Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 01:32

kultura;2009-06-26;ÇIntimismotik pixka bat urrundu egin naizÈ. ÔTaxirik ezÕ (Resistencia) disko berriko nahasketa lanak bukatzen ari da egunotan, Katarain musika estudioan. Berriro ere bateria, baxua eta gitarra soinuak baliatuz osatu du bakarlariak hamahirugarren diskoa. Irailean emango du argitara. Jabier Muguruza. Kantaria

Jabier Muguruza - Kantaria

'Taxirik ez' (Resistencia) disko berriko nahasketa lanak bukatzen ari da egunotan, Katarain musika estudioan. Berriro ere bateria, baxua eta gitarra soinuak baliatuz osatu du bakarlariak hamahirugarren diskoa. Irailean emango du argitara.

«Intimismotik pixka bat urrundu egin naiz»

Ainhoa Oiartzabal.

Azkarate

«Zer iruditzen zaizu bonboa igotzea, astakeria?». Iradokizuna egin dio Jabier Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1960) Angel Katarain teknikariari. Taxirik ez (Resistencia) azken diskoaren nahasketak egiten ari da asteon, Azkarateko Katarain musika estudioan (Nafarroa). Etxean bezala sentitzen da Muguruza han: «Pentsa, guk estreinatu genuen 1996an, Joxe Ripiaurekin». Harrezkero, bakarlari gisa atera dituen hamabi diskoetatik Fiordoan (Esan Ozenki, 1999), Hain guapa zaude (Metak, 2001), Enegarren postala (Resistencia, 2003) eta Abenduak 29 (Resistencia, 2005) grabatu ditu Malloen begiradapean.

Oso momentu delikatua da eta ongi zaintzen duzu estudioko lana.

Gaur egun nahiko debaluatua dago diskoaren mundua, baina niretzat oraindik obra da. Lanean aritzen zara urtebetez-edo, baina gero gauzatu, estudioko egun hauetan gauzatzen duzu obra. Pablo Guerrero kantautoreak duela gutxi esan zidan: «Yo, Jabier, enfermo» («ni, Jabier, gaixotu egiten naiz») [haren ahotsa imitatuz]. Eta nik ere izaten dut beti sintomaren bat estudiora sartu aurretik. Tentsio handia bizitzen da zure lana betikotuko den bi aste horietan.

Lan honetan berebiziko garrantzia du konfiantzazko eta zure ildoko teknikari eta musikariekin jarduteak.

Lan berri honetan Txema Garces baxuan jarri duzu, David Gomez baterian eta Roberto Iaben gitarra elektrikoan. Aldatu egingo duzu azken bi diskoen musika estiloa?

Ez da aldaketa erabatekoa, aurretik nirekin lanean aritu diren musikari batzuk gehitu baititut. Angel Unzuk (gitarra) eta Mireia Otzerinjauregik (ahotsa) segitzen dute, baina disko honetan musika tresna gehiago egongo dira.

Suposatzen dut baten batek gogoraraziko didala biluztasuna aldarrikatu izan dudala azken lanetan [Abenduak 29 eta Konplizeak azken bi diskoetan Muguruza berak, Otzerinjauregik eta Unzuk soilik hartu zuten parte], baina oraingo honetan ere kontzeptua nahiko minimalista da. Hori bai, musika tresna gehiagorekin. Kantu batzuek hala eskatu didatelako sartu ditut, ez da izan nire erabakia. Bateria eta baxua sartzea eskatzen zidaten kantu batzuek, atal erritmikoa edukitzea.

Hala ere, artifizio handirik egin gabe egin dut. Nahiago dut. Orain ari ginen komentatzen Angel [Katarain] eta biok nire ahotsa oso natural tratatu duela. Apenas dagoen reverb-ik. Artifizio gutxirekin egindako lana da.

Soiltasun horretara nola heldu zara, ibilbide luzeak eman dizun esperientziaren ondorioz?

Halabeharrez. Pixkanaka-pixkanaka kontzeptu pertsonal bat garatzen duzu. Buruari beti bueltaka aritzen garenok pentsatuz lana nola enfokatu, gauzak nola bideratu, eta nondik, kontzeptu jakin bat finkatzen aritzen gara. Nire kasuan, naturaltasuna da bidea.

Irizpide hori pixkanaka finkatzen da, eta seguruena haurtzarotik dator. Egin dituzun entzuketek eta horrek denak gauzatzen dute irizpidea.

Hori diskoan islatzeko, oso garrantzitsua izaten da produktorearen antzeko gustua edukitzea.



Hamar kanturekin osatu du diskoa Muguruzak. Txema Garces baxu jotzaileak egin ditu ekoizle lanak eta kantuen moldaketa gehienak. Baxuak eta bateriak ematen diote oinarri erritmikoa diskoari. Eta ez da pianoan oinarritzen, baizik eta gitarretan. «Gitarreroa da pixka bat». Eskusoinua ez du askotan jo, hiruzpalau kantutan. Ahotsarekin egin du ekarpena Muguruzak, ohiko kolaboratzaileen hitzak kantatuz: Iñaki Irazu, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano... Iban Zalduari ere eskatu zion idazteko, eta lehendabizikoz, egin du kantu baterako hitza. Euskara eta katalana tartekatu ditu, Tan petita sartu baitu, Maria Merce Marcel poeta kataluniarraren omenez haren hitzekin konposaturiko kantua. Beti bezala, hitzak jaso eta gero hasi zen musika konposatzen. Beti bezala, pianoan. «Hitzak mila aldiz irakurri eta barneratu eta gero, behin barruan duzula ateratzen zaizuna» konposatzen.



Ez dago zure hitzik?

Ez, normalean sartzen dut bat edo beste... Oraingo honetan ez dut idazteko beharrik sentitu, oso testu onak idatzi dizkidate. Oso ondo idazten du jende honek!

Kantu batzuk beharbada sozialagoak dira, intimismotik pixka bat urrundu egin naiz. Baina horiek kantuek markatu didate, kantuek agintzen dute. Parte-hartzea-k, Harkaitz Canok idatzitako kantuak, adibidez, kutsu sozial handia du.

Kantu sozialagoak diozu, baina zer-nolako gairi buruzko hitzak daude diskoan?

Nire erregistroa ez da izaten oso agerikoa. Panfletoa ez dut maite. Nik nahiago dut gauzak beste modu batera esan, edota esanarazi beste batzuen bitartez. Ez da kasualitatea nire kantuen idazleak horiek izatea. Hor badago zerbait, badago soka bat. Eta nire sokako idazleak aukeratzen ditut.

Orain arte asko jo izan dut intimismora, niretzako garrantzitsua da eta hala izaten jarraituko du, baina oraingoan nahiago izan dut leihoa zabaldu. Betiere, iradokiz. Niri gehiago interesatzen zait. Eta susmoa dut, zirimiriak bezala, efektu eraginkorragoa duela zaparradak baino.

Baina ez dut hipokrita izan nahi eta horrek ez du kentzen niretzat garrantzitsua izatea lan hau ahalik eta publiko zabalarengana heltzea. Gutxiengo zabal horrengana, hain zuzen. Kontua ez da minoritarioa izan nahi duzula, baina derrigorrean ulertzen duzu zure eskaintza minoritarioa dela. Hitzen planteamendua, musikarena... oso zaila da osagai horiekin masa handi batera heltzea.



«Baina zergatik aurreratu dugu diskoaren kaleratzea?», egin du galdera erretorikoa Muguruzak. «Bada, irailean Mercat de Musican egotearren». Viceko (Herrialde Katalanak) Musikaren Azokan kontzertuen bidez ezagutaraziko du diskoa. «Gu ez gara puristak, komunikazio bilatzen dugu, eta lana ezagutarazi».



Katalunian oso harrera ona egiten dizute. Oraindik errazagoa zaizu han emanaldiak eskaintzea?

Katalunian nirea bezalako musikarako beste zaletasun bat ikusten dut. Nik uste dut kultura baloratuagoa dagoela hemen baino. Hori da nire inpresioa, hori jasotzen dut. Adibide tonto bat jarriko dizut: kontzertua eman behar genuen toki guztietan beti izaten genuen pianoa. Hemen oso zaila izaten da hori.

Kontzertuetan ez ezik, antzerki obretan ere eskaintzen duzu zuzeneko musika. Esaterako, Hikaren azken obran hartuko duzu parte. Zer aurreratu dezakezu urrian taularatuko den antzezlanari buruz?

Pozten naiz galdera egiten didazulako, ilusio handia egiten baitit proiektuak. Maiatzean eta ekainean ia egunero egin ditugu entseguak, eta, beraz, antzezlanarekin eta diskoarekin, benetan estresaturik izan naiz azkenaldian.

Joseba Apaolaza eta Jose Ramon Soroiz ditu protagonista eta nik azken horren ametsa gorpuzten dut: soinu jotzailea naiz. Presentzia fisiko handia dut eszenan, eta propio konposaturiko kantuak interpretatzen ditut.

Oso gogorra da obra, oso dramatikoa. Burua galtzen hasi den aita baten eta honen semearen istorioa baita.

Jendaurreak zer ematen dizu? Zer jasotzen duzu entzuleengandik?

[Isiltasun luze-luzea egin du]. Euskal Herriko publikoa lotsatiagoa da. Nik asko hitz egiten dut zuzeneko emanaldietan, eta Katalunian, adibidez, errazago egiten dizkidate galderak eta komentarioak. Hala ere, teknologiari esker, lotsatiek ere helarazten dizkidate beren iritziak Internet bidez.

Nahikoa publiko fidela dut, ez bakarrik kontzertu edo diskoen bitartez, baita komunikabideetan egiten ditudan kolaborazioen bitartez ere. Ni nire aldetik saiatzen naiz feed-back-a sustatzen. Batzuek esaten didate lo hartzeko jartzen dituztela nire kantuak, beste batzuek larrua jotzeko... azken finean, bizitzeko. Musika erabili egiten baita momentu diferenteetan, modu diferenteetara.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia