Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:39

kultura;2009-07-21;Barrenean errotuta. ÔIrla izanÕ disko berria grabatzen ari da Anari; barne munduari itsatsita jarraitzen du bere ibilbideko laugarren lan honetan Urriaren erdialdera aterako du Bidehutsekin, eta azaroan hasiko da zuzenekoekin

Barrenean errotuta

'Irla izan' disko berria grabatzen ari da Anari; barne munduari itsatsita jarraitzen du bere ibilbideko laugarren lan honetan

Urriaren erdialdera aterako du Bidehutsekin, eta azaroan hasiko da zuzenekoekin

Gorka Erostarbe.

Andoain

Goizean goiz jaikita korrika saioa egin duelako, Garate baserrian (Andoain) giro lasai ezin hobea dagoelako akaso, edo ezkutuan altxor bat duela jakin eta ateratzear dela dakielako bestela, baina erlaxaturik ageri da, eskuartean duenarekin gustura dagoela azaltzen duen irribarre txikia ahoan. Etapa bat amaitu du, kantuak konposatzearena, eta beste bat itxi nahi du, grabaketarena. Iragan aste hasieratik Garate estudioan disko berria izango duena grabatzen ari da Anari (Azkoitia, 1971). Abesti berrietako soinu oinarriak sartu dituzte berak eta taldekideek lehen egunetan. Ahotsa sartzen hasi da orain. Uztaila amaierarako amaitua izango du lana.

Lau urte igaro dira Zebra (Metak, 2005) rock gordinez osaturiko lana kaleratu zuenetik, eta bederatzi Habiak (Metak, 2000) ilun malenkoniatsu pausatuagoa plazaratu zuenetik. «Bien arteko nahasketa bat» izan liteke Irla izan izeneko lana, Anari beraren hitzetan: «Oraingo honetan, estudioan sartu aurretik banekien zer disko egin nahi nuen gutxi gorabehera. Zebra-tik asko jaten du, taldekideak orduko berak direlako eta Borjaren gitarra bereizgarria hor dagoelako, baina kontrapisu handia du piano eta hammondetan. Txeloa ere izango da. Beraz, Habiak-etik ere izango du».

Musikaren munduan, Anarik ez du ikusten bere burua irla baten moduan -«norberak ahal duena egiten du, eta guk beste guztiek bezalaxe»-, baina lan berriko kantuetako izpiritua azaltzeko kontzeptu egokia deritzo: «Bizi momentuaren metafora bat da. Beti bilatzen dut kontzeptu bati loturiko ideia, eta kasu honetan irla izan da. Irla da zugandik beste denera dagoen distantzia, eta beste denetik zugana dagoen distantzia, eta ez dute zertan distantzia bera izan».

Barne mundua eta ni-a ezin baztertuzko bidaideak zaizkio Anariri. Ezin ihes egin. Zebra atera eta denbora luze batez zuzenekoetan aritu ostean, bere «zilborretik ateratzeko ahalegina» egin nahi zuela adierazi zuen kantugileak. Saiatu omen da, baina ezin. «Erabateko porrota izan da, alde horretatik. Orduan pentsatu nuen neureari inoiz baino indartsuago eustea. Inoiz egin dudan lan intimoena dela uste dut. Nire kantaerak eta instrumentazioak bide batetik naramate. Ez zait ateratzen AHTaren aurka kantatzerik, nahiz eta hala egon. Beste tonu batetik heldu beharko genioke bide horri. Auskalo, akaso beste bizi batean... ».

Zebra diskoarekin kontzertuak han-hemenka eman ostean, atseden bat hartu zuen. Irakasle lanetik eszedentzia hartu eta «asko idazteko» aukera izan zuen: «Grabatzen ari naizenean ez naiz kapaz kantuak konposatzeko, baina hemendik atera orduko hasiko naiz. Asko idatzi nuen. Iaz, uda ondoren jabetu nintzen kantu asko nituela eginda. Denok erabaki genuen jotzeari uztea, eta buru-belarri hasi nintzen abesti berriekin».

