Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:46

kultura;2009-08-28;Capote, errealitatearen gosea. Truman Capotek fikziorik gabeko nobelak idazten eman zuen bizitza osoa, eta ÔOdol hotzeanÕ erreportaje- eleberrian kazetaritzari urratsa aldatu nahi izan zion, datu hotzetatik harago. Duela hogeita bost urte hil zen.

Truman Capotek fikziorik gabeko nobelak idazten eman zuen bizitza osoa, eta 'Odol hotzean' erreportaje- eleberrian kazetaritzari urratsa aldatu nahi izan zion, datu hotzetatik harago. Duela hogeita bost urte hil zen.

Capote, errealitatearen gosea

Alberto Barandiaran.

Zortzi urterekin hasi nintzen idazten: tristurak bultzaturik, inoren etsenplua jarraitzeko asmorik gabe. Ez nuen ezagutzen idazten zuen inor, irakurtzen zuen jenderik ere apenas, egia esan [...]. Egun batean, idazten hasi nintzen, neure burua bizitza osorako ofizio noble baina gupidagabe bati lotzen niola jakin gabe. Jainkoak dohain bat ematen dizunean, zartailu bat ematen dizu; eta zartailu hori autoflagelaziorako besterik ez da».

Truman Capotek bere burua erretratatu zuen Kameleoientzako musika liburuko hitzaurrean. Odol hotzean argitaratu eta gero kaleratu zuen liburua, hil baino lau urte lehenago, eta onenak emanak zituen jada. Alkoholizatuta zegoen, eta drogen menpe bizi zen. Answered Prayers izeneko lan handinahiari guztiz emana zen, ustez bere lan onena izango zelakoan, baina ahalegina ustela izan zen. Eta, hala eta guztiz ere, Kameleoientzako horretan, Capote bikainaren pasarte asko daude. Esaterako, Eskuz landutako hilkutxak nobela laburra. «Fikziorik gabeko nobela», aldarrikatu zuen New Orleanseko (AEB) idazleak.

«Jarri nintzen pentsatzen» idatzi zuen, «zer gertatuko ote zen autoreak bere erreportaje diziplina gogor eta zurruna alde batera utzi eta materiala fikziozkoa balitz bezala erabiliko balu». Hau da, lehenago eta geroago ere kazetari askok euren buruari egin dioten galdera bera egin zion Capotek orduan: kazetaritzarekin literatura egin daiteke?

Bakardadea arintzeko, idazle

Kazetari baitzen, izan ere, 1924ko irailaren 30ean Truman Streckfus Persons izenarekin jaio zen Capote. Munduari begi harrituez eta gosetuez begiratu zion beti, eta harriduraz eta gosez bizi izan zen hil zen arte. Harriduraz, ezagutu zituen gizakien konplexutasunagatik; gosez, konplexutasun horren alderdi guztiak probatzearren.

Hasieran, abentura istorioak, hilketa misterioak, komedia satiriko laburrak, eta antzinako esklaboek eta AEBetako gerra zibileko beteranoei entzundakoekin ipuinak idazten hasi zen. Munduari ihes egiteko modu bat zen hori ere. Amak, bereizi zenean, ahaideekin utzi zuen mutil koskorra, AEBetako hegoaldeko Alabaman eta Louisianan.

Orduko bakardade sentimendua arintzearren idazten hasi zela esan zuen behin Capotek. Dibertigarria zela, harik eta ondo idaztearen eta gaizki idaztearen arteko aldea aurkitu zuen arte. «Orduan amaitu zen festa. Eta, gero, are aurkikuntza asaldagarriagoa egin nuen: ongi idaztearen eta benetako artearen arteko aldea; sumagaitza da, baina izugarria».

New Yorkera aldatu zen haren aitaordearekin, eta berehala ipuinak bidaltzen hasi zen orduko literatura argitalpen onenetara. 17 urterekin, The New Yorker aldizkarian lan egiten hasi zen, eta dozenaka artikulu eta elkarrizketa argitaratu zituen han. 1948an, Other Voices, Other Rooms nobela argitaratu zuen. Sekulako fama eta onarpena eman zion horrek. Edgar Allan Poeren ordezkoa aurkitu omen zuten estatubatuar literatura kritikariek.

