Gilen kontrako Veleiako kereila bat, artxibaturik
Epaileak dio Euskal Trenbide Sareak eta Lurmenek ituna sinatu zutenean ez zegoela kalte egiteko asmorik
A.B.
IruñeaIruña-Veleiako indusketen arduradunek buruhauste bat gutxiago dute, Gasteizko epaile batek Eusko Trenbide Sarea enpresak jarritako kereila artxibatzea erabaki baitu. Enpresa horrek iruzurra eta irudiari kalte egitea leporatu zion Eliseo Gil eta Idoia Filloyren enpresari, baina epaileak ebatzi du jatorrian, hau da, hitzarmena sinatu zutenean, ez zegoela kalte egiteko asmorik, eta indusketetan agertutako ustezko idazkunek ere ez diotela hitzarmenari eragiten, aurkikuntzen ondorioz diru laguntzarako ituna ez zelako diruz handitu.
Ondorioz, Lurmen enpresak zuen auzietako bat behin betiko itxitzat gera daiteke, nahiz eta erabakiaren aurka helegitea aurkeztea dagoen. EuskoTren enpresak ere arrazoi beragatik beste kereila bat jarri zuen Lurmenen aurka, eta hori ere, oraingo argudioei jarraiki, baliteke laster artxibatzea.
Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegiko arduradunak ez dio, espero bezala, III. mende inguruko ustezko idazkunen aferari heldu, eta Eusko Trenbide Sareak eta Lurmenek 2006. urtean sinatu zuten akordioari erreparatu dio soil-soilik. Eta ondorioztatu du salatzaileek Lurmeni leporatzen dioten iruzurra ezin dela ontzat hartu, bi enpresen arteko hitzarmena Veleiako idazkun eta material ezohikoa agertu baino lau urte lehenago sinatu zelako.
Epaileak arrazoitu du, gainera, bi enpresen arteko hitzarmenak ez duela aurkikuntzarik aurreikusten, eta ez dagoela, beraz, horren arabera baldintzatuta. Hau da: indusketa lanak diruz laguntzeko hitzarmena sinatu zenean ez zela inolako iruzurrik gertatu, eta hitzarmena bera ez dagoela, horregatik, kaltetuta.
Erabakia aurreikus zitekeen, duela hilabete batzuk kasuaren fiskalak gauza bera eskatu zuelako. Eta argudio berdinak erabilita. Ministerioaren ordezkariak orduan sinatutako autoak zioen bi enpresen artean sinatutako hitzarmenean ez dela iruzurrik izan.
Hitzarmena 2001ean
EuskoTrenek eta Lurmen SM enpresak indusketa lanak hainbat urtez diruz laguntzeko ituna sinatu zuten 2001ean. 2004an, Eusko Trenbide Sarea enpresa sortu zen, eta, 2006tik aurrera, aldirietako trenak kudeatzen dituzten bi enpresaren artean banatu zuten Veleiako aztarnategirako diru laguntza saila. 2008ko amaieran, Arabako Diputazioak osatutako adituen batzordeak agertutako idazkunak aztertu eta faltsuak zirela ebatzi ondoren, bi enpresek diru laguntzarako hitzarmena kendu eta hitzarmena etetea erabaki zuten. Ondoren, kereila aurkeztu zuten Lurmen enpresaren aurka.
Hau da Veleiako aferari buruz hartzen den bigarren erabaki sendoa, joan den udaberrian epaileak Eliseo Gilen enpresak Diputazioaren aurka jarritako kereila bera artxibatzea erabaki baitzuen.
Epaileek EuskoTrenek aurkeztutako kereila artxibatuko balute ere, oraindik gaiari buruzko erabaki garrantzitsuenak hartzekotan lirateke, auziaren mamia lotuta baitago Arabako Foru Aldundiak indusketako arduradun Eliseo Gil, Oscar Escribano eta Ruben Cerdanen aurka aurkeztutako kereilarekin.
Bertan, eta Arabako kultur ondarearen aurkako «delitu zantzuak» zeudela iritzita, Veleiako ustezko iruzurraren erantzuleen aurka bide penaletik egitea erabaki zuen Lorena Lopez de Lacallek zuzentzen duen sailak, iruzurra eta kultur ondarearen aurkako erasoa egotzita.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
