Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:39

kultura;2009-07-09;Eztabaidarako eskaria. Iru–a-Veleiako grafitoen gaiari irizpide zientifikoetatik berriro heltzeko eskatu du Eliseo Gilek, eta iruzurrik egon zela frogatzen duen daturik ez dagoela berretsi du.

Iruña-Veleiako grafitoen gaiari irizpide zientifikoetatik berriro heltzeko eskatu du Eliseo Gilek, eta iruzurrik egon zela frogatzen duen daturik ez dagoela berretsi du.

Eztabaidarako eskaria

Jon Rejado.

Gasteiz

Grafitoen inguruko eztabaida zientifikoa ireki nahi du Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohiak. Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak eztabaida ez duela «berriro» irekiko jakinarazi zuen; baina Gilen ustez, eztabaida hori ez zen inoiz gertatu. Kultura Sailak sortutako aholku batzorde zientifikoaren lana ezbaian jarri du, besteak beste ikerketa egiterakoan materialaren faltsutasuna oinarritzat hartu zelako, Gilen ustez. «Hasierako ideia hori zientziaren eremutik kanpo gelditu da».

Idoia Filloy aztarnategiko zuzendarikide ohia, Juan Martin Elexpuru Euskal Filologiako doktorea eta Koenraad Van den Driessche Geokimikan espezialitatea duen geologo doktorea ondoan izan zituen Gilek asteazkenean Goiuri Jauregian (Gasteiz) emandako hitzaldian. Bertan, aretoa bete zuten dozenaka lagunen aurrean, batzorde zientifikoaren lanean ikusitako hutsuneak azaldu eta batzorde horren ondorio batzuei erantzun zien, Arkeologiaren, Geologiaren eta Hizkuntzalaritzaren argudioak erabilita.

Gaia zehatz-mehatz aztertzen hasi aurretik, batzorde zientifikoaren lanean adierazgarriak gertatu zitzaizkion alor batzuk nabarmendu zituen Gilek hitzaldian. Hala, aztarnategiko hainbat toki tan aurkitu zituzten grafitoak «testuingururik izango ez balute bezala» aztertu zituztela kritikatu zuen, denak elkarrekin aurkitu izan balira bezala. Materiala non aurkitu zen zehaztu gabe azterketa historikoa eta filologikoa baino ezin dela egin nabarmendu ondoren, horrela lan egin izana kritikatu zuen. «Iruditu zitzaigun arkeologiarekin lotutako informazioa soberan zegoela eta norbait gogaitzen zuela».

Arkeologia lana grafitoak denboran kokatzeko baliogarria dela azpimarratu zuen Filloyk, eta, oraingoz, ez dela agertu erromatar garaikoak direla ezeztatzen duen frogarik. Hau da, ostraketan idatzita eta marraztuta dagoenaren inguruko eztabaida egon arren «erromatar garaiko eta eraldatu gabeko geruzetan agertu ziren». Azken baieztapen hori mantentzen dela berretsi zuen Filloyk, eta oinarri horretatik kanpo egin diren ikerketak «zientziaren kontrakoak» direla gaineratu zuen.

Oinarria duen ikonografia

Arkeologia lanetatik ateratako ondorioak baztertzean grafitoen ikerketan adierazgarriak izan daitezkeen ezaugarriak baztertzen dira, Filloyren ustez. «Etxe eremuan egin ziren grafitoak, bertatik ateratzeko helbururik gabe; hau da, ez zituzten profesionalek egin». Horrez gain, Veleiako herritarren oinarrizko hizkuntza latina ez zenez «latin jasoaren erabileran analfabetismo gradu bat» izan zezaketen. Aldundiko batzorde zientifikoak aztertutako marrazkiak ere hizpide izan zituen Filloyk.

Batzordeak faltsutzat jo zituen arren, III. eta V. mende arteko ikonografian adibideak daudela azaldu zuen Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendarikide ohiak. Gurutzeak nabarmendu zituen hasiera batean, batzordeak faltsutzat jo zituelako V. mendearen erdialdetik aurrera zabaldu zelako gurutzearen marrazkia. I. mendetik bertatik gurutzeak daudela arrazoitu zuen Filloyk; are gehiago, 313. urteko Milango ediktutik «ugaldu egin ziren» gurutzeen marrazkiak, Kristo iltzatuta agertzen zela edo inor gabe.

Emakumeen orrazkera, biluzik dagoen emakumea, animaliak irudikatzen dituzten antzerki mozorroak, sirena, ikurrak, 'J' letra... Batzorde zientifikoak faltsutzat hartutako grafitoak garai berean munduko beste toki batzuetan egiten zirela azaldu zuen Filloyk. «Gaur egun ditugun datuekin grafitoak egiazkoak izan daitezkeela esan daiteke».

Zarakarra, argigarria

Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako materiala erromatarren garaikoa izan daitekeela argudiatu zuen Koenraad Van den Driessche Geokimikan espezialitatea duen geologo doktoreak ere. Grafitoen argazkien azterketan oinarrituta, faltsutu ezin diren «ebidentzia fisikoak» daudela azaldu zuen. Ostraken azalean dagoen zarakarra nabarmendu zuen, kasu batzuetan ehunka urte behar baita pieza batzuetan dagoen zarakarra pilatzeko.

Pieza zehatz batzuetan karbonato zarakar hori marraztutakoaren ildoetan sartzen dela nabarmendu zuen, eta hori ezin da gertatu ezta duela hamar urte faltsututako materiala lurperatuta ere. Materiala garbitzeko prozesuan ere ezin direla faltsutu gaineratu zuen, ildo barruan zarakarrik ez bailitzateke egongo.

Zeramikako pieza batzuetan idatzitakoa faltsutzea oso zaila dela gaineratu zuen. Hainbat kasutan, zeramika egosi aurretik idatzitako grafitoak direla azaldu zuen. Material gogor batean nekez marraztuko ziren adibideak jarri zituen alde batetik, eta, bestetik, ildoen bazterretan handidurak ikusten direlako argazkietan. «Material bigun batean idaztean ildoen alboetan pilatzen da, eta zeramika egosi ondoren nekez faltsutu daiteke hori».

Batzorde zientifikoaren lana ere hizpide izan zuen Van den Driesschek. Juan Manuel Madariaga EHUko kimika katedradunak bederatzi pieza baino ez zituela aztertu gogoratu zuen, eta denak zeramikazkoak. Aztarnen artean adreiluan, hezurrean eta beiran egindako grafitoak zeudela gogoratu zuen , eta pieza horietako batzuetan nekez faltsutu daitezkeen grafitoak daudela.

Juan Martin Elexpuru Euskal Filologiako doktorearen arabera, «Iruñea Veleiako testuak erromatarren garaikoak izan daitezke, arazorik gabe». Euskarazko grafitoen artikuluaren erabilera, aspirazioa, grafiaren inguruko zalantzak eta lexikoa bera guztiz posible dela nabarmendu zuen, Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra katedradunek azaldutakoaren kontra. Goiuri jauregian haren ondoan eseri ziren pertsona guztiak bezala, froga berriak egin eta eztabaida berri bat hastearen alde agertu zen.

 

Ikerketa berri bat eskatzeko sinadura bilketa egingo dute



Iruña-Veleiako grafitoei buruzko eztabaida berriro pizteko hainbat ekimen egingo direla aurreratu du Juan Martin Elexpuru Euskal Filologiako doktoreak. Manifestu bat bukatzear dagoela jakinarazi du, eta hasiera batean «selektiboa» izango den sinadura bilketa hasiko dute hainbat esparrutako adituen artean.

Manifestuaren edukian aldarrikatu dute grafitoak faltsuak direla ez dela frogatu, eta benetakoak izan daitezkeela. Arabako Foru Aldundiari Eliseo Gil eta Lurmen enpresaren kontra jarritako salaketak kentzeko eskatuko diote, eta epaileari eskatuko diote «mota guztietako analisiak» egitea agin dezala, baita arkeologia lanak ere «zehaztutako guneetan».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia