2009-06-25
Euskal Herrian euskara zein egoeratan dagoen azaltzeko mapa kaleratu du Euskara Kultur Elkargoak. Eremuz eremu euskaraz matrikulatutako ikasleen ehunekoa hartu dute kontuan horretarako.
'Euskartografiak'
Iñigo Astiz.
IruñeaEuskara irudi bilakatzea. Hizkuntza mapara eramatea. Hori izan da EKE Euskara Kultur Elkargoaren helburua. Ez dira lehenak izan, noski. Ez bakarrak. Hor dago Louis-Lucien Bonapartek XIX. mendean euskalkiei buruz eginiko mapa. Hor dago Koldo Zuazok duela urte batzuk egindakoa ere. EKEk egindakoa da, ordea, euskararen egoera mapa batera ekartzeko azken saioa, eta euskararen irakaskuntzari begiratuz egin dute irudia, euskalkiei so eginez egin beharrean. Zehazki, euskaraz matrikulatutako ikasleen ehunekoei begiratu diete. Portzentaje txikiena duten inguruetatik, portzentaje handiena dutenetara egiten du mapak. Argitik ilunera. Zuritik marroira.
Bi ezaugarri nabarmendu ditu argazki nagusitik Iulen Urbiola EKEko zuzendariak. Hau da haren analisia: «Euskal Herrian, eta batez ere Nafarroan, hizkuntza eremuak gainditzen ditu euskarak. Hori argi ikusten da, batetik, eta, bestetik, euskararen estatutu juridikoak baduela zerikusia hizkuntzaren normalizazioarekin eta ezagutzarekin. Ez da erabakigarria, baina bai lagungarria».
Harreman hori argiago ikus dadin, euskararen estatutu juridikoa eremuka azaltzen duen mapa bat ere jarri dute bestearen ondoan. «Euskararen presentzia normalagoa da euskararen estatutu juridikoa onartua dagoen guneetan. Eremukako estatutu juridiko horiek guztiak hor dauden arren, eta horrek euskararen presentzian eta irakaskuntzan eragina izan arren, ikusten da gizarteak muga horiek gainditu egiten dituela eta euskararekin bat egiten duela hein batean. Ez denok, dudarik gabe, baina bai mapan ikusgarria den kopuru batek».
Orain arte euskararen gainean egin diren beste mapekin ere alderatu du EKEk egindakoa Urbiolak. «Bonapartek egindakoak ageri duenarekin alderatuta, bista-bistakoa da hizkuntzaren ezagutza hedatu egin dela. Gaur egun ez da mugatzen Euskal Herriko kostalde eta iparraldera. Eremu zabalagoa hartzen du». Ondorioa bi hitzetan eman du. «Aurrera goaz», baina zehaztapenekin. «Aurrera goaz, bai behintzat ezagutzan, mapak ez baitu neurtzen erabilera».
Irudiak, mila hitzek baino errazago
«Euskal Herrian euskararen ezagutza nondik nora zihoan jakin nahi genuen», dio Urbiolak. «Jakin bagenekien euskararen egoera juridikoak bazuela eraginik hizkuntzaren ezagutzari dagokionez. Eta erakutsi nahi genuen euskararen presentzia eta ezagutza ez direla bakarrik eremu euskaldunekoak. Hori ikusaraztea zen gure asmoa». Horren argazkia da mapa, Urbiolak dioenez. «Eta, azken finean, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, esan ohi denez». Baita hizkuntza batez ari bagara ere. «Kolpe batean jasotzen da informazioa, ia zaplazteko bat balitz bezala».
Eremu euskaldunak argi ikusten dira, kolore nabarrez, orduan eta ilunago euskaraz ikasten duten ikasleen portzentajeak gora egin ahala, eta orduan eta argiago, aldiz, kopuru horrek behera egin ahala.
Irla argiago batzuk ikus daitezke, hala, maparen gunerik ilunenetan. Ermua, adibidez, Bizkaian; Ultzama, Lantz eta Erro, besteak beste, Nafarroan; Urduña Araban. Horiek dira eremu ilunagoaren erdian argiago ageri direnetako batzuk. Badira eremu argian ilunago ageri diren zenbait gune ere, ordea: Lizarra eta Ukar Nafarroan; Argantzun, Bastida eta Kanpezu Araban.
Hiruburuen kolorea
Deigarria da hiriburuen kolorea ere. Inguruko alderdiak baino kolore apalagoarekin ageri dira Donostia, Bilbo eta Gasteiz. Iruñea, berriz, inguruko guneen kolore berean ageri da, eta hori bera gertatzen da Donibane Garazin eta Maulen ere. Beste biak baino argiago dago Maule, eta zuri Baiona. Hau da, %0 eta %9 artekoa da Lapurdiko hiriburuan euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopurua.
Nabarmen egiten du argira koloreak Mendebaldetik Ekialdera ere, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira igarota. Kolpean. Euskaraz matrikulatutako ikasleak %75-100 dira Hondarribian, eta %10-24 Hendaian. %75-100 Orbaizetan, eta %25-49 Lekunberri, Ezterenzubi eta Eiheralarren. Ez da hainbesteko jauzirik, ordea, Baztandik (%75-100) Bidarrai, Baigorri, Banka, Aldude, Urepele, Lasara. %50-75 artean dabil Donibane Garazitik ekialderako alderdi horietan euskaraz ikasten duten ikasleen portzentajea. Ipar Euskal Herriko kopururik handiena da gune horretakoa.
Argira egiten du nabarmen koloreak kostaldetik barnealdera joz gero ere. Ilunago ageri dira Euskal Herriko Iparraldean diren guneak Nafarroako Hegoaldekoekin alderatuta.
Mapa antzinako itxura eman nahian atera dute, gainera, EKEkoak. Pergamino itxurako paperean inprimaturik eta kiribilduta. Xarma da arrazoia, Urbiolaren hitzetan. «Beste presentzia eta indar bat ematen dio horrek. Beste xarma bat». Irudia erakargarri egitea da helburua, azken finean; Urbiolak dioenez, testu bat irakurtzeak ahalegin bat eskatzen baitu, eta irudi bat ikusteak, aldiz, ia batere ez.
Koldo Zuazo.
Hizkuntzalaria«Euskalkiak berdinduz joango dira, baina ez dute zertan galdu»
I. Astiz.
IruñeaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
