Berria.info

Asteartea, 2010ko martxoak 16 -

2009-08-25

Hogei urte geroago Bilbo eta Itoiz berriz elkartu ziren Aste Nagusian 'Itoiz Suite' obra sinfonikoaren estreinaldirako. Taldearen eta hiriaren arteko lotura estua biziberritzeko aukera izan zen. Juan Carlos Perezek esaldi batean laburbildu zuen: «Bilbo, beti Bilbo, gure bihotzean».

Itoiz, beti Itoiz

Jon Eskisabel.

Bilbo

Laurogeiko hamarkadan Bilboko Aste Nagusietako klasiko bat ziren Itoizen emanaldiak, pilotan Retegi eta Galarzaren arteko eskuz banakako finalak bezala. Disko berria aurkezteko izan ala ez izan, 1982tik 1987ra bitartean ia urtero jo zuen Plaza Barrian. Emanaldi jendetsuenak ere Bilbon egin zituen Itoizek, Espaloian aurkezteko Casilla kiroldegia gainezka jarri zuen kontzertu hartan bezala. Mutrikuko taldeak hiriarekin duen harreman estua lehenagotik zetorren, artean Indar Trabes izena zuela 1978ko lehen herri jaietan bi egunez jo zuenetik. Geroago taldearen lehen diskoan agertuko ziren zenbait kantu jotzen zituen Indar Trabesek emanaldi haietan.

Itoizen kantuak Bilbora itzuli ziren larunbatean, bertsio sinfonikoan eta Iker Sanchezek zuzendutako Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Eta orain ere, Aste Nagusian gertatu zen, baina Plaza Barriaren ordez, Abandoibarrak hartu zuen Itoiz Suite-ren estreinaldia, Guggenheimen eta itsasadarraren artean, gaugiro zoragarria zela. Itoizeko zenbait partaide ohi berriz ikusteko eta entzuteko aukera izan zen. Batzuk agertokian ikusi ahal izan ziren: Juan Carlos Perez, Itoiz Suite-ren sortzailea, eta Jose Garate Foisis, orkestrarekin kontrabaxua joz. Beste batzuk ikus-entzuleen artean zeuden: Angel Azkarraga Matxitxa -Itoizen managerra- eta Jimmy Arrabit bateria jotzailea kasu.

Ez luke harritu behar Itoizen kantuak arlo sinfonikora eraman izanak. Nolabait idatzita zegoen egunen batean moldatu egingo zituztela orkestra batek interpreta zitzan, Lau teilatu edo Ezekielen prophezia ezagun egin aurretik idatzita ere. Muskaria aldizkarian argitaratutako taldearen lehen elkarrizketan Roge Blasco kazetariak aukeratutako lerroburua iragarle bihurtu zen: Portuko sinfonia. Taldea desegin zenetik Juan Carlos Perezek musika partiturak idazteari emana garatu du bere musika ibilbidea, eta duela urte gutxi Bizkaieraz bere lehen lan sinfonikoa estreinatu ondoren -hura ere BOSekin-, denbora kontua zen Itoizen kantuen orkestrarako moldaketari heltzea.

Emanaldira hurbildutakoen artean gehiengo zabala osatzen zuten 40 urtetik gorakoek, Itoizen kantuekin hazitakoek. Haiengan pentsatuz sortu du Perezek Itoiz Suite. Kantuen jatorrizko egitura, melodia eta leloak errespetatu ditu, entzuleak berehala ezagutu eta haien gainean abesteko aukera izan dezan. Alde horretatik, lasai egon daitezke zaleak: Itoiz aurkituko dute. Errepertorio zabaletik ale ezagunenak aukeratu ditu Perezek, Marea gora, Marilyn, Hegal egiten, Foisis jauna eta Lau teilatu besteak beste, eta bazter utzi ditu formatu sinfonikorako egokiagoak ziruditen lehen diskoetako beste konposizio batzuk. Kantuok bestelako ozentasun batekin -haize instrumentuek garrantzia handia hartu dute, biolinekin batera- eta moldaketa berriez apainduta entzutean datza obraren erakargarritasuna. Emaitza swingera hurbiltzen da batzuetan (Marilyn), eta opera rockera beste batzuetan (Foisis jauna). Itoizen garai sinfonikoko piezetan, Ezekielen prophezia eta Goizeko deiadar -azken hori Lo egin-ekin lotu du-, hartu du Perezek kantuen gaineko aldaerak harago eramateko tartea. Zutik egon arren -askok eskertuko zuten aulki batzuk jarri izana-, emanaldia arretaz jarraitu zuten entzuleek, ia isiltasun erabatekoan, eta espero zitekeenez Lau teilatu-k jaso zituen txalo beroenak, baita malkoren bat edo beste isurarazi ere. Hainbatek kantuan, ia xuxurlan, lagundu zioten BOSen interpretazioari, unea are hunkigarriagoa eginez. Itoizen lehen kontzertuetan bezala, irudiek lagundu zuten zuzeneko musika. Jesus Mari Lazkano artistak prestaturiko muntatzeak kantuen giro bukoliko eta onirikoa islatu zuen, zeru hodeitsu, itsaso zakarrak balantzaka jarritako arrantzontzi edota sorgindu itxurako mendi eta basoen irudi lausoen bidez.

Ia ordubeteko emanaldiaren ondoren, Juan Carlos Perez agertu zen oholtzan eskerrak ematera. Baina oraindik zerbait falta zen, azken oparia. Foisis-ek eta berak Zati txiki bat La m'n abestu zuten bi ahotsetara, harparen eta txirularen laguntza bakarraz. «Bilbo, beti Bilbo, gure bihotzean», esker oneko hitzak atera zitzaizkion Perezi, biziki hunkiturik, txalo zaparradaren artean. Jendeak gehiago nahi zuen, eta bigarren aldiz Lau teilatu interpretatu zuen orkestrak.

Bihar Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan izango da Itoiz Suite entzuteko aukera. Oraingoz ez dago beste emanaldirik iragarrita, baina irailaren hasieran Perezen obra grabatuko du BOSek, eta Bilbon hartutako irudiez lagunduta, CD-DVD batean argitaratuko dute urtea amaitu aurretik.

Egia izango da: Itoizen itzulerak ez du zentzurik, ez baita sekula joan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia