«Etorkizuna horizontala da»
Gipuzkoako Diputazioak kultur kudeaketan eta politiketan aldaketa iragarri du, teknologia berrien 2.0 aroan murgilduz
Bere artxiboak eskuragarri jarriz hasiko da kultur kontsumo ohitura berriak sustatzen
Ainara Gorostitzu.
DonostiaJauregitzarren harrizko hormetatik museo eta liburutegietara igaro ziren artea eta jakintza aspaldi batean, eta gero, Internetera. «Egitura bertikala zen lehen kulturaren kontsumoa, eta horizontala da orain. Kulturaren etorkizuna horizontala da», eta hor kokatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2.0 aroan murgildu eta kultur kudeaketan eta politiketan eredu berri bat landu nahi du aurrerantzean: «Herri gisa iraunarazteko, gure kultur edukiak guztion eskura, erabilgarri eta modu errazean jartzea ezinbestekoa ikusten dugu, euskarazko eta euskal edukien inguruko arreta sustatzeko bidean», adierazi zuen Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, Gipuzkoa 2.0 ekimenaren aurkezpenean, Tabakaleran, atzo iluntzean. Proiektuaren aurkezpen lanetan-Cory Doctorow kazetari eta blogaria eta Maite Goñi irakasle eta blogaria izan zituen lagun, eta aurrean hainbat idazle, bertsolari nahiz musikari, zein erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak.
Gipuzkoa 2.0 ekimena Foru Aldundiaren 2007-2011 Kudeaketa Planaren «programa estrategikoa» da. «Orain arteko kultur edukien eskuragarritasun eta erabilgarritasunean, erronka berriak aukera bihurtzeko asmotan, jarrera eta pentsamolde aldaketa» bultzatu nahi baitu. «Globalizazioaren aurrean euskal kulturak duen mehatxua aukera bihurtu behar dugu», Olanoren arabera, «teknologia berriak lanerako tresna bihurtuz».
Horretarako, euskal blogosferak egin duen lana izan du eredu Diputazioak, hala nola literaturaren Armiarma.com gunea, euskarazko Wikipedia (sarrera kopuruari dagokionez, 46.a da mundu osoan), blogarien komunitatea (5.000 blog zeuden bizirik iaz) edota Sustatu web-blog albistegia, besteak beste. Horien guztien eta Diputazioaren lana bide berean eginez, «elkarlana da estrategia», Olanoren hitzetan, «oinarrizko kultura aldaketa» proposatuz. Horren haritik, euskal kulturaren agente guztiek edukiak partekatzeko ideia izan behar dutela nabarmendu zuen Olanok.
Kultur kontsumo horizontal baten alde, «etxetik» hasiko da lanean Diputazioa, bere artxiboetako funtsak eskuragarri eta erabilgarri jarriz. Hori izango da euskal kultur edukiek Interneten bolumena sortzeko eta arreta bereganatzeko urratsetako bat. Eta, horretan, Euskal Herriko industriak izan duen bezala, euskal kulturak mundu osoan lehiatzeko aukera izan dezakeela dio ahaldun nagusiak: «Gure kulturak zergatik ez du eduki behar mundu osoan lehiatzeko ahalmena?».
Kultur edukiak sortu, sustatu eta partekatzeko egitasmo honetan, Diputazioak kultur erabilera libreetarako Aitortu-Partekatu Creative Commons lizentzia erabiliko du.
Edukien sozialiazazioa, xede
Kultur ondarea mantendu eta zabaltzeaz gain, kultura industriak sustatzea dira Gipuzkoa 2.0 ekimenaren bi jarraibide. Eta hirugarren eta nagusiena kultur edukien sozializazio sistematikoa lortzea da, hau da, digitalizatzea, sustatzea eta hedatzea, beti ere komunikazio eta informazio teknologia berrien bidez.
Gipuzkoa 2.0 programak lau lan ildo izango ditu, kultur edukiak teknologia berrien bidez sozializatzeko eta sutatzeko helburua lortze aldera. Edukiei dagokien alorra da garrantzitsuena, «mundu osoko erdaretako edukien tsunamiaren aurrean», hemen sorturiko edukiak uneoro eskuragarri izateko eta beraien kontsumo aktiboa sustatzeko prestaketak bultzatuko ditu Aldundiak. Eta talde, erakunde edo administrazioek kudeatzen dituzten edukiak ere Interneten erraz atzemateko web edizioen sorkuntza erraztuko duten baliabideen garapen teknologikoak landuko ditu, bilaketak erraztu, euskarazko testuak entzun, audiozko euskarazko hitzak identifikatu edota webguneetarako aplikazioen kodeak bermatzeko baliabide zerbitzuak landuko ditu eta tresnak erabiltzaileen esku jarriko.
Kultur politiketan eta kudeaketan erabateko aldaketa ekarriko duen Gipuzkoa 2.0 egitasmoa gauzatu ahal izateko, Diputazioak diru-laguntzetan ere lehentasuna emango die teknologia berrien bidezko egitasmoei.
Hasteko, ondare grafikoa libre
'GureGipuzkoa.net' artxiboa sortu du Diputazioak; Aranzadik eta Kutxak milaka argazki jarri dituzte
A. G.
DonostiaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