Famarekin, eta diruarekin, istorio bildumak idazten jarraitu zuen. Saiakera eta potretak, antzerkiak, gidoiak eta gertaera erreportajeak. Estiloa fintzen ari zen, eta Europan barna egin zituen bidaietan, eta New Yorkeko goi mailako gizartearen harremanetan, erretratu bikainak utzi zituen. 1958an Gosaria Tiffany's-en argitaratu zuen, eta lan horrekin gailurra jo zuen AEBetako idazle gazteen artean, baina hark beti goraipatu zuen urte batzuk lehenago kaleratutako The Muses Are Heard lana, The New Yorker-en idatzitako artikulu interesgarrienekin. «Liburu hori garrantzi handiko gertaera izan zen niretzat: idaztean konturatu nintzen irtenbidea aurkitu niola beti nire sormen katramilarik handiena izan zenari». Katramila hori kazetaritza narratiboa, literarioa egitea zen, alegia. «Kazetaritza-nobela sortu nahi nuen, goi mailako zerbait, sinesgarritasuna, filmearen hurbiltasuna, prosaren sakontasuna eta askatasuna, eta poesiaren zehaztasuna izango zituena».

'Odol hotzean'

Kansasko Holcomb herrian gertatutako hilketa-kasu ilun bat izan zen goi mailako hori egiteko aukera eman ziona. Bi gaizkilek, Dick Hickockek eta Perry Smithek, Cutter sendiko lau lagun hil zituzten haien etxean, krudeltasun hotzez. Berria irakurri eta berehala, Truman Capotek Kansasera joan eta hilketaren xehetasun guztiak argitzeari ekin zion. Hura izan zuen benetako kezka eta buruhaustea hurrengo sei urteetan. «Jende askok uste izan zuen jota nengoela, Kansasko ordeketan sei urtez batetik bestera ibili nintzenean; beste batzuek 'fikziogabeko nobela' kontzeptua gaitzetsi zuten; Norman Mailerrek 'irudimenaren porrot' gisa deskribatzen du... esanez, ongi ulertzen badut, nobelagileak irudimenezko zerbaiti buruz ari beharko lukeela idazten, eta ez hainbeste benetako zerbaiti buruz».

Kritikak kritika, ez zuen etsi. Krimenaren inguruko dokumentazio guztia begiratu zuen, inguruko gizartea aztertu zuen eta, batez ere, hiltzaileak elkarrizketatu zituen. Hainbeste aldiz elkarrizketatu, ia haien konfidente bilakatu baitzen. Biak azkenean urkatu zituztenean, Capote tranpalaren ondoan zen, gainontzeko gonbidatuen artean. Gero, gertaeren erreportajea idatzi zuen; nobela eder bat, haren onena: Odol hotzean. Joan den mendeko libururik famatuenetakoa.

Baina gehiago nahi, Capotek. Droga gehiago, ospe gehiago, maitasun gehiago nonbait. «Alkoholikoa naiz, drogazalea naiz, homosexuala naiz, jenio bat naiz», esaten zuen. Eta Prousten mailara iritsiko zen nobela nahi, gizarte oso baten erretratu eztabaidaezina. Answered Prayers zen proiektuaren izena. Hor, Capote bera zen protagonista. «Neure burua eszenaren erdian jarri, eta eguneroko jendarekin izandako elkarrizketa arruntak serioski, xehero, berregin nituen [...]. Horrelako gauza arruntez ehunka orri bete ondoren, azkenean estilo bat lortu nuen, idazteari buruz nekien guztia erabiltzeko moduko marko bat aurkitu».

Erabat amaitu gabe argitaratu zen, egilea hil eta hiru urtera, 1987an. Gertatzen ohi den bezala, idazlearen azken liburua, haren libururik txarrena gertatu zen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia