Abauntzeko leize-zuloan 13.600 urte baino gehiago dituen krokis bat aurkitu dute ikerlariek, Europa Mendebaldean gisa horretako zaharrena. Mendia, ibaia eta ordeka daude harrian grabatuta.
Nafarroako lehen mapa
Erik Gartzia.
DonostiaNafarroako zatitxo bat kartografiatzen duen krokis bat aurkitu dute Abauntzeko (Arraitz, Ultzama) kobazuloan. Ez da nolanahiko aurkikuntza izan, 13.660 urte baititu mapa horrek. Hori dio Pilar Utrillak, Zaragozako (Espainia) Unibertsitateko Antzinatasunaren Zientziaren Saileko Aurrehistoriako katedradunak. Ondo ezagutzen du berak Nafarroako kobazulo hori. Izan ere, 1976an hasi zen bertan lanean Joxe Migel Barandiaranek bultzatuta.
Mapa irudikatua duen harria, berez, orain dela hamabost urte topatu zuten Abauntzen. Urte hauetan guztietan harriak aztertzen aritu dira, eta orain jakinarazi dituzte ikerketen emaitzak. Leize-zuloaren inguruko orografia «nahiko zehatz» irudikatuta dagoela esan dute ikertzaileek Journal of Human Evolution hilabetekarian.
Utrillak azaldu duenez, 1993an bi harri zati aurkitu zituzten Abauntzeko leize-zuloan. Bakoitzak kilo bat eta kilo eta erdi arteko pisua du, eta hogei zentimetroko luzera. Kareharrizkoak dira, eta horrek «grabaketa erraztuko zuen», Utrillaren arabera. Hurrengo urtean, 1994an, antzeko beste harri bloke bat aurkitu zuten, maila arkeologiko berean. Karbono 14-aren proben arabera, harri horiek 13.660 urteko antzinatasuna dute.
Europako Mendebaldean aurkitutako maparik zaharrenak dira Abauntzakoak. Ez, ordea, kontinentekoak. Izan ere, Utrillak azaldu du Txekiar Errepublikako Moravia eskualdean Nafarroakoak baino zaharragoak diren grabatuak aurkitu dituztela. Kasu horretan, bi hezurretan zeuden irudiak eta ez harri batean, esan du Aurrehistoriako katedradunak.
Ibaiak eta animaliak
Abauntzen aurkitutako hiru harrietatik bat Nafarroako Museoan dago ikusgai -zaldi baten burua du grabatuta-, eta besteak, aldiz, Zaragozako Unibertsitateko Antzinatasunaren Zientziaren Sailari behin-behinean utzi dizkio museoak. Horietatik bat argiztatzeko lanpara bat da, eta alboetan ibaiak eta animaliak ditu margotuta. Besteak, aldiz, Abauntzeko Leize-zuloaren inguruaren irudikapena da. Ikertzaileen arabera, ziurrenik zizel txiki batekin landuta dago krokisa.
Harri horretan kobazuloaren aurrean dagoen mendia -San Gregorio- agertzen da grabatuta, baita ondoan dauden ibaia eta ordeka ere. Gainera, ikertzaileek uste dute harrian landutako biribilak neguan izozten ziren ur putzuenak direla. Inguruan bizi ziren animaliak ere margotu zituzten Abauntzeko biztanleek. Utrillaren esanetan, krokis hori leize-zuloko biztanleek gauzak non gordetzen zituzten gogoratzeko erabiltzen zuten, «altxorraren mapa balitz bezala».
Ondorio horietara iristeko, ikertzaileek ikus-entzunezko hainbat bitarteko erabili dituzte, eta baita mikroskopioak eta hiru dimentsiotako eskanerrak ere. Hori bai, ez dituzte sekula kontaktu zuzenean eduki harriak eta bitarteko teknikoak, ezer ere ez kaltetzeko.
Journal of Human Evolution hilabetekariaren 56. atalean agertutako artikulua honako arkeologo hauek sinatu dute: Pilar Utrillak, Carlos Mazok, Mari Cruz Sopenak, Manuel Martinez-Beak eta Rafael Domingok. Horiek guztiak Zaragozako Unibertsitateko Antzinatasunaren Zientzien Sailekoak dira, Grupo de Pobladores del Ebro ikerketa taldekoak.
Euren helburua, orain, hiru harri bloke horien aurkikuntza azaltzen duen liburu bat idaztea da. Horiez gain, Abauntzen topatu zituzten beste bi pinturez ere hitz egingo dute idatziko duten liburu horretan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
