Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:41

kultura;2009-08-16;Iritzia. Pablo Anto–anaren heriotzean

Pablo Antoñanaren heriotzean

Iritzia

Toño Muro - Literatura katedratiko eta Pablo Antoñanari buruzko tesi baten egilea

Ezerezaren lurraldera» azkarregi joan zaigu Pablo Antoñana. Iazko abendutik hona osasun egoera larrian egon da: operazio bat, operatu ondorengo arazoak, erietxean bost hilabeteko egonaldia, etxean errekuperazio luzea... eta ezinezkoa. Idazle originala, berezko estiloa eta pentsaera zituena, galdu dute gure literaturak eta kazetaritzak. Vianan jaio zen (1927-10-29), Navarro Villosladarena izandako etxean, idazle karlista honen alabaren zerbitzuan aritzen baitziren ama eta aitona-amonak; aita herriko maisu bat zen. XX. mende hasierako hiri txiki, integrista eta dekadente honetan izandako haurtzaroko bizipenek eta gerra zibilaren oihartzunek markatu zuten Antoñanaren sentiberatasuna. Irakurritako idazle gogokoengandik (Valle-Inclán, Baroja, Unamuno, Dostoievski, Faulkner...) jasotako irakaspenekin batera, ume eta gazte garaiko esperientziek bere mundu literarioaren muina osatuko zuten geroago. Iturri hauetatik dator Antoñanaren nobelei, ipuinei eta artikuluei darien bizitzaren ikuskera: gerrekiko gorrotoa; galtzaileen eta xumeen aldeko jarrera; boteredunen eta hauen laguntzaileen kritika, Elizarena barne; gizakiaren bakardadea eta babesgabetasuna... Irakurleek dakitenez, Vianan eta inguruan, Nafarroako hego-mendebaldeko lurraldeetan, kokatzen dira bere nobela eta ipuin gehienen kontakizunak, hau da, Antoñanak asmatutako Ioarko errepublika, non bertako paisaiak, gizakiak eta nekazari gizartearen ohiturak eta arazoak irudikatzen dituen.

Gazte-gaztetatik sortu zitzaion idazteko grina eta Zaragozan Zuzenbidea ikasten ari zela (1944-1949) lehenengo ipuinak, poemak eta artikuluak argitaratu zituen Aragoiko hiriburuko aldizkari eta egunkarietan. Ikasketak amaituta, jaiotako lurraldera bueltatu zen, Vianatik gertuko udal baten idazkari lanpostua betetzeko; hauxe izango zuen lanbide, erretiratu arte. Bertan Elvira Antoñana maistrarekin ezkondu zen eta Elvira eta Blanca alaben aita izan zen.

1950eko hamarkadan, frankismoaren loraldian, Lizarraldean isolaturik ekin zion bere lan literarioari, garai hartako errealismo sozialaren barruan koka dezakegun estetikarekin, nahiz eta joera hau gainditu literatur hizkuntza aberatsari eta narrazio teknika konplexuei esker. Orduan bere idazlanak zabaltzeko aurkitu zuen modu bakarra garai hartako lehiaketa literarioetan parte hartzea izan zen, eta zer edo zer lortu zuen, El capitán Cassou, No estamos solos eta La cuerda rota nobelek emaitza onak izan baitzituzten, baita El tiempo no está con nosotros ipuinak ere, 1962ko Donostia Hiria saria irabazi zuenak. Tamalez, soilik No estamos solos (1963) eta El sumario (1964) nobelak argitaratu zizkioten. Etsituta, 1962. eta 1977. urte bitartean bere luma igandero Diario de Navarra egunkariaren Las tierras y los hombres izeneko idazlan sortan garatu eta trebatu zen literatur artikulu zoragarriekin, haietariko asko ipuinak zirelarik. Bi nobela motzekin irabazi zituen berriro sariak: Pequeña crónica-rekin 1972ko Guipúzcoa saria, eta Relato cruento-rekin 1977ko Navarra saria. 80ko hamarkadan ipuin eta artikuluen bildumak argitaratzea lortu zuen, bereziki Pamiela argitaletxearen bitartez, eta aldi berean, 1982 eta 1986 artean, Navarra Hoy egunkarian Crónica sin fecha izenburupeko beste literatur artikulu sorta interesgarri bati ekin zion. Orduan eta aurrerantzean, aipatutakoez gain Euskal Herriko beste egunkari eta aldizkari askotan azaldu dira bere kolaborazioak: Egin, Diario de Noticias, Gara, Punto y Hora, Pamiela, Elgacena, Artyco, Aldapa... Aurtengo urtarrilean, Gara-n eta Nafarroako Diario de Noticias-en agertu dira bere azken zutabeak, operatu baino lehen prestatuta utzi zituenak. Azkeneko liburua, aldiz, Escrito en silencio izenekoa, 2008an argitaratu zuen; honetan, Ioar, Olaia eta Asier bilobek egindako marrazkiek lagunduta, ehun artikulu biltzen ziren.

