2009-06-25
Euskal popaz (ez ipurdiaz)
A cappella
Fermin Etxegoien
Ondarrutar asko aspertuta dago kanpotarrok euren hiztegi zein deklinabide sistema miragarria modu ustez eta umoristikoan erabiltzeaz, badakit. Baina nola uko egin ipurdian esateko popin hitza eskaintzen digun berbeteari, are gehiago pop musika -euskal popa hain zuzen- existitzen ote den hizpide hartuko dudan zutabe honetan...
Josu Larrinaga adiskideak, zeinak euskal popan sinesten baitu (agian Sodupekoa delako, ja!) ikastaro bat antolatu du UEUn, zertaz eta euskal popaz. Nire hitzaldia azken eguneko azkena da, seguruenik Josu Larrinagak ondo dakielako nire aburuz euskal popa ez dela existitzen eta ezin dela existitu.
Zergatik? Erresistentzian bizi den Herrian bizi garelako, azalpena oso sinplea da. Erresistentzian dagoenak zaindu -maite duzun hori- eta gorde egin behar du, deitu tradizioa deitu hizkuntza. Nola izango gara mod -modernista- euskaraz abestuta, modernismoak berez baldin badakar tradizioarekin apurtzea? Horregatik gustatzen zaizkigu horrenbeste folka eta apur bat rock-and-rolla, doinu tradizionaletan oinarriturik daudelako eta hori «ona da», deitu gure subkontzientearen arabera deitu gure subkomandantearen arabera.
Gogora dezagun, ordea, zer agindu zioten beren buruari The Velvet Underground taldeko lagunek musika-edo egiten hasi zirenean: blues arrastorik eramango zuen ezer ez jotzea!
Hemen horregatik gustatu izan dira horrenbeste blues musikaren letania bukaezinak, jainko maitea, gainera askorentzat «musika onaren eredutzat» hartu izan da bluesa eta, oro har, amerikar musika beltzak.
Folka bere aldaera guztietan eta combat-rock-a modu berean ulertuta (ska, heavy, punk...). Gure herri musika modernoa «irauteaz» aritu izan da azken hamarkadetan, dela tradizioari atxikiz, dela borrokaren bitartez.
Baina popa, jaun-andreok, pop modernista guztiz kontrakoa da. Egia txikiez aritzen delako eta ondorioz... pequeño-burguesa da, ja! (La Buena Vida donostiarrak horren lekuko; ezin izendapen zirikatzaileagorik asmatu).
Bestalde, zutabe honetan ez noa ezer esatera «tradizioa eta modernitatea uztartuz» geuk asmatutako oximoron horri buruz, Oteiza sakonago irakurri beharko nuke eta.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
