Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-06-26

Gero eta jende gehiagok landatzen ditu balkoietan tomateak, uhazak eta bestelako barazkiak. Gorantz doan joera da. Adituen iritziz, garrantzi ekologiko eta soziala du.

Entsaladak balkoietan

Iñigo Astiz.

Iruñea

Lehen aldia du Luis Azanza iruindarrak baratzean. Ez du, ordea, ohi den moduan aitzurrik erabili beharko, ez eta golderik ere. Palatxo bat, eskuak, guraizeak. Lur gehiegirik ere ez du, egia esan. «Barazkiak merkatuan erosteko ohitura daukat, eta kalitatekoak eta prezio onean. Horregatik, nik neuk tomate batzuk jar nitzakeela pentsatu nuen. Aurten jarri ditut, hementxe, balkoietan». Tomateez gain, arbiak, pepino landare bat jarri ditu, ilusioz jarri ere. «Ea jaten dudan hurrengo entsalada nik neuk bildutakoa den».

Azanza ez da bakarra. Gero eta gehiago dira gure inguruetan hirian bizi arren, eta lurrik izan gabe ere, baratzea balkoietan landatzea erabakitzen dutenak. Hala dio Ernesto Seoane ingurumen teknikariak. «Gure aisialdiak eskaintzen dizkigun aukerak baliatzea da kontua. Terraza bat edo balkoi bat izanez gero, zergatik ez probatu? Baratzean pixka bat denetarik izatea gustatzen zaio jendeari, eta zergatik ez gauza bera egin balkoietan?».

Ez da hori, ordea, arrazoi bakarra. Beste batzuk ere aipatu ditu Alfredo Rueda NUPeko ekologia irakasleak. «Barazkiak norberak ekoiztea izaten da maiz produktu ekologikoak erostera ohituta dagoen jendeak egiten duen hurrengo urratsa. Eta gero eta jende gehiagok hartzen du erabaki hori, zenbait barazkiren prezio garestiak bultzatuta. Zorioneko krisiak ere izango du eraginik, agian». Kontzientziazioa, eta prezioa ere badira balkoitako baratzearen gorakada azaltzeko beste bi arrazoi.

Urteak daramatza Manuel Esparza tafallarrak nekazaritza ekologikoan lanean, eta ikastaroak ematen, eta urrunago jotzen du berak. Dioenez, bi dira gizarte batean gisa honetako hiri nekazaritzara jotzeko arrazoiak: «Maila kultural handia, eta behar handia, hau da, gosea». Haren aburuz, horregatik gertatu zen lehenago baratzegintza honen gorakada garapen bidean diren herrialdeetan, eta, hemen, horregatik gertatu da duela urte gutxi.

Izan ere, balkoietako eta espazio txikietako baratzeena ez da aisialdi kontua soilik, Esparzaren ustez. «Gizartearen arazo handienetariko bat da gero eta gizaki gehiago dagoela munduan, eta gero eta lur gutxiago dagoela. Lurraren higaduraz-eta, baina, inoiz gutxi irakur daiteke albisterik egunkarietan, eta arazo nabarmena da. Guk geuk sorturiko arazoa, nekazaritza teknika okerren erabileraz».

Badaude, baina, nekazaritza teknika onak ere, Esparzak dioenez; nekazaritza ekologikoa. Eta nekazaritza ekologikoaren printzipioak balkoietako, terrazetako edo lur sail txikietara egokitzen laguntzeko aholkuak eman zituzten batez ere Ruedak gidaturiko ikastaroetan. «Lantzen den lurra inguruarekin lotuta egotea, da nekazaritza ekologikoko lehen printzipioetako bat, eta bistan denez, hori ezinezkoa da hirietako baratzeetan. Lur gutxi duten baratzeak izaten dira, eta inguruarekin harreman txikia dutenak».

Sasoiak berreskuratuz

Ingurunetik ohi baino urrunago egon arren, ordea, inguruarekiko lotura berreskuratzen laguntzen dute halako baratzek, Ruedaren hitzetan. «Orain udan ere baditugu laranjak dendetan, Hego Amerika edo Hegoafrikan bildutakoak, horrek dakarren kostu ekologiko eta sozialarekin. Urte guztian izaten dugu denetarik, eta galduz joan da gure inguruarekiko harremana. Baratze hauekin berreskuratu egiten da lotura hori; ereite sasoia noiz izaten den ikasten da, noiz biltzen den jakiten da... eta, gainera, kostu horiek txikitu egiten dira».

Garraioarekiko dugun menpekotasuna ere hizpide du Esparzak. «Aski litzateke kamioilarien greba bat dena pikutara joan dadin. Hirietan oso nabarmena da arazo hori. Hainbeste jende hain leku mugatuan. Salbuespen egoera etengabea da hiria, azken finean. Garrantzitsua da, horregatik, bakoitzak arazo handi hauentzat bere irtenbidea izatea».

Landatzen hastera animatzen du jendea, horregatik, eta, gero, ikastaroen bidez-eta gehiago ikasiz joatea. «Oso giro berezia eta atsegina izaten da, gainera, halako ikastaroetan. Oso dibertigarriak izaten dira. Denetarik izaten da. Balkoian uhaza batzuk landatu nahi dituen 90 urteko amona, eta marihuana landaketa bat jarri nahi duen heavy metalaren zale gaztea».

Entsaladetan erabiltzen diren jakiak dira gehienbat balkoietan landatzen diren barazkiak. Hala egin du Azanzak, eta hala egin dute gehienek. Zergatik? Ruedak badu erantzuna. «Azkar hazi eta bil daitezke uhaza, arbia eta halakoak, eta, gainera, leku handirik ere ez dute behar izaten. Tomateak ere ohikoak izaten dira, gorantz hazten direlako. Espazio handia eta ekoizpen txikia ematen duten landareak haztea, edo eguzki asko behar duten barazkiak haztea zailagoa izaten da».

Ez da lan kontua soilik, ordea, Esparzak dioenez. Terapia ere izan daiteke barazkiak landatzearena. Terapia maila pertsonalean, eta terapia maila zabalagoan ere». Gizakiaren asmakuntzarik okerrena hori da, argi eta garbi: soropila. Lan handia eskatzen du, eta ez du ezer ematen, lana bakarrik. Lan berbera eginda, edo baita gutxiago ere, tomateak, pepinoak, uhazak... landa ditzakegu. Eta janaria lortzeaz gain, haurrei elikadura ohitura egokiak irakasten ariko gara, estresa kentzeko modu bat izango du, eta baita aisialdirako gune bat ere. Terapia bikaina da».

 

Oinarrizko hiztegia



Dibertsitatea. «Dibertsitatea da nekazaritzaren arrakastaren giltza, baita espazio txikietan ere». Hala dio Esparzak, eta kontuan hartzeko hitza da hori balkoietan barazkiak landatzeko orduan, eta aholku hori ematen dute Seoanek eta Ruedak ere. Loreak eta barazkiak konbinatzea, bizi ziklo luzea duten espezieak, motzagoa dutenekin nahastea, landareak elkarren ondo-ondoan jartzea, tartean belarrik atera ez dadin... Landare mota ezberdinen ezaugarriak kontuan hartu, eta espazio txikian, ahalik eta hobekien batzea da giltza.

Lurra eta drainatzea. «Gurekiko dependentzia handiagoa dute balkoiko barazkiek». Hala dio Seoanek. Lur aldetik espazio mugatua dutelako, eta baldintzak mugatuak direlako gertatzen da hori. Horri aurre hartzeko lur aberastua erabiltzea komeni da, eta ongarri aberatsak erabiltzea. Lur begetala eta zohikatza nahastea proposatzen du Esparzak, eta gero ongarria gehitzea, «zizare humusa edo halakoren bat». Drainatzea errazteko, eta barazkien sustraiei laguntzeko area edo perlita erabiltzea da bere gomendioa.

Orientazioa eta argia. Argia eta babesa behar dituzte landareek, eta hori aintzat izan behar da beti. «Ezinezkoa da barazkiak ipar orientazioko, eta haizeak jotzen duen balkoi batean landatzea». Hori argi izan behar dela dio Esparzak. Hegoaldera begira dauden guneak bilatu behar dira, horregatik, ahal izatera, eta egunean 7-8 orduz argia izango dutenak. «Udan uhaza eta bestelako batzuk landatu daitezke iparraldera begira ere, baina zaila da besteekin halakorik egitea».



 

Jabier Herrera

. 'Tu huerto en el balcón' liburuaren egilea

«Gure balkoietan has daiteke ingurumenarekiko jarrera aldaketa»

I. Astiz.

Iruñea



Urteetako esperientzia du Jabier Herrerak (Gasteiz, 1966) nekazaritza ekologikoan. Baita balkoietako baratzegintzan ere; hamabost urte baino gehiago. Esperientzia horretatik abiatuta, Tu huerto en el balcón izeneko liburua argitaratu berri du (Txertoa, Zure baratzea balkoian, euskaraz) Gabriel Vazquezekin batera. Herrerak dioenez, egia da balkoia espazio txikia dela, baina handia da kontzientzietan eragin dezakeen aldaketa.

Gorantz doa balkoietako baratzegintza, ezta?

Oraindik gehiago egingo du gora hemendik aurrera. Hala nahi nuke. Hasiera batean, aisialdiari loturiko aukera bat da balkoietan baratzea jartzearena, baina liburuan aipatzen dugunez, ikuspegi globalagotik ere begira dakioke. Gure ingurua hobetzeko, eta natura eta egunerokotasuna batzeko urrats bat da. Planeta hobeki zaintzen ikasteko bide bat. Jarrera aldaketa hori gure balkoietan has daiteke.

Balkoietan barazkiei gehiago begiratu behar izaten zaie.

Espazio txiki batean lan egiteak mimo gehiagorekin egiten da lan, eta mimo hori da, era berean, landareez gehiago gozatzen laguntzen diguna. Mimo horrek, gainera, aukera ematen digu gure haziak askeago aukeratu ahal izateko, adibidez. Nekazari profesional bat sartuago dago merkatuaren legeen alorrean, eta landaretzaren aniztasunarekin joka badezake ere, askoz lotuago dago, baratzegintza afizio duen bat baino. Ikertu, eta esperimentatzeko aukera gehiago izan, eta hazi aukeraketan amateurrak izaten dira, onenak maiz. Ikuspegi ezberdina dutelako da hori.

Ez da ohiko baratze batean bezala lan egiten.

Beste baldintza batzuk izaten dira, lur gutxiago dagoelako, baina, funtsean, antzekoa da lan egiteko modua. Argia, ura eta lurra behar dituzte. Hainbat modu daude, gero, espazio txiki horri ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Hainbat produktu daude horretarako, baina horiez gain, baratzea gure beharren arabera moldatzeko sormena erabiltzeko eskatzen dugu guk. Berrerabiltzeko. Birziklatzearen eta moldaketaren bidetik joz gero ezusteko atseginak izaten dira maiz.

Liburuan aholku horiek ere bilduko dituzue, noski.

Bai. Baratzeetan barazkiak landatzeko arrazoi globalei begiratzen diegu lehenik, ordea. Ez aisialdiko ekintza soil bezala, baizik eta harago joz.

Balkoiko barazkigintzaren ideologia moduko bat, bai.

Bai, honen guztiaren atzean zer dagoen azaldu nahi dugu. Ez da baratzegintzarako gida soil bat. Horrez gain, hainbat baratze mota ezberdin ere bildu ditugu, noski, liburuan. Hamaika aukera daude, eta etxean nik neuk frogatutakoak dira aipatzen ditugun guztiak. Diseinuaren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu liburuan, eta aholkuak eta baratzea egiteko dauden aukerak ere bildu ditugu.

Barazki ekologikoak kontsumitzen dituen hainbat jendek egin du baratze txiki horiek jartzeko urratsa. Urrats natural gisa aipatzen dute horiek.

Hala da, bai. Nekazaritza ekologikoan ere, ezer ez da esaten den bezain ederra. Parametro asko hartu behar dira kontuan. Gero eta benetakotasun handiagoaren bila dabil horregatik jendea. Baratze txiki horiekin hasteko urratsa egitean, pixkanaka bidea eginez joatea. Leihoa irekitzea bezala izaten da, eta hortik abiatuta hasten da jendea informazioa bilatzen, gauza bera egiten ari den jendea aurkitzen... eta sarea osatuz joaten da.

Gero eta jende gehiago hirietako baratzegintza honetan, orduan eta hobe. Hori da zure ikuspuntua, ezta?

Orain amets bat da, baina zenbait bizilagun elkarte eraikinean eguzki plakak jartzeko bildu diren bezala, komunitatearen baratzeak jartzeko biltzea litzateke ideala. Badago jendea Herrialde Katalanetan, adibidez, hori egin duena. Oso gutxi, baina badaude batzuk.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia