2009-09-04
Nafarroan gerra karlistetan gune garrantzitsu izandako hamalau herritan barrena ibilbidea antolatu du Nafarroako Gobernuak, hormairudi eta panel informatiboak jarriz.
Karlisten lorratzei segika
Iñigo Astiz.
IruñeaKarlistek Nafarroan utzitako lorratzei segitzea. Hori da Nafarroako Gobernuak prestaturiko karlismoaren ibilbidea izeneko ekimen turistikoak proposatzen duena. XIX. mendekogerra karlistetan Nafarroan izaniko batailarik garrantzitsuenak gertatu ziren lekuetan barrena hormairudiak eta panelak jarriko dituzte, horregatik, bisitariari gune haietan gertatutako bataila eta gertakari historikoak gogorarazteko.
Lehenagotik ere baziren elkarren aurkako bi joera, baina Espainiako koroaren oinordekotza izan zen gerra karlisten gatazkaren katalizatzailea. Fernando VII.a Espainiako erregea hiltzean, haren alabaren inguruan bildu ziren liberalak, eta haren anaiaren inguruan, aldiz, absolutismoaren, erregimen zaharraren eta foruak mantentzearen aldekoak, Karlos V.aren inguruan, hain zuzen ere. Erregetzara bata edo bestea heldu, hori izan zen gatazkaren hazia, eta Nafarroa izan zen borroka gune nabarmenetako bat. Bai 1833 eta 1840 arteko I. Karlistaldian, eta baita 1872 eta 1876 arteko II. Karlistaldian ere.
Gunerik garrantzitsuenetan panelak jarri ditu, horregatik, Nafarroako Gobernuak, aditu talde baten laguntzarekin. Hiru gunetan banatu dute ibilbidea. Iparraldea da lehena; Bera, Etxalar, Zugarramurdi eta Elizondo. Tropen mugimenduak hartu zituzten guneak dira bigarrenak; Altsasu, Orokieta-Erbiti, Etxauri, Gares eta Mendigorrian. Eta Lizarra aldea da hirugarrena, Abartzuza, Arroitz, Aiegi, Lizarra eta Lakar.
Hegoaldetik Iparraldera bisita liteke historia, Lizarrarekin hasiz. Karlisten gune garrantzitsuenetako bat izan zen Lizarra, haien hiriburua bi gudetan, eta han egin zituzten karlista gehienek entrenamenduak. Inguru haietan indartsu izan ziren karlistak, eta, horregatik, karlismoaren bihotza izan zela esan liteke. Lakar, Aiegi, Arroitz eta Abartzuzan izandako guden berri ere ematen da hormairudi bitartez.
Garesen, karlistek 1835an, hiriari setio gogorra ezarri ziotela azaltzen da bertako panelean, eta, halere, azkenean, liberalengandik ihesi egin behar izan zutela. Mendigorriara jo zuten orduan, eta hari ere setioa ezarri zioten. Berriz galtzaile atera ziren, ordea. Zumalakarregiren tropen eta Quesada liberalaren armadaren artean izandako aurrez aurrekoaren lekuko izan zen Altsasu, 1834ko apirilaren 22an. 1872an Orokieta-Erbitin jaso zuten karlistek II. Karlistaldiko lehen kolpea. 1873an izan zuten, aldiz, garaipenik ezagunenetariko bat Aiegi ondoan, Montejurra mendian. Hiru eguneko aurrez aurrekoen ondoren, garaile atera ziren Karlosen aldekoak. Urte berean, Etxaurin kontseilu militar garrantzitsua antolatu zuen Karlos VII.ak.
Karlisten ibilbidean gune garrantzitsua izan zen Elizondo ere. Han elkartu ziren Karlos V.a eta Tomas Zumalakarregi jenerala 1834ko uztailaren 10an. Aldiz, II. Karlistaldiaren hasieran, Bera eta Zugarramurdi izan ziren guda haren lehen lekukoetariko bi, haietan ekin baitzion Karlos VII.ak bere altxamendu asmoari. Etxalaren izan zen, ordea, II. Karlistaldiko azken bataila garrantzitsua, 1876an.
Ibilbidea osatzen duten afixetan eta paneletan ageriko diren azalpenetako batzuk baino ez dira horiek. Jarrita daude jadanik gehienak, baina jartzeko oraindik beste batzuk. Herri bakoitzean, betiere, azalpen motz eta argien bidez emango zaio bisitariari han gertaturikoen berri.
XX. mendeko karlismoa
Ibilaldiak batez ere karlismoaren XIX. mendeko historia aztertzen badu ere, karlismoaren historia ez da XIX. mendean bukatzen, eta bizirik dago oraindik ere alderdi karlisten bidez. 1936ko gerran, esaterako, Francoren alde aritu ziren karlistak borrokan. Manuel Martorell kazetari eta karlismoan adituak dioenez, ordea, konplexua da karlismoaren XX. mendeko historia. «Karlismoaren historia hurbila frankismoak egin du. Eta horrek karlismoak izan zuen papera erabat desitxuratu du. Garaipenaren eremuan galtzaileak izan ziren karlistak. Baina gero frankismoari aurre egin ziotenez, ezin izan zuten haien historia idatzi». Irabazle arteko galtzaileak dira XX. mendean karlistak, Martorellen ustez. «Irabazleen alde egon zen mugimenduaz ari gara, baina politikoki gerra galdu zuen».
Karlistak falangistekin batera borrokatu baziren ere, gerra ondoan harreman liskartsua izan zen bi mugimenduen artekoa. Tentsioa nabarmena zen. «Nola uler daiteke, bestela, 1942an komando falangista batek eskuko hainbat bonba botatzea elkarretaratze karlista baten aurka?».
1976an Alderdi Karlistak Montejurrako muinora egindako erromerian gertaturiko erasoak ere hor daude. Karlismoaren hegal eskuindarrak, falangistek eta estatuko indarrek antolaturiko eraso hartan bi persona hil zituzten. Harriak bota, muinora igotzea galarazi, eta suzko armaz egin zieten tiro erromerian zirenei.
XIX. mendetik gaur arte, historia luzea du karlismoak. Urratsez urrats, eta lorratzez lorratz, Martorellek dioenez, egun Europan bizirik dagoen mugimendu politikorik zaharrena da karlismoa.
Zenbait urrats
Aste Santuan irekiko ditu ateak Lizarran eraiki duten karlismoaren museoak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
