Berria.info

Asteazkena, 2010ko martxoak 17 -

2009-06-27

Turista naizenez gero ez dut mundurik espero

Iñigo Aranbarri

Kartzelan lo

Jokin Uraini

Turistarentzat, nahitaez bisitatu beharreko lekuen artean daude presolak, kartzeletxeak edo espetegiak, deitu nahi den bezala. Eta nahiago nuke, nahiago nukeenez, arri-arri mandoko, nire Iruñeko zaldi zuria eta Madarixako asto beltxa ere emango nituzke opari, ironiaz ariko banintz.

Erbestean gabiltzalarik zinez tentagarria da, eta arrunt morbo eragile inoren sufrimendua non gatzatu den ikustea, ziegetan sartu eta atzamar mamiez hormetako marrak, izenak eta datak egiaztatzea, eta zulo beltzean azkenputz nahita gelditu zarelarik, lagunak burdinazko atea kanpo aldetik zarratuta, une batez urteetarako han sartu zaituztela pentsatu eta etsipenezko oihu antzeztu batez erantzutea, bazkalosteko telesailetan hamaika bider ikusi duzun bezalaxe.

Dublinera joan eta Kilmainham Gaol-en ez izatea, Gaztelugatxeraino igo eta itsasoa ez ikustea da. Jakin behar duzu non egon ziren gatibu 1916ko Pazkoko matxinadako irlandar bihoztun haiek: Patrick Pearse, Constanze Markiewicz, Eamon de Valera... Atera behar diozu argazkia, sakelako telefonoaz bada ere, James Connollyri britainiar doilorrek heriotza eman zioten katazuloari. Sartzeagatik ordaindu dituzun bost euro eta hogeita hamar zentimoek ematen dizute zu ere kartzelan egon zarela esateko eskubidea.

«Nola ez sartu Munduaren Azken Muturrekoan, Ushuaiaraino helduta?».

«Honaino etorri eta Mandela egon zeneko ziega ez ezagutu?».

«Non ikusiko dut frantsesen gillotina bat Indotxinako Hoa Lo-n ez bada?».

San Francisco Kaliforniakoan, sitting on the dock of the bay, txistuka Ottis Redingen tankera laurdenaren laurdenik ere ateratzeke bada ere, turistak lehorrera heltzen ikustea ez da zaila, t-shirt ikusgarriak soinean: «Ni ere Alcatrazen egon naiz».

Konparazioen bideak, gaiztorako jartzen nau. Ikustea da, Erromako Zubiaren kolorez, bat bederak berea, elkarren artean ongi bereizteko, noranahi zoazela, okindegian, autobusean, eskolan, nahinon, «Ni ere Herrera de la Manchan egon naiz», «Ni ere Fresnesen egon naiz», «Ni ere Sorian, Salto del Negron, Bonxen...», tokirik ez bizkarrean tour guztiko aterpeak sartzeko.

Orduan legeren bat hautsi dugula diotsogu geure buruari, horrela ez duela graziarik, zergatik sartu behar dugun beti hori osagai mingarriori hain alegera genbiltzanean oporretako kontuekin firin-faranean. Zergatik ekarri lagun artera hain gustu txarreko «Ni Joseba Asensioren ziegan egon naiz» elastiko zatar hori, jakinaren gainean egonda giroa sano gaiztotuko duela endemas.

Eta egia da. Ez du grazia pitorik. Kontatzekoa bestea da, Suedian kartzela bat egokitu dutela hotel izateko. Ondo dagoela Langholmen, garbia dela, eta merkea oso, Stockhomeko prezioak ikusita. Ez da bakarra, Ameriketako Estatu Batuetan Charles Street Jail duzu Bostonen, Australian Mount Gambier, Suitzan Löwengraben, Letonian Karostan...

«Bai, ziegetan lo egiten duzu, 8 lats buruko...».

Eta orduan ohartzen zara egia dela, munduan barrena ibilita asko ikasten duzula.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia