Munoaundi aztarnategian Burdin Aroko harresia eta bi dorre induskatzen ari dira Aranzadi elkartekoak, ikasle eta boluntarioen laguntzarekin, eta jende ugari bildu da lanak ikustera.
Muga arteko harresi errotua
Ane Urrutikoetxea.
DonostiaAzkoitia eta Azpeitia (Gipuzkoa) banatzen dituen mendixka batean, Munoaundin, harresi bat dago. Pinudi baten gerizpeak babesturik, harri koskorrez beteriko maldaren itxura hartzen du, baina ez da nolanahiko multzoa: Burdin Aroko herri baten babesleku eta bizigune izandako horma sendoa da. Mendeetako loalditik esnatu dute Aranzadi elkarteko kideek, 2006tik urtero egiten duten indusketa proiektuarekin.
Jende ugari bildu da indusketak ikustera. Basoan zehar aldapan gora txango ederra egin ondoren, adi-adi egon dira hango langileen lanari begira eta azalpenak entzuten. Bitartean, taldeak -ikasle eta boluntarioz osatutakoa da- duela 2.500 urteko harriak biltzen eta sailkatzen jarraitu du.
Lehen begiratuan, ez da samurra gertatzen eraikuntza arrastorik ikustea. Baina, indusketen zuzendari Sonia San Joseren esanetan, han hamabi metroko bi dorrek gordetako herri harresitua egon zen: «Kokagune hau berebiziko lekua zen herrialde bat eraikitzeko. Izan ere, bailara erraz ikusten da hemendik, eta, horrez gain, pareta batek harresi naturalaren funtzioa betetzen zuen alde batean. Horrek leku pribilegiatua bihurtzen zuen».
Iaz landutako fasean, herrirako sarbidea aurkitu zuten. Han daude bi dorreak, egun zortzi metro inguruko harrizko muinoak direnak. San Joseren arabera, haiek eman zieten sarbidea aurkitzeko gakoa: «Dorreen artean bi metroko zabalerako gunea topatu dugu, alboetan harresia duela. Egitura horrek babes eta behatoki funtzioa bete zuela uste dugu».
Harresiaren eremua aztertzeaz gain, jatorrizko egituraren itxuraz berreraikitzeko asmoa dute: «Gure helburua ez da soilik harri hauek guztiak ateratzea: dena berreraikitzeko asmoa daukagu, eta guneak gordetzen duen historia jendeari ezagutarazi. Unitate didaktikoz osaturiko museoa sortu nahi dugu».
Beste gune batean herria osatu zuten etxebizitza arrastoak daude. Horiek ere aztertu dituzte, hango bizimodua eta ohiturak ezagutzeko: «Burdinazko tresnak eta eskuz zein tornuz egindako zeramikazko objektuak aurkitu ditugu. Horrek, nagusiki nekazariak eta abeltzainak bizi zirela frogatzen du. Ondo antolatutako gizarteak ziren, sendoak eta guztiz egituratuak. Hirigintza sistema bat zuten, erromatarrak etorri aurretik egituratua».
Burdin Aroak liluraturik
Idusketalariak etengabe dabiltza lanean, harresi azpian makurturik. Guztira 24 lagun ibili dira aurtengo indusketetan: azpeitiar eta azkoitiar ugariz gain, beste zenbait euskal herritar bildu dira, baita Galiziatik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiako zenbait tokitatik etorritakoak ere.
Rocio Gomez historialari euskalduna Bartzelonan dabil ikasketak egiten, baina Munoandira etorri nahi izan du praktikak egitera: «Bereziki interesatzen zait Burdin Aroa, eta hemengo aurkikuntzak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Lan gogorra da, poliki eta ordu asko sartuz egin beharrekoa, baina polita ere bada. Toki askotako jende gaztea bildu gara, eta oso esperientzia atsegina izan da. Orain dorrea mugatzen ari gara, haren oinarrietan eraikuntza formako beste aztarnen bila».
Bisitariek lanean utzi dituzte aztarnategiko kideak. 2013rako jarri dute amaitzeko epea, eta bitartean harresi zaharra azaleratzen ikusteko aukera izango da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
