Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-07-03

Andoni Egañak parte hartuko du aurtengo Bertsolari Txapelketan ere

Duela lau urteko apustua berretsi du Bertsozale Elkarteak, eta BECen jokatuko da finala abenduaren 13an

Irune Berro.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako txapelketak jokatu ondoren, udazkenean abiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren erdialdetik aurrera jokatuko dira lehen kanporaketak, eta Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, horretarako aukera duen bertsolari orok eman du izena.

Alegia, herrialdekakoetan gailenduriko eta sailkaturiko bertsolari guztiek parte hartuko dute aurtengo Txapelketa Nagusian. Baita duela lau urteko txapelketako finalera iritsitakoek ere: Andoni Egaña txapeldunak, Unai Iturriagak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Amets Arzallusek, Sustrai Colinak, Jon Maiak eta Aitor Mendiluzek. Orotara, 44 bertsolari lehiatuko dira.

Oraindik ez dute esan zein egunetan hasiko den txapelketa, ezta lehen saioa Euskal Herriko zein tokitan egingo duten ere. Baina, denera, hamalau saio izango direla aurreratu dute. Aurrekoan bezala, finala Barakaldoko BECen jokatuko da, abenduaren 13an, egun osoz.

Aurreko txapelketa, mugarri

Bertsoaren mundua erdaldundutako eremuetara zabaltzeko orain dela lau urte eginiko apustua berretsi du, hortaz, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Ez da harritzekoa. 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiak marka guztiak hautsi baitzituen. Lekunberrin hasi zen, Nafarroan, eta Bizkaiko ezkerraldeko herrira iritsi arteko saio guztiak zein baino zein arrakastatsuagoak gertatu ziren, jende kopuruz eta bertsoaren kalitatez. Hala, mugarri izan zen txapelketa hura, antolatzaileek beraiek pozarren baieztatu zutenez.

Aurtengo Txapelketa Nagusia aurrekoak urratutako bidetik joan dadin, urtebete daramate lanean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko antolatzaileek. Diotenez, badituzte diseinaturik aurreneko saioak, eta parte hartuko duten bertsolariekin ere zenbait bilera egin dituzte. Aurki aurkeztuko dute aurtengo txapelketa.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia