Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-07-03

Antzokietara ikusle berriak erakartzeko plana abiatuko du Jaurlaritzak

Arte eszenikoen ikus-entzuleen indargune eta ahulguneak aztertu, eta sektorea sustatzeko neurriak hartuko dituzte

Irune Berro.

Bilbo

Arte eszenikoen esparruko emanaldietara «ikus-entzule berriak» erakartzeko plana diseinatuko dute Eusko Jaurlaritzak, Eskenak eta SGAEk, gaur egun halako ekitaldietara batzen diren ikusleen inguruko azterketa egin ondotik. Ikerketa abiatzeko ituna ekainaren 1ean izenpetu zuten Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako kultura sustatzeko zuzendariak, Ignacio Casado Araba, Bizkai eta Gipuzkoako SGAEko zuzendariak eta Pio Ortiz de Pinedo Eskenako presidenteak. Atzo eman zuten hitzarmenaren nondik norakoen berri. «Herritar orok arte eszenikoetarako eskubidea» dutela uste dute, «haatik, gehienek ez dute aukera hori baliatzen; inkesten arabera, soilik herritarren %5 joaten dira dantza saioak ikustera», azaldu du Ruben Gutierrezek, SGAEren Autore fundazioaren Ikasketa Saileko koordinatzaileak. «Kezkaturik» daude, eta «neurriak hartzeko garaia» dela ebatzi dute. Hala, arte eszenikoetara ikusle-entzule berriak erakartzeko plana garatuko dute datozen bi urteetan.

Jardunbide egokien gida

Ikerketa fasea hasiko dute aurrena. Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioaren enkarguz hainbat enpresak eginiko inkesten gaineko «azterketa kualitatiboa» egingo dute, arte eszenikoen esparruko produktuak kontsumitzen dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikus-entzuleen «gustuak, ohiturak eta bestelako ezaugarriak» ezagutze aldera. «Indarguneak eta ahulguneak detektatu nahi ditugu, jende berria erakartzeko estrategia definitzeko asmoz». Neurriak abian jartzeaz gain, jardunbide egokien gidaliburua kaleratuko dute. Konpainia, antzoki, ekoizpen enpresa, banatzaile zein programatzaileen artean banatuko dute, eta hiru helburu izango ditu: «ikus-entzuleen leialtasuna lantzea, ikus-entzuleen kopurua handitzea eta ikus-entzuleen dibertsifikazioa lortzea». Plana osatzeko, ehun mila euroko aurrekontua izango dute. Eusko Jaurlaritzak ordainduko du zatirik handiena, 70.000 euro. Autore fundazioak, berriz, 30.000 euro jarriko ditu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia