Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:35

kultura;2009-07-03;ÇIkusleak lan egin behar du nire obranÈ. Pello Irazuk eskulturaren bidez eskulturaz hausnartu du Koldo Mitxelenan jarri duen erakusketan

«Ikusleak lan egin behar du nire obran»

Pello Irazuk eskulturaren bidez eskulturaz hausnartu du Koldo Mitxelenan jarri duen erakusketan

Ainara Gorostitzu.

Donostia

Hondatu gabe bizi deitu dio Pello Irazuk Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko sotoan jarri duen erakusketari. «Sortzeko, ezinbestekoa al da hondatzea?», galdetu du. «Michael Jackson da gai honen adibide dramatiko bat: azken mugaraino hondatu du artistak bere burua, sortzeko».

Sormena bera du langai Pello Irazuk. Metartea litzateke berea. Eskultura interesatzen zaio tresna eta gai moduan, eskulturaren mugak gainditzen saiatzen da, argazkirantz edo pinturarantz joz. Dimentsioaz, eskalaz, tamainaz hausnartzeko. «Zerbait egiteko nahiaren eta zerbait hori egiteko ahalmenaren arteko dialektika» interesatzen zaio.

Sotoan sartu eta, hain zuzen, eskulturatik eta pinturatik duten argazkiekin egingo du topo bisitariak. Edo argazkitik eta pinturatik duten eskulturekin, nahiz eskulturatik eta argazkitik duten pinturekin. «Espazio fotografikoak» deitzen die artistak lan horiei, «ingurunearen baldintzak eztabaidan jartzen dituzte».

Erakusketan zeharreko ibilbidea, baina, ez du sarrerako triptikoekin hasi nahi artistak. Hainbat aulki dauden aretora eraman ditu kazetariak. Aulkiak-edo dira. 2000. urtetik egindako obrak. «Nola lotzen dira aulki hauek Hondatu gabe bizi erakusketaren izenburuarekin?», galdetu dio kazetariak. «Ez dira lotzen, edo bai. Ikuslearen araberakoa da hori». Ez dira esertzeko aulki erosoak. Ez du artearen aurrean jarrera erosorik nahi artistak. «Ikusleak lan egin behar du nire obran». Ez du jarrera pasiborik nahi, «onartuko duen ala ez, gustatuko zaion ala ez, beste kontu bat da. Baina hau ez da telebista».

«Baina ez zaizu iruditzen zure hizkuntza ikusleek ulertzeko oso aurretik doala?». «Nik ez dut nahi ikusleek nire obra uler dezaten. Akaso futbolari bati bere lana azaltzeko eskatzen zaio?». Kontzesio gutxi egiten dizkio ikusleari artistak.

2000. urteko aulki batzuez eta 2002ko Sombra serieko eskulturez landa, batik bat 2005etik gaur arte egindako espazio fotografikoak, pintura erantsi zaien argazkiak edota brontze edo aluminio urtuz egindako eskulturak jarri ditu zortzi gelatan banaturik, eta Noli me tangere eta Descendimiento eskulturutzarrak propio sortu ditu Koldo Mitxelenarako. Guztiek, aldez edo moldez, 80ko hamarkadatik oinarrian izan dituen ezaugarriak dauzkate, materialaren, koloreen eta espazioen erabilpenaren gaineko hausnarketak dira. Espazioaren garrantzia hainbestekoa da Irazuren obran, ze aretoa bera obrara egokitu duen. Gela bakoitzak kezka kontzeptual jakin batekin lotutako lanak hartzen ditu. Eta koloreek lotzen dituzten aretoak, eta diziplinak. Beltzak, urdinak eta gorriak, batik bat.

«Gorriak zer esanahi du zure obran?». «Gorria gorria da nire obran. Hizkuntzaren zati bat da».

Eta gorri hori begietatik sartzen da, baina ukimenari ere dei egiten dio Irazuren obrak. «Sentiduei zabalduriko lanak dira». Eta ikusleek, disimuluz bezala, erakustaretoaren erdiko patioan dagoen Noli me tangere eskultura ukitu dute. Kartoizkoa dirudi, baina aluminio urtuz eginikoa da. Oso arina dirudi, baina astuna da. Eta hotza. Dirudienaren eta denaren artean dago obra. Eta ikuslea, berriz, ustez egin dezakeenaren eta egin nahi duenaren artean. «Hemen ikusleak ez du ikasi artelanen aurrean portatzen; kanpoan, Suitzan adibidez, bestela da; heziketak lagundu egin behar gaitu».

Gelarik gela, diziplinarik diziplina doa artista, eskulturatik argazkira, argazkitik pinturara, pinturatik eskulturara. Baina azken aurreko aretoan, eskultura egunkariarekin lotzen du Summer rain triptikoan, ez pinturarekin edo argazkiarekin. Errealitate soziala da eskultura. Vivir sin destruir irakur liteke egunkari orri bateko titular handi batean. «Esaldia liberatu» egin du artistak testuingurutik. «Ohituegiak gaude titular hanpatuko artikulu hutsaletara». Eta aurrez aurre, hain kontzeptualak ez diren irudiek betetzen dituzte hormak: 2006ko udan Israelek Libano hegoaldean eta batik bat Beiruten egin zituen erasoen irudiak ageri dira, egunkarietako argazkietan. Dena da kea, dena suntsiketa, hondamendia. «Izugarrikeria ederra da, erakargarritasun hilgarria azaltzen dute argazkiek».

'HONDATU GABE BIZI' Artista: PELLO IRAZU

Lekua: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko sotoa.

Noiz arte: Irailaren 26a.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia