Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:35

kultura;2009-07-02;New Yorketik Errobira. Errobiko festibalak ikuskizuna eskainiko du Garcia Lorcaren New Yorkeko egonaldian egin olerkien urratsetan

New Yorketik Errobira

Errobiko festibalak ikuskizuna eskainiko du Garcia Lorcaren New Yorkeko egonaldian egin olerkien urratsetan

Eneko Bidegain.

Baiona

«Krisi garai honetan, kultura zerbait azaleko bezala ager daitekeenean, kultura erdi-erdian ezarri nahi dugu, garai zail honetan, etorkizuna irudikatzeko». Beñat Axiari kantari eta Errobiko festibalaren antolatzaileak krisiaren testuinguruan kokatu nahi izan du aurtengo festibala. Uztailaren 16tik 19ra iraganen da, Itsasun (Lapurdi). Federico Garcia Lorca olerkariak 1929ko krisia New Yorken bizi izan zuela gogorarazi du. «Intuizio handia ukan zuen, eta olerki zoragarriak egin zituen».

Haren olerkietan oinarrituz, ikusgarri berezia aurkeztuko dute ostiral arratsean. Beñat Axiari bera, Chicagoko Hamiet Bluiett saxofoi jotzailea eta Kahil El'Zabar perkusio jotzailea elkartuko dira, ikuskizunari jazz doinu baten emateko. Pedro Soler gitarra jotzaileak flamenko aire bat emanen dio ikusgarriari, eta Hamid Ben Mahik hip hop doinu bat. Beste hainbat artista ere bilduko da ikuskizun horretan.

Lau egunetan, ikuskizunak izanen dira, goizetik arrats, Itsasuko hainbat tokitan. Ostiraleko eta larunbateko egunak izanen dira beteenak. Bazkalondoan, loaldi musikatua eskainiko dute. Ondotik, haurrentzako oihaneko ateraldiak antolatuko dituzte. Helduentzako ikuskizun txikiak izanen dira, txoko berezietan antolatuak, «iragarrezinak». Musikariak, ipuin kontalariak, marrazki bizidun inprobisatuak, perkusioen eta dantzaren arteko nahasketa bereziak eta abar eskainiko dituzte.

Aurten dantzari leku handia eskaini nahi dio festibalak. «Beharrezkoa da musika gorputzean adieraztea», dio Axiarik. Ostegun arratsean, Mizel Treheten Dorrea eta Kukai dantza taldearen Soka dantza ikusi ahal izanen dira, Kanta zure bizia musika ikuskizuna baino lehen.

Larunbat arratsean, dantza atabalei eta perkusioei nahasiko zaie. Yaninga taldeak «afro-euskal-kreatibo» estiloa eskainiko du. Atabal eta perkusio jotzaileek segituko dute gero, eta makilariak juntatuko zaizkie.

Sioux indioen argazkiak

Errobiko festibalaren harira, uztailaren 9an kontzertu eta dantza ikusgarri berezia eginen dute Izturitzeko (Baxenabarre) harpeetan. Maurice Rebeixek perkusioa jotzeaz gain, sioux indioen ipuinak kontatuko ditu. Rebeixek siouxei atera argazkiak erakutsiko ditu bihartik aitzina, Baionako Elkar Megadendan.

«Indioak New Yorkeko etxe orratzen eraikitzen ezarri zituzten, ez zirelako zorabiatzen». Axiarik Garcia Lorcaren bidaiarekin egin du lotura. Jaialdiak hari mutur asko ditu, baina Amerika aldera bidaiatzea proposatuko du, artista andana batekin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia