2009-06-26
Gero eta jende gehiagok landatzen ditu balkoietan tomateak, uhazak eta bestelako barazkiak. Gorantz doan joera da. Adituen iritziz, garrantzi ekologiko eta soziala du.
Entsaladak balkoietan
Iñigo Astiz.
IruñeaLehen aldia du Luis Azanza iruindarrak baratzean. Ez du, ordea, ohi den moduan aitzurrik erabili beharko, ez eta golderik ere. Palatxo bat, eskuak, guraizeak. Lur gehiegirik ere ez du, egia esan. «Barazkiak merkatuan erosteko ohitura daukat, eta kalitatekoak eta prezio onean. Horregatik, nik neuk tomate batzuk jar nitzakeela pentsatu nuen. Aurten jarri ditut, hementxe, balkoietan». Tomateez gain, arbiak, pepino landare bat jarri ditu, ilusioz jarri ere. «Ea jaten dudan hurrengo entsalada nik neuk bildutakoa den».
Azanza ez da bakarra. Gero eta gehiago dira gure inguruetan hirian bizi arren, eta lurrik izan gabe ere, baratzea balkoietan landatzea erabakitzen dutenak. Hala dio Ernesto Seoane ingurumen teknikariak. «Gure aisialdiak eskaintzen dizkigun aukerak baliatzea da kontua. Terraza bat edo balkoi bat izanez gero, zergatik ez probatu? Baratzean pixka bat denetarik izatea gustatzen zaio jendeari, eta zergatik ez gauza bera egin balkoietan?».
Ez da hori, ordea, arrazoi bakarra. Beste batzuk ere aipatu ditu Alfredo Rueda NUPeko ekologia irakasleak. «Barazkiak norberak ekoiztea izaten da maiz produktu ekologikoak erostera ohituta dagoen jendeak egiten duen hurrengo urratsa. Eta gero eta jende gehiagok hartzen du erabaki hori, zenbait barazkiren prezio garestiak bultzatuta. Zorioneko krisiak ere izango du eraginik, agian». Kontzientziazioa, eta prezioa ere badira balkoitako baratzearen gorakada azaltzeko beste bi arrazoi.
Urteak daramatza Manuel Esparza tafallarrak nekazaritza ekologikoan lanean, eta ikastaroak ematen, eta urrunago jotzen du berak. Dioenez, bi dira gizarte batean gisa honetako hiri nekazaritzara jotzeko arrazoiak: «Maila kultural handia, eta behar handia, hau da, gosea». Haren aburuz, horregatik gertatu zen lehenago baratzegintza honen gorakada garapen bidean diren herrialdeetan, eta, hemen, horregatik gertatu da duela urte gutxi.
Izan ere, balkoietako eta espazio txikietako baratzeena ez da aisialdi kontua soilik, Esparzaren ustez. «Gizartearen arazo handienetariko bat da gero eta gizaki gehiago dagoela munduan, eta gero eta lur gutxiago dagoela. Lurraren higaduraz-eta, baina, inoiz gutxi irakur daiteke albisterik egunkarietan, eta arazo nabarmena da. Guk geuk sorturiko arazoa, nekazaritza teknika okerren erabileraz».
Badaude, baina, nekazaritza teknika onak ere, Esparzak dioenez; nekazaritza ekologikoa. Eta nekazaritza ekologikoaren printzipioak balkoietako, terrazetako edo lur sail txikietara egokitzen laguntzeko aholkuak eman zituzten batez ere Ruedak gidaturiko ikastaroetan. «Lantzen den lurra inguruarekin lotuta egotea, da nekazaritza ekologikoko lehen printzipioetako bat, eta bistan denez, hori ezinezkoa da hirietako baratzeetan. Lur gutxi duten baratzeak izaten dira, eta inguruarekin harreman txikia dutenak».
Sasoiak berreskuratuz
Ingurunetik ohi baino urrunago egon arren, ordea, inguruarekiko lotura berreskuratzen laguntzen dute halako baratzek, Ruedaren hitzetan. «Orain udan ere baditugu laranjak dendetan, Hego Amerika edo Hegoafrikan bildutakoak, horrek dakarren kostu ekologiko eta sozialarekin. Urte guztian izaten dugu denetarik, eta galduz joan da gure inguruarekiko harremana. Baratze hauekin berreskuratu egiten da lotura hori; ereite sasoia noiz izaten den ikasten da, noiz biltzen den jakiten da... eta, gainera, kostu horiek txikitu egiten dira».
Garraioarekiko dugun menpekotasuna ere hizpide du Esparzak. «Aski litzateke kamioilarien greba bat dena pikutara joan dadin. Hirietan oso nabarmena da arazo hori. Hainbeste jende hain leku mugatuan. Salbuespen egoera etengabea da hiria, azken finean. Garrantzitsua da, horregatik, bakoitzak arazo handi hauentzat bere irtenbidea izatea».
Landatzen hastera animatzen du jendea, horregatik, eta, gero, ikastaroen bidez-eta gehiago ikasiz joatea. «Oso giro berezia eta atsegina izaten da, gainera, halako ikastaroetan. Oso dibertigarriak izaten dira. Denetarik izaten da. Balkoian uhaza batzuk landatu nahi dituen 90 urteko amona, eta marihuana landaketa bat jarri nahi duen heavy metalaren zale gaztea».
Entsaladetan erabiltzen diren jakiak dira gehienbat balkoietan landatzen diren barazkiak. Hala egin du Azanzak, eta hala egin dute gehienek. Zergatik? Ruedak badu erantzuna. «Azkar hazi eta bil daitezke uhaza, arbia eta halakoak, eta, gainera, leku handirik ere ez dute behar izaten. Tomateak ere ohikoak izaten dira, gorantz hazten direlako. Espazio handia eta ekoizpen txikia ematen duten landareak haztea, edo eguzki asko behar duten barazkiak haztea zailagoa izaten da».
Ez da lan kontua soilik, ordea, Esparzak dioenez. Terapia ere izan daiteke barazkiak landatzearena. Terapia maila pertsonalean, eta terapia maila zabalagoan ere». Gizakiaren asmakuntzarik okerrena hori da, argi eta garbi: soropila. Lan handia eskatzen du, eta ez du ezer ematen, lana bakarrik. Lan berbera eginda, edo baita gutxiago ere, tomateak, pepinoak, uhazak... landa ditzakegu. Eta janaria lortzeaz gain, haurrei elikadura ohitura egokiak irakasten ariko gara, estresa kentzeko modu bat izango du, eta baita aisialdirako gune bat ere. Terapia bikaina da».
Oinarrizko hiztegia
Jabier Herrera
. 'Tu huerto en el balcón' liburuaren egilea«Gure balkoietan has daiteke ingurumenarekiko jarrera aldaketa»
I. Astiz.
IruñeaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
