bigarren platerean geunden eta Itsaso balletaren berri ematen ari zitzaion amamari, gehienbat erdaraz hitz-eginez. Finkatzen ari zen aurreko bisitan erakutsitako joera linguistikoa, seguruenik lanak beharko genituen aldatzeko.

Balleta beraz, aitonak galdetu zion harritu antzean.

Dantzaria izango al zara? Bai aitona, dantzaria izango naiz.

Galderei erantzutean Itsaso ondo moldatzen da euskaraz, eskolan bezala galderen egiturari jarraitzen diolako. Besterik da esaldia hasieratik sortu behar izanez gero, orduan gaztelaniara jotzen baitu gehienbat.

[...]

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia