«Pablok ez zuen desertatu»
Iruñeko Erraldoien Txokoa txiki geratu da Pablo Antoñana idazle zendu berria omendu nahi izan duten guztiak hartzeko
Ekitaldi soil eta hunkigarria eskaini diote senide eta lagunek, irakurketaz irakurketa
Iñigo Astiz.
IruñeaSoila eta hunkigarria. Halakoa izan zen Pablo Antoñanari Iruñeko Erraldoien Txokoan bere senide eta lagunek atzo eskaini zioten omenaldia. Jende mordoak egin nahi izan zuen bat ekitaldiarekin eta beteta zegoen aretoa. Eszenatokiaren erdian Pablo Antoñanaren irudia zegoen, Xabier Morras margolariak arkatzez eginiko erretratuaren bidez, eta azpian loreak. Hori eta lagunen hitz eta kantuak. Eta Antoñanaren oroitzapena denon gogoan. Besterik ez.
Lagunak, senideak, ezagunak, politika eta kultur munduko ordezkariak, eta irakurleak bildu ziren. Irakurle asko. Txiki gelditu zen hemendik aurrera bere baitan hileta zibilak ere hartuko dituen Erraldoien Txokoa. Barruan sartu ez, eta kaletik jarraitu behar izan zuten askok, horretarako jarritako bozgorailu batzuei esker.
Jabier Pagola kazetaria aritu zen aurkezle lanetan, eta Antoñana gogoratu zuten lagun guztien irakurketak josten. Aretoaz gain, ekitaldiak iraun zuen ordu betea ere motz gelditu zen, bertan parte hartu nahi izan zuen jende guztia hartzeko. Idazlearen hitzen bidez ekin zion Pagolak omenaldiari. Autoerretratua testuarekin. «Pablo Antoñana da nire izena, eta Vianan jaio nintzen, Nafarroan. Nire lana etxera ogia ekartzea da, udaletxeko idazkari. [...] Ez dut arrosa urik ekarri, ez hitz politik. Baina... nire begiak errukior isurtzen dira sufritzen duenarekiko, eta nire higuina, aldiz, minaren sortzailearekiko».
Idazlearen soiltasuna ekarri zuten gogora Toño Murok, Antoñanaren literaturan adituak, eta Xabier Eder idazleak. Aitortzak izeneko testua irakurri zuen Ederrek eta Desioak izenekoa Murok. «Uko egiten diot zeruari, eta txoritxoaren heriotza umila eta nire aulkitxoa aukeratzen ditut haren ordez, eternitatearen leku batean».
Kritikoa zen Antoñana, eta horregatik urteetan baztertu eta ahantzi egin dutela aipatu zuen Miguel Sanchez Ostiz idazleak. «Askok utzi egingo zioketen idazteari Pablok jasandakoa jasan behar izanez gero. Desertatzea, ordea, bizitzan hilda egoteko modu bat da, eta Pablok ez zuen desertatu». Beste alde batetik begiratu zion ahanzturari Miguel Angel Garciak, Elgacena Kultur elkarteko kideak. «Pablo desmemoriaren zigortzaile handia izan da beti».
Euskara ikasten hasi zeneko garaiak ere ekarri zituzten gogora. Sagrario Aleman euskaltzain eta haren irakasle izana arduratu zen horretaz. Hunkiturik zuzendu zitzaion Antoñanaren emazte Elvira Sainzi. «Ziur naiz orain zuen ilobak Pablok hainbeste maite zuen hizkuntza horretan entzutean, zurekin sentituko duzula». Idazlearen historiarekiko zaletasuna eta gaitasuna nabarmendu zituen Roldan Jimeno historialariak, eta bere aitaren poema bat irakurri zuen Alfredo Diaz de Ceriok.
Omenaldien iheslari
Inoiz Antoñanari kantatu zion, eta hark oso gustuko zuen sehaska kanta bat abestu zuen Pello Lizarralde idazleak, eta idazleari buruzko testu bat ere irakurri zuen. Bernardo Atxagak ere testu propio bat irakurri zuen, Adan eta Bizitza poema, Antoñana gizaki adanikoa zelako. «Nahi genuke pentsatu», zioen, «hildakoari sehaska kanta bat abestu, eta hau lasai lo dagoela. Baina tamalez ez da hala».
Txalapartak eta San Jose Parrokiako koralak doinua jarri zioten omenaldiari, eta idazlearen alaba Blancak hartu zuen azkenik hitza. Nabarmen hunkiturik, hurbildutako guztiei eskerrak eman zizkien. «Gure aitari ez zitzaizkion omenaldiak gustatzen, ihes egiten zien beti, baina gaurkoa berak nahi lukeena bezalakoa izan da, eta uste dut guztiz hunkituko litzatekeela». Txalaparta. Eta gero txalo zaparrada handia.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