Euskal kulturarekiko kezka handia gazte-gaztetatik zuen Pablo Antoñanak, eta euskara ikasten ibili da denbora luzez, Arturo Kanpion euskaltegiko ikasle urtetsuenetako bat izanik. Bestalde, Antoñanaren literatur lanetan euskara eta euskal kulturarekiko lotura hori nabaria da. Adibidez, Nafarroako mendialdean kokatzen den La cuerda rota nobelan, tabernan garatzen den eszena batean, bertsolari batzuen bertsoak irakur daitezke. Bestetik, gure literaturan hain garrantzitsua den Pott aldizkarian Pablo Antoñanaren hiru ipuin irakur daitezke. Azkenik, itzultzeko zailak badira ere, Antoñanaren zenbait testu euskaratu dituzte Luis Mari Larrañagak (Juli Andrea, Hits & Fits Banda, 1996) eta Jose Luis Padronek (Lurraren mugarriak, Bermingham, 2001), besteak beste.

 

Haren hitzetan



«Niretzat, terapia da idaztea. Batzuek barre egiten dute hori esaten dudanean. Sabatok esan zuela uste dut: 'Idazten badut, sufritu egiten dut, eta ez badut idazten, gehiago'. Gaitza da, eta ia derrigortua nago idaztera. Gogo txar eta onak nire baitatik bota behar ditut; egun bakarra ezin dut eman idatzi gabe. Droga da».

«Existitzeak, bizitzak berak, horrek poza ematen dit. Ez dut gaixotasunik izan; 77 urte eta gaixotasunik ez. Eta niretzat existentzia ez nuke esango plazera denik, plazer gutxi izan ditudalako nik, baina eguneroko bizitzak gogobetetzen nau, erabat. Jakitea eguerdian bi baso ardo hartuko ditudala nire betiko kaleetan, eta arratsaldean beste buelta bat emango dudala, horrek betetzen nau. Ez dut zertan triste egon».

«Aberria bakar batzuek beren onerako erabiltzen duten asmakeria da. Baina funtzionatzen du, gero datorrelako bandera, eta soldaduska, eta haren alde hil egin beharra, eta jendeak sinetsi egiten du. (...) Lur batekiko atxikimendua izatea: hori da niretzat aberria. Nirea Joarko Errepublika da, hor jaio eta bizi izan naizelako eta ez duelako ez armadarik eta ez agintaririk. Eta amets ederra da, ezinezkoa delako. (...) Aberri bat eskatzeak, aurrekoa bezalakoa izateko, nik uste dut horrek ez duela zentzurik».

«Anarkismoa utopia da. Kristautasuna ere beste utopia bat da. Ez du funtzionatzen, eta ez du funtzionatu, baina utopia ederra da. Marxen sozialismo zientifikoa ere hor dago, eta hori ere ez da mamitu: ez du aurrera egin. Zergatik? Gizakia miserablea delako, ez zaio buelta gehiago eman behar. (...) Gizakia utopiarako egina ez dagoelako egin du porrot. Ez dago prest elkartasunerako.

«Nafarroaren kasuan arazoak Foruen ezeztatzetik datoz. Gordetako sentimendu bat da. Nafarroaren konkista odolez lortu zen, susmagarri ez diren historialariek dioten bezala. Horrek guztiak irauten du oroimen historikoan. Nafarroan betidanik egon da zatiketa: agaramontarrak eta beaumontarrak, karlistak eta liberalak, euskaldunak eta ez euskaldunak. Uste dut elkar jasatera iritsi garela, baina ez dugu elkar maite. Gaur egun, errazena ardia izatea da. Izan ere, jendeak dena eginda ematea, pentsamendu bakarra ematea eskatzen du».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia