Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-07-01

'Yes we can'

Gai librean

Xabi Paya. - Bertsolaria

Aurreko astean herri-kulturgintza aldarrikatzen bazuen Igor Elortzak, ni ez naiz kontrakoa esatera etorriko (izan ere, bertsoen traineruaren arraunlariak herriak direla uste baitut), eta durangarrak azaldutakoarekin bat etorriagatik, herri hitza esanahi ugarikoa da. Bertsolaritzak bizirik irauteko herriaren mikro esanahia behar du, euskal herrietan egiten diren bertso saioek eta eskolek bizi baitute. Aurrera egiteko, ordea, herriaren ikuspegi makroa behar du, belodromoko txapelketa BECera eramatea edo Bertsozale Elkartearen egoitza nagusia Bilbotik 100 kilometrora jartzea erabaki zuena, esaterako. Mikroa eta makroa lotuta egotea ez da ezinbestekoa, baina onuragarria izan daiteke behetik gorako egituran. Era berean, makroak edo patroiak norabidea markatu ezean, traineruak iparrik gabe egingo du aurrera.

1997tik 2005era arte bertsolaritzaren makroa nazioarteko errekonozimendu bila aritu izan da, esate baterako. 1997an Kanaria uharteetako inprobisazio jardunaldi batzuetan bertsolarien ordezkaritza batek parte hartu zuenetik 2005eko BECeko finalean gaztelaniarako eta ingeleserako interpretazioa eskaini zen arte (kanpotik etorritako adituentzat), bertsolaritzak beste lurraldeetako lehengusu urrunekin harremanetan egon nahi izan du. Hortik aurrerako kulturarteko gertakari gehienak aipatutako aroan landutakoaren etekin berantiarrak izan dira. Halere, 2003an inprobisazio kantatuaren historian egindako topaketarik handienak hemen egin zirenetik, nazioarteko inprobisazioak leku gutxi izan du Euskal Herrian. Bertsolariak kanpora joan izan gara, bai, baina nago bidaia horien xedea, ondo landu ezean, nagusiki indibiduala ez ote den. Esperientzia horiek banaka batzuen sormena elikatu eta berritu dezakete, baina hori ere ez da kontu berria: kulturartekotasunaren eragina bertsoen sorkuntzaren historian ezaguna da Bilintxek errima asonantea eta hiru errimako bertsoak egin zituenez geroztik.

Baditugu bi gune sarean, bertso saioz beteta, eta biek xede talde bera dute. Akaso makro herri-kulturgintzatik hurbilen dagoenak bertsolaritzaren kulturartekotasuna lantzeko ahalegina egin beharko luke. Noizko gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez azpidatzitako bertso saioen bideoak? Berbarako, Txirritaren ofizioari mesede handia egingo lioke erreferentziazko dozena bat bertso saio azpidatziekin zintzilikatzea sarean, saio horien azalpen soziologiko sinple batzuekin. Badakit erreparoz irakurriko dutela hau bertsolaritza euskararen altxor puru eta garbitzat duten euskaltzale ortodoxoenek, baina txapelaren prospektua ingelesera itzuli arren, txapela beti izango da euskaldunon kontua. Halako egitasmoek urrun bezain hurbil emango lituzkete fruituak. Izan ere, oraindik pendiente daukagu bertsolaritza euskal herritar erdaldunei hurbiltzeko komunikazio kanpaina indartsu bat. Sekula ez dut eskatuko ohiko bertso saioetan aldibereko itzultzaileak jartzea, baina gure existentziaren berri ez badute ez-euskaldunek, nekez hurbilduko zaizkigu. Bertsolaritza ere ireki beharreko esparru kulturala da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia