Familientzako euskara barnetegiak egiten ari da AEK Zugarramurdi eta Adunan egunotan; etxekoekin euskara ikasi eta etxean euskara erabiltzeko ohitura zabaltzen laguntzea da helburua.
Euskara etxekotzen
Iñigo Astiz.
ZugarramurdiEuskara etxekotzen saiatzea. Hori da AEK-k Zugarramurdin (Nafarroa) antolatu duen familia barnetegietara joandakoen asmoa. 17 guraso eta 20 seme-alaba guztira. Denak euskara ikasi, eta familian ere euskaraz aritzeko ohitura finkatzeko helburuarekin. Euskara etxeko mahaiaren bueltan bisitari gisa beharrean, senide gisa egon dadin lortzeko. Lau irakasle eta bi begirale dituzte horretarako laguntzaile. Abuztuaren 3an joan ziren aterpera, eta han izango dira igandera arte. Etxean jarraitu beharko dute gero, Zugarramurdin hasitako lana.
Goizetan eskolan izaten dira gurasoak lau orduz, euskara ikasten, eta begiraleekin jolasean, berriz, umeak. Gutxi gorabehera gai berdinak lantzen dituzte, ordea, bai gurasoek eta bai umeek, arratsaldeko klaseen ondoren, tailerrak antolatzen baitituzte denentzat. Denak batzen dira orduan. Familian euskaraz aritzeko ohitura ezartzea da helburua, azken finean. «Lehen egunetan, adibidez, gurasoek Zugarramurdi eta inguruak ezagutarazteko panelak prestatu zituzten umeentzat», azaldu du Saioa Zubiaur irakasleak. Ateraldiak ere egin dituzte ondoko herrietara, eta herritarrekin ere harreman ona dutela dio.
Izarne Agirre irakasleak dioenez, lagun arteko giro polita sortu da aterpean, eta hasiak dira egindako lanaren emaitza batzuk ikusten. «Ume batzuk hasi dira gurasoekin eta gurekin euskara gehiago erabiltzen. Giroak asko laguntzen du horretan, noski».
Barnetegitik barnetegirako ibilbidea da, gainera, euskara ikasten dabiltzan familia batzuen kasua. Euskara ikasten ari zirela ezagutu zuen elkar bikoteetako batek, barnetegi batean, eta orain, berriz, guraso gisa bueltatu dira Zugarramurdiko familia barnetegira.
Euskal Herrian gisa honetako barnetegi bakarrak AEK-k antolatzen ditu. Zugarramurdi (Nafarroa), Aduna (Gipuzkoa) eta Foruan (Bizkaia) antolatu dituzte uda honetan. «Beti izan dugu argi transmisioa dela giltza», dio Lurdes Etxezarreta AEK-ko barnetegien arduradunak. Bilboko euskaltegi batean sortu ziren lehen aldiz familia euskaltegiak, orain dela hamar urte baino gehiago, eta jendea eta gogoa bazegoela ikusirik, eskaintza Euskal Herri osora zabaltzea erabaki zuten, eta, dioenez, harrera ona izan dute orain arte.
Errietan ere, euskaraz
Igandera arte iraungo dute Zugarramurdi eta Adunako familia barnetegiek. Orduan bukatuko dira eskolak, baina etxera bueltatzean ere izango dute lanik familiek. Barnetegian harturiko ohiturari eustea eta hura indartzea izango da erronka. Eta ez da erraza izango. Hala diote Mikel Olano eta Lola Encinasek. «Gasteiztarrak gara gu, eta hango gure giroa erdalduna da. Junek [alabak] D ereduan ikasten du, eta badaki euskaraz. Baina gero, herriko enparantzan umeen artean denak gaztelaniaz ari dira. Zer edo zer gaizki doala pentsatu, eta nola konpon daitekeen pentsatzen hasten zara orduan. Eta, ziur asko, arazo horren erruaren parte bat guk geuk dugu. Gure partea behintzat konpontzeko etorri gara. Hori da gure asmoa».
«Gure artean gauzak euskaraz esatea ez da zaila», dio Encinasek, «baina sentimenduak adieraztea, edo eztabaidan aritzea... oso zaila egiten zaigu. Errieta egiten hasiz gero, adibidez, nik berehala jotzen dut gaztelaniara. Ez dakit euskaraz halakorik egiten. Hemen pixkanaka-pixkanaka goaz gure harremanak euskaraz edukitzeko ohitura hori hartzen».
Hori da, izan ere, familia barnetegien helburua, Agirrek dioenez: bidea irekitzea. «Gero familia bakoitza eta etxe bakoitzeko kasuak ezberdinak dira».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