Zebra lanarekin talde izaera sendotu egin zuen. Alboan zituen musikariek -Borja (gitarra), Drake (baxua) eta Mikel Abrego (bateria)- parte-hartze zuzena izan zuten lan haren sorkuntza lanean, eta orain ere halatsu izan da: «Musikari berberekin jarraitzen dut. Abestiak nik konposatu ditut, baina gainerako guztian beraiek parte hartzen dute. Grabatzen hasi aurretik, inoiz baino denbora gehiago igaro dugu lokalean. Asmo jakinik gabe jo eta jo aritu ginen. Kantu asko genituen, eta, azkenean, 10-11 hauek aukeratu genituen. Bakoitzaren ekarpena handia izan da. Beste lanetan beti egon da abestiren bat ni biluziago aritzen naizena, baina, oraingo honetan, guztietan dago taldearen presentzia erabatekoa». Bidehuts kolektiboko kide dira taldekide guztiak, eta diskoa zigilu horretan kaleratuko dute.

Karlos Osinaga Txap ere taldekidetzat dute kasik-kasik. Hark egingo ditu soinu teknikariaren lanak. Txap bera da, Anarirekin batera, estudiora igo den aurrena. Beste taldekideak banan-banan iristen ari dira, oinez Drake, furgonetaz Mikel Abrego... Borja besterik ez da falta.

Kolaboratzaileen bisitak ere izango dituzte egun hauetan Garate estudioan. Lehena igaro da dagoeneko. Joaquin Pascual, Albaceteko (Espainia) Surfin' Bichos taldeko musikaria, arduratu da pianoa jotzeaz. Eta, besteak beste, Maite Arroitajauregi (txeloa), Audience taldeko Gaizka Insunza (ahotsa) eta Morau eta Agotak taldeko Beñardo Goietxe (ahotsa) ere bisitari izango dituzte.

Dena da duda

Diskoa osatuko duten kantuak aukeratzeko «dudak» izan ditu Anarik. «Grabaketa estudiora sartu eta dena duda bihurtzen da, hain zuzen erabakiak hartu behar diren garaian. 'Zergatik ez ote diogu ideia horri heldu?' 'Zergatik jo dugu hemendik?' Halakoak sarri izaten dira». Aurreko bi lanen ezaugarriak izango ditu lanak, baina ez du «inolaz ere» publikoari begira egin hautu hori: «Ez litzateke benetakoa. Une batean egia eta arrazoia dena, denborarekin guztiz kontrakoa bihur liteke eta. Gero eta disko gehiago egin, zeure buruaren aurkako lasterketa dela konturatzen zara. Gero eta garbiago dut gauza konparaezinak ezin direla konparatu. Zer da hobea aulkia ala itsasoa? Beste gauza bat da norberari zer iradokitzen dion lan batek. Nik, adibidez, lehen diskoko kantuak ezin ditut entzun ere egin, ia hamalau urte pasatu direlako, baina ez gara konturatzen badagoela adin hori duen jende bat... eta gustatzen zaiona. Norberaren buruari jarraitu behar zaio, eta horrekin nahiko lan... Bestela, zoratuko nintzateke».

Letra guztiak berak idatzi ditu, ia ohiko duen legez, eta ez zaio nekeza egin diskoak behar zuen poetika aurkitzea: «Ez dakit poetika hori bilatu dudan, baina, akaso, nahi baino gehiago aurkitu bai. Saiatu naiz aurrera egiten idazkeran, baina ez dakit gauza horiek kanpotik igartzen diren, edo norberaren irudipenak diren».

Musikari izateaz gain, musika zale amorratua da Anari, eta ezin gauza berriak entzuteko tentazioari eutsi: «Azkenaldian entzundakoetatik Jolie Hollandena, Giant Sandena, Gossipena, Kings Of Leonena... Egiten dudan musikarekin lotzen direnen artean beti entzuten dut Will Oldham, baina ez dut entzun hainbeste. Denetik entzuten dut, eta horrek betetzen nau. Eta behin konposatzen hasten naizenean, ez dut musikarik entzuten ia». Halere, «gustuko finko» batzuk baditu Anarik, eta horietako zenbait Euskal Herrian zian dira, gainera, azkenaldian. Nick Cave, Tom Waits eta Neil Young ikusi ditu, besteak beste, eta ondoriorik atera du haien emanaldietatik: «Nick Caven kontzertura joan eta pare bat aldiz kontzertua geratu zuela ikustea, eta gitarra desafinaturik zuela, bada... asko gustatu zitzaidan. Hori guri gertatuz gero, ematen du ez garela profesionalak, eta emakume izanez gero, oraindik eta perfekzio handigoa eskatzen zaigu. Beraz, artista handiak inperfekzioekin ikusteak lasaitu egiten nau».

Azaroan izango da berriro oholtzaren gainean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia