Agur idazle «erosezinari»
Pablo Antoñana hil da, Iruñean, etxean; bere obrarekin eta, oro har, literaturarekin konpromiso argia izan zuen beti
Gaur 12:00etan azken agurra emanen diote Iruñeko hilerrian, erraustu baino lehen
Edurne Elizondo.
Iruñea«Amets bat? Burua garbi izatea 85 urte bete arte», erran zuen orain dela bost urteko elkarrizketa batean. Pablo Antoñanari bizitza motz gelditu zaio amets hori betetzeko. Atzo goizaldean zendu zen idazle nafarra, Iruñeko San Frantzisko plazako etxean, denbora luzez gaixo egon ondoren. 81 urte zituen. Abenduan bihotzeko ebakuntza egin zioten, eta, geroztik, behera egin zuen haren osasunak. Hiru hilabete egon zen ospitalean, Zainketa Intentsiboetako Unitatean, eta handik etxera bidali zuten.
Ahul zen, ordea. Eta Antoñanaren gorputzak ez du indarrik izan ebakuntzaren ondorioak gainditzeko. Gaur erraustuko dute. Aurretik, 12:00etan, hilerrian bertan emanen diote idazleari azken agurra. Hasi dira, halaber, omenaldi herrikoia prestatzen. Akaso asteazkenean eginen dute, Erraldoien Txokoan, baina zehazteke dago.
1927. urtean sortu zen Antoñana, Vianan. Herriko maisua zuen aita, eta haren eskutik jaso zituen lehendabiziko eskolak. Gero, Logroñon (Espainia) jarraitu zituen institutuko ikasketak, eta irakasletza ere han ikasi zuen. Zaragozan (Espainia), berriz, zuzenbidea. Haur bat bertzerik ez zen 1936ko gerrak eztanda egin zuenean. Eta biziki markatu zuten garai hartan ikusi eta bizi izandakoek idazlearen ibilbidea. Behin baino gehiagotan erran zuen gerra garaitik «itzal beltza» zuela atzetik; ezin ziola ihes egin.
Zaragozan hasi zen lanak argitaratzen, eta uzta zabal eta oparoa utzi du. XX. mendearen bigarren erdiko idazle nafar garrantzitsuena izan da. Literaturaren esparruan ez ezik, prentsaren arloan ere aritu zen, Diario de Navarra, Navarra Hoy, Diario de Noticias eta Gara egunkarietan, bertzeak bertze. Eusko Ikaskuntzako kide ere bazen. Abenduko ebakuntza egin baino lehen, sei artikulu utzi zituen Diario de Noticias egunkarikoentzat, atseden hartzeko beharko zuen denboran argitaratzeko. Bertzerik idazteko aukerarik ez zuen izan.
Literaturarekikoa zen Antoñanaren konpromisorik estuena. Idazteko moduan ere islatzen zuen. Soila zen. Ez zen adjektiboen lagun. «Kontuz adjektiboak erabiltzen dituztenekin, gabeziak uzten baitituzte agerian», erraten zuen.
Antoñanaren lanak jarraitzaile anitz izan du. Nafarroan, idazle anitz gelditu da umezurtz haren heriotzarekin, eredu izan baitzen haientzat. Horietako bat da Miguel Sanchez Ostiz. «Diferentea» zela erraten zuen Sanchez Ostizek Antoñanari buruz. «Ikaragarri ongi deskribatzen du gauzetan gelditu den bizia; gelditu den oroimena».
Antoñanaren liburuen artean, No estamos solos eta La cuerda rota 1961ekoak eta Pequeña crónica 1972koa dira azpimarratzekoak. La cuerda rota-rekin, hain zuzen ere, Nadal sariko finalista izan zen. Ez zuten, ordea, berehala argitaratu. Pequeña crónica, berriz, idazlearentzat ez ezik, Iruñeko Pamiela argitaletxearentzat ere izan da berezia. Antoñanaren obra hori izan baitzen Pamielak gaztelaniaz emandako lehendabizikoa, duela 26 urte.
Vianako Printzea saria
Pamielako kide Pello Eltzaburu Iratxe tanatorioan zen atzo, idazlearen bertze lagunen eta senitartekoen ondoan. «Bagenekien gaizki zela, baina, hala ere, ustekabean hartu gaitu heriotzak», azaldu zuen.
Argitaletxearen eta idazlearen arteko harreman estua ekarri zuen gogora. Argitaletxea sortu aurretik, aldizkaria zen Pamiela, eta ale berezia egin zuten Antoñanarekin. «Hortik sortu zen Antoñanaren obra berreskuratzeko egitasmoa; horrela hasi ginen, eta, geroztik, erreferentziazko idazlea izan da guretzat». Antoñanak ere beti eskertu zuen Pamielakoen ahalegina. 1996. urtean Vianako Printzea saria jaso zuen idazleak, eta, haren eskutik, urte luzez izan ez zuen onarpen ofiziala jaso zuen, azkenean. Sari hori hartu eta gero egindako elkarrizketa batean, hala ere, Antoñanak argi utzi zuen Pamielakoen lanak aldatu ziola bizitza, omenaldi ofizialek baino gehiago. «Benetan nire bizitza aldatu zuena gazte talde batek Pequeña crónica argitaratzea izan zen. Hori bai izan zela garrantzitsua. Horri esker, lasai eta kontent nago».
Kontsekuente. Halakoxea zen Antoñana. Horixe azpimarratzen dute ezagutu zutenek. Bere obra, bere familia eta bere kultura izan ziren beti idazlearen ardatz nagusiak, eta haiekiko konpromisoari eutsi zion beti. Beti izan zen bere obretan asmatutako Ioar Errepublikarekiko leial.
Azken garaian ere, etxean gaixo zenean, «erosezin» zela aldarrikatzen zuen Antoñanak lagunen aurrean. Horietako bat izan zen Patxi Larrion. Bisita horietako batean, oinak eskuekin ukitu nahian harrapatu zuen idazlea, gorputza bizkortzeko edo. «Esan nion lagunei kontatuko niela Antoñana gorputza makurtzen ikusi nuela, baina ez, ordea, bera makur inoren aurrean; 'erosezin naiz', bota zidan berak. Ez baitzion inoiz inori men egin. Ez da euskal idazle bat hil, baina euskaldun bat hil da».
Asisko Urmenetarekin aritu zen euskara ikasten, Jose Maria Jimeno Juriorekin eta Jorge Cortes Izalekin batera. Vianako Printzea saria jaso zuenean, hain zuzen, baldintzatzat jarri zuen hitz batzuk euskaraz egin ahal izatea, gorbatarik ez janztea eta txapela ez kentzea. Txapel horrekin gogoratuko dute orain Iruñeko karriketan paseatzen ikusten zutenek.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
